Zelai erreka bertatik bertara ezagutu dute gazteek

Ataria 2016ko ekainaren 7a

Irudian, Uzturpe ikastolako ikasleak Ura Agentziako teknikarien azalpenak entzuten.

Ekainaren 5ean Nazioarteko Ingurumenaren Eguna ospatzen da mundu osoan, ingurumenaren inguruan kontzientzia eta ardura sortu eta ingurumenaren babesaren inguruan ekintzak sustatzeko.

Eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek, urtero, aldarrikapenarekin bat egin dute herritarrentzat ekimen ezberdinak antolatuz.

Ekainaren 1ean hasi zituzten ekimenak Tolosan. Bertan Tolosaldeko Eskola Agenda 21en barruan, Tolosaldeko VIII. Topaketak egin zituzten. Ordutik, Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Alegia eta Ibarran ere burutu dituzte ekimenak.

Ibarran, esaterako, aurtengoan Zelai errekari «garrantzia» eman nahi izan diote Ainhoa Alonso Ingurumen Teknikariaren esanetan. Horretarako, gaur,  Ura agentziako Aizpea Errastik eta Xabier Goienetxeak Uzturpe ikastolako DBH2ko ikasleei errekaren inguruko azalpenak eman dizkiete urte guztian ur agentziak Zelai errekan egiten dituen ekintzen inguruan; esaterako, landare inbaditzaileen ingurukoan egiten dituzten jarduerak.

Bestalde, erreka horretan gazteek udan bainua hartzeko duten ohitura dela eta, «bainurako gunea ez dela» azaldu diete «propietate biologikoak ez daudelako horretara egokituta».

Azkue auzoko guneaz gain, plaza inguruko errekaren bi paretak ere nola dauden aztertu dute, bi guneen arteko aldea konpara zezaten: «Ikus dezaten zer alde dagoen tratatzen den gune baten eta bestelakoaren artean».

Gazteek «interes handiarekin» jarraitu dituzte teknikarien azalpenak, eta galdera asko ere egin dizkiete.

HURRENGO EGUNETAKO DEIALDIAK

Aduna
Ekainak 9, osteguna. Etiketek hitz egiten dute hitzaldia, Kontsumobiderekin, kultur aretoan, 11:00etan.

Alegia

Ekainak 14, asteartea. Ibai garbiketa, DBH eta Gaztetxeko gazteekin.

Ibarra
Bihar, ekainak 8. Konposta banaketa San Bartolome plazan, 10:00etatik 12:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!