Garaiko belaunaldien bilgune izan nahi du Ertain Festak

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 19a, 10:59
Iurdian, deialdia egiten duen kartela ilustratzeko erabili duten garaiko argazkietako bat.

Larunbatean, maiatzaren 21ean, ospatuko den Ertain Festa belaunaldi batzuetako kideek sumatutako «hutsune» batetik sortu da eta jendea «elkartzea» du helburu nagusi

Pasatako garaiak hobeak izan zirenaren sentsazioa edo ustea izaten da maiz. Agian ez hobea izan zelakoan, baina pasatako garaiak oroituko dituzte larunbat honetan Ibarran, bertan ospatuko baitute Ertain Festa.

Ertain hitzarekin tarteko zerbaiti buruz ari direla adierazi nahi dute. Gazte festak, festak eta erretirodunen eguna izaten dira Ibarran, baina festaren antolatzaileek «hutsune» bat nabari zuten, «ez hain gazte eta ez hain zahar» sentitzen ziren belaunaldi horietako kideek. Horregatik, belaunaldi horiek elkartzeko asmotan, festa egun bat antolatzea erabaki zuten.

Lehen aldia izango da horrelako festa egun bat antolatzen dutena, eta «proba» moduan hartuko dute. Helburua, jendea «elkartzea» eta «ondo pasatzea» izango da; topaketa bat egitea, azken finean. Festa egunak jendeari «atentzioa eman diola» ikusi dute, eta aurten lehena izanik nolako erantzuna izango duen ez badakite ere, aurrera begira «finkatu» daitekeen festa bat izan daitekeela uste dute.

«ATEAK ZABALIK»

Ideia duela urtebete inguru sortu bazen ere, duela gutxi hasi ziren ideia hori gauzatzen. Antolakuntza lanei ekiteko «bilera ireki» bat deitu zuten, eta «belaunaldi ezberdinekin» hitz egin zuten. Egitaraua prestatzeko «auzolanean» egin dute lan.

Ertain Festa sortzeko ideia belaunaldi jakin batzuetatik sortu bazen ere, «ateak zabalik» dituen festa egun bat izango da larunbatekoa, adina, herria edo bestelako baldintzak albo batera utzita.

Hortaz, parte hartu nahi dutenek lehen hitzordua 12:00etan plazan izango dute. Hasieran, «libertimendua» egiteko asmoa zuten: «Donapaleun eta Baionan egiten duten kale antzerkia da. Urtean zehar herrian gertatu diren gauzak ikuspegi satiriko edo kritiko batekin antzezten dituzte». Ertain Festako antolatzaileen asmoa «garai hartako kontuak» antzerki bidez kontatzea zen poteo bat eginez, herrian zehar. Azkenean, denbora faltagatik antzerki itxura izango ez badu ere, plazatik abiatuko den poteoan gune jakin batzuetan «geldialditxo bat egin eta tertulia bat izateko» aprobetxatuko dute, garai zaharrak eta anekdotak gogoratuz.

Bazkaria Xepla elkartean egingo dute, eta bertan 70-80 lagunentzako bazkaria izango dute prest. Txartelak Zubiaurren, Atarin eta Sendi Ekintzan daude salgai, eta antolatzaileek kartelean aipatu bezala, langileek 2.000 pezeta eta langabetuek 1.166 pezeta ordaindu beharko dituzte; hau da, 12 eta 7 euro.

Bazkalosteko tertuliaren ondoren, batetik, Ibarrako Mus Txapelketa jokatuko da, 16:00etan, Sendi Ekintzan. Bestetik, plazan joko batzuk izango dira. Gauean, parranda egiteko aukera ez da faltako. Gaztetxean garaiko taldeen abestiak entzun ahal izango dira, testuinguruan erabat sartzeko.

Antolatzaileek, festan parte hartzen dutenei «garaiko arropekin» bertaratzeko gonbita egin diete, testuinguruan sartuta festaz gozatzeko.
 

ERTAIN FESTA

Maiatzak 21, larunbata

12:00. Kedada plazan eta Ibarratik bisita gidatua.

14:30. Bazkaria Xeplan.

Ondoren. Mus Txapelketa Sendi ekintzan eta jolasak plazan.

Gauean. Garaiko musika gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!