Fruitua jasotzeko lehenago erein egin behar

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 1a, 17:30

789 taldeak duela hiru urte abiatu zuen Ibarrako Piperraren Zikloa ekimena martxan, eta helburua herritarrek Ibarrako piperra "ezagutzea" eta "maitatzea" da; aurten lehen aldiz Gureak taldeko kideek ere parte hartu dute.

Hirugarren urtez jarraian, 789 taldeak Ibarrako Piperraren Zikloa ekimena jarri du martxan, eta Uzturpe Ikastolako DBH3 mailako ikasleek, eta aurten lehen aldiz, Gureak taldekoek, Ibarrako piperraren prozesua ezagutzeko lehen pausoa eman dute: landaketa. Hogeita hamar gazte inguru eta Gureak taldeko beste sei pertsona inguru izan dira piperraren historia eta Ibarrako piperraren jatorria ezagutzen, piperrak landatzen eta ondoren, Ibarrako piperrarekin egindako txistorra dastatzen. Irailean zikloaren amaiera ezagutuko dute eurak landatutako piperrak bilduz, eta ozpin potoetan sartuz.

Piperraren ziloa "barneratzen" saiatzen dira proiektu honekin, Ander Lizaso, 789 taldeko kidearen arabera. Historia ezagutaraziz ere, piperra "gertukoa" dutela erakutsi nahi diete gazteei. Joxe Mari Barriola, 789 taldeko kidearen esanetan Ibarrako piperra "gaztetatik maitatzen" erakutsi nahi diete.

Duela lau urte 789 taldearen proiektuarekin lanean hasi zirenean, konturatu ziren piperraren historia ez zela oso ezaguna, eurak ere "arazoak" izan baitzituzten informazio hori lortzeko eta hortaz bi arlo lantzea erabaki zuten: "Ibarrako piperra herriratzea eta munduratzea". Hain zuzen ere, herriratzearen arloan kokatzen da Ibarrako Uzturpe ikastolarekin duela hiru urte martxan jarri zuten Ibarrako Piperraren Zikloa proiektua. Helburua herritarrek "Ibarrako piperra zer den" ezagutzea eta "barneratzea" da Lizasoren esanetan: "Garai batean asko maitatzen eta lantzen zen produktua berriro maitatzea da asmoa, zeren iruditzen zaigu pixka bat galtzen joan dela".

Behin herrian hazia "ereinda" piperraren munduratzea "errazagoa" izango dela uste dute: "Munduratzean pauso txikiak ematen ditugu, lehenengo etxeko lanak egin behar direlako". Bide horretan azoka ezberdinetara joaten da 789 taldea "produktu desberdinak aurkeztera", eta "oso kontentu" daude produktu horiek jasotzen duten harrerarekin eta orain arteko emaitzarekin. Izan ere, orain arte Ibarrako piperra ozpinetan sartuta edo frijituta ezagutu izan da, baina horiez gain produktu desberdinak "sortu eta merkaturatzen" ari dira Barriolaren esanetan. Gaurkoan txistorra berdea eraman dute gazteengana; txistorraren osagai bertsuak dituena "baina, piper hautsa beharrean, guk zaporea Ibarrako piperrarekin lortu dugu eta kolorea algekin ematen diogu, zaporerik ematen ez dion klorofilarekin". Barriolaren esanetan "asko gustatu" da produktua: "Bizigarri puntu hori dauka, eta itxuraz harritu egiten da jendea, oso erakargarria da".

Txistor berdeaz gain, kalean daude: saltxitxa egosia Frankfurt erara, basurde burua, hanburgesa, saltxitxak, hestebeteak... Guztiak Ibarrako piperrarekin eginak. Aurrera begira ere, ez dira geldirik egongo 789 taldekoak, eta produktu berriak "lantzen" jarraitzeko asmoa dute, piperra "balorean jartzeko".

ESPERIENTZIA "OSO ONA"

Gaurko piperraren landaketako prozesua ezagutzen izan direnek gustura egin dituzte baratzeko lanak. Piperra gehiago ezagutzen zuenen bat izan arren, gehienentzat erabat berria zen gaur egindakoa. Eguzki Azkaratek, Ibarrako Uzturpe ikastolako ikasleak, esaterako, aipatu du "etxeko balkoian" landatu izan dituztela piperrak, baina gaur "pila bat" landatu dituztela eta "oso desberdina" dela azaldu digu. Proiektua, berriz, interesgarria iruditzen zaio, izan ere, Ibarrakoek herriko "tradizioa" den zerbait ikasi beharko luketela uste du.

Eguzki Etxartek eta Mara Odriozolak ere esperientzia "oso ona" izan dela diote, biek ez baitzuten behin ere piperrik landatu, eta piperraz ere ezer gutxi zekitenez, piperraren historia eta produktua gehiago ezagutzea positiboa dela uste dute.

Aipatu bezala, aurten lehen aldiz Gureak tailerrean lan egiten duten lau kidek ere parte hartu dute ekimenean. Jesus Mari Odriozola arduradunaren esanetan, Ibarran lan egiten dutenez, bertako "ohiturak ezagutzea" da euren asmoa, izan ere, bertakoak izan arren prozesua ez zuten ezagutzen. Gureak taldeak martxan duen Bidean proiektuan parte hartzen dute Ibarrara joan diren kideek, lau orduz tailerrean aritzen dira lanean eta beste lau orduz "trebetasun psikosozialak" lantzen dituzte. Gaurko ekimena "oso ondo" dagoela iruditu zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!