Herri bideen inbentarioa herritarrentzat ikusgai dago

Ataria 2016ko maiatzaren 31

Kontsultak edo alegazioak egin nahi dituzten herritarrek udalera jo beharko dute hitzordua eskatzeko

Ibarrako Udalak jakinarazi duenez Herri Bideen Inbentarioa gainbegiratu du, 2015eko azaroaren 13an egindako Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak berau egiteko lana Conchi Uriarteri esleitu ostean.

Hilabete hauetan zehar udalak informazio bilketa egin du eta 2016ko maiatzaren 12an egindako Osoko Bilkurak onartu zuen behin-behineko inbentarioa.

Behin osoko bilkuratik igarota, 2016ko maiatzaren 19an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu zuten, eta ondorioz, alegazio epea irekita dago maiatzaren 20tik kontatzen hasita, hilabete batez.

Gaiarekiko interesa duten herritarrek Ibarrako udaletxeko Ingurumen, Merkataritza eta Nekazaritza departamentuarekin harremanetan jarri beharko dute, eta bertan behin-behineko herri bideen inbentarioarekiko kontsulta edota alegazioak egiteko hitzordua hartu beharko dute.

Ibarrako Udaletik deialdia luzatu diete herritarrei euren zalantzak edo behar dituzten argibideak argitzera joateko gonbita eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!