Errefuxiatuen erreskatean aritzen den kapitain australiarra Ibarran

Ataria 2016ko maiatzaren 11

Irudian, Madelein Habib kapitain australiarra.

Mugarik Gabeko Medikuen itsasontziko kapitaina da Madeleine Habib, eta ostiralean Ibarrako kultur etxean izango da, 11:00etan, erreskate operazioen berri ematen

Mugarik Gabeko Medikuak (MGM), Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Mediterraneo itsasoan salbamendurako erabiltzen duen itsasontzietako bat da, Dignity 1 itsasontzia. Bertako kapitaina da, berriz, Madeleine Habib. Kapitain australiarra ostiral honetan Ibarran izango da erreskate operazioetan bizitako esperientzien berri ematen, 11:00etan, kultur etxean. Hitzaldian erabiliko den hizkuntza ingelesa izango da.

Hain zuzen ere, Uzturpe ikastolak antolatutako ekitaldia izango da honakoa, baina gaiak sor lezakeen interesa dela eta herritar guztiei zabaldu diete deialdia. Ikastola errefuxiatuen krisia bete-betean aztertzen ari dela eta, kapitain australiarrak erreskate operazio hauen nondik norakoak azaltzeko proposamena egin zioten eta onartu egin du. Hortaz, Ibarran Mediterraneo itsasoan bizitzen ari diren egoeraren berri lehen pertsonan izateko aukera egongo da.

MGMren hiru itsasontzik osaturiko flotak 20.000 lagun atera zituen mediterraneoko uretatik 2015ean. Iragan apirilean ekin zion berriz erreskate operazioari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!