Begiak eta belarriak adi

Ataria 2016ko ekainaren 1a

Uzturpe ikastolako ikasleak egun batez protagonista bilakatu dira 'Tolosaldeko Ataria'-ko egoitzan. Bertatik bertara ezagutu dute kazetarien eguneroko jarduna eta irratian zuzenean aritu dira.

Asteak aurrera doaz eta ikastetxeek ere ikasturtearen amaiera geroz eta gertuago ikusten dute. Baina oraindik orain ikastaro eta irteeretarako tartea ere badute. Horien adibide dira Uzturpe ikastolako ikasleek ATARIA-ko lana ezagutu asmoz burutu dituzten bisitak.

Protagonistak LH2 eta LH5 mailetako neska-mutilak izan dira. Ikasiz erakutsi egitasmoaren bitartez tokian tokiko kazetarien eguneroko jardunari, egunkarien osaketari edota irratsaio baten zuzenekoari buruzko informazioa jaso dute.

LAU SAIO

Guztira lau egunetan izan dira ibartarrak TOLOSALDEKO ATARIA-n: apirilaren 29an, maiatzaren 6an, 13an eta 27an. Ostiraletan ireki dizkie bere ateak eta mikrofonoak Tolosaldeko komunikabideak informazio eske etorri diren gaztetxoei. Galderak luzatzeko lotsarik gabe eta jakinminez gerturatu dira ikasleak, mikrofono aurrean ere trebezia erakutsiz, nahiz eta ondoren biharamunean kazetari izateko prestutasun gutxi erakutsi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!