Ibarrako jaietako diseinu eta bozeto lehiaketa abian

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 31a, 10:22

Irudian, iazko bozeto lehiaketako irabazleen marrazkiak. Ezkerrean, Gaizka Imazena eta eskuinean Luana Favrinena.

Jaietako esku-programaren azala eta marrazkiak aukeratzea izango dute helburu helduei eta haurrei zuzendutako lehiaketek.

Ibarrako Udalak 2016ko Ibarrako jaietako esku-programaren azala eta kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Bertan Ibarran bizi edota ikasten duten 15 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta gehienez bi lan aurkez daitezke. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du.

Lan guztietan Ibarrako jaiak 2016 testua azaldu behar du ondo nabarmenduta, eta horrez gain Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarri edo irudiren bat jaso beharko da. Gainera, generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria saihestu beharko da.

Paperean edo euskarri gogor batean aurkeztu behar da lana, 21x21 cm-ko tamainan. Horrez gain, formatu digitalean ere aurkeztu beharko da proiektua.

Lanak ekainaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira, 13:00ak baino lehen, kultur etxean. Aurkezten den lanarekin batera, kartazal itxi batean egilearen datuak sartu behar dira, eta kartazalaren kanpoaldean eta lanaren atzean goitizena jarriko dira.

BOZETO LEHIAKETA

2016ko jai egitaraurako bozeto lehiaketa ere antolatu du udalak. Helburua, aurkeztutako marrazkien artean jai-egitaraurako marrazkiak aukeratzea da. Gaia librea da baina, marrazkiek helburuarekiko zerikusia izan beharko dute.

Lanak aurkeztu ahal izango dituzte Ibarran bizi edo eta ikasten duten haur guztiek eta bi kategoria ezartzen dira: LH1-LH6 bitarteko ikasleak eta DBH1-DBH2 mailetako ikasleak.

Lana A4 neurrikoa izango da eta antolaketa bertikala izango du. Aurkeztutako lanek Sanbartolomeak 2016 testua eta Ibarrako armarria (edo eta berau jartzeko lekua) eduki beharko dituzte. Bozetoa gutun-azal itxian egilearen datuekin entregatuko da; lanak ez du izenik izan behar.

Lanak ekainaren 17a baino lehen Ibarrako Kultur Etxean entregatu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!