Maiatza iraultzen jarraitzeko egunak gaztetxean

Maier Ugartemendia 2016ko maiatzaren 19a

Irudian, bertso afari feministako kartela

Ibarrako Gazte Asanblada Maiatza Iraultzailea ospatzen ari da, eta horri lotuta asteburu honetan hainbat hitzordu izango dituzte.

Apirilaren 30ean hasi zuten Maiatza Iraultzailea Gazte Asanbladako kideek. Sisteman kapitalistarekin ez daudela bat adierazteko eta «alternatiba bat» mahiaren gainean jartzeko hilabetea izatea nahi zutela adierazi zuten orduan.

Azken asteetan izandako ekimenetan jendeak izandako erantzunarekin eta parte hartzearekin «oso gustura» daude: «Ibarratik eta ingurutik jendea hurbildu da ekitaldi ezberdinetara eta gustura gaude». Gainera, jendea gaztetxera gerturatzeko «ohitura» hartzen ari dela diote, eta gainera, bertan antolatzen diren ekimenetan parte hartzen dutela.

Bestalde, Maiatza Iraultzailean landu dituzten edukiekin ere «oso gustura» daude, «hausnarketarako eta eztabaidarako bidea» ematen ari direlako.

ASTEBURUKO HITZORDUAK

Asteburu honi begira ere ez da zereginik faltako. Batetik, bihar, ostirala, 21:00etan, bertso afari feminista izango da gaztetxean, Ane Labaka, Amaia Agirre eta Oihana Iguaran bertsolariekin. Aipatu txartelak gaztetxean edo Atari tabernan aurki daitezkeela; langileak 12 euroan eta langabetu eta ikasleek 8 euroan.

Larunbatean, 18:00etan, Elikadura burujabetza inguruko nekazariekin mahai ingurua izango da gaztetxean, eta bertan parte hartuko dute Aitzol Iturbe, Eneko Imaz eta Aitor Otaegi nekazariek. Azkenik, igandean, Ezkaba. Francoren espetxetik ihes handia dokumentala eskainiko dute gaztetxean, 18:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!