Berdintasun planeko helburu eta erronkak zehazteko bilerak egingo ditu udalak

Ataria 2016ko maiatzaren 6a

Ibarrako Udala Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko prozesua burutzen ari da, eta hurrengo bilerak  maiatzaren 10ean eta 13an izango dira, 18:30ean, kultur etxean.

Berdintasun planaren egitasmoa garatzeko lanak martxoan hasi zituzten, eta bi fase nagusi aurreikusten zituen orduan udalak: «Diagnostikoa eguneratzeko lehena (apirila bitartean) eta plana diseinatzeko bigarrena (maiatza-uztaila bitartean)».

Berdintasun plana garatzeko herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo zuen udalak, eta horregatik apirilean egin zituen lehen faseko lehen bilerak, errealitatearen berri izateko. Herritar guztiekin osatutako bilera izan zen lehena, eta gazteei bereziki zuzendutakoa bigarrena. Oraingoan ere horrela izango da.

Izan ere, plana osatzerakoan bigarren fasean daude, eta datozen lau urteetarako «helburu eta erronkak» zehaztu nahi dituzte. Horrez gain, plan berriak «eduki beharreko lan ildoez eta ekimenez» ere jardun nahi dute, eta horretarako beste bi bileretako hitzorduak jarriak dituzte jada.

Lehena herritar guztiei zabaldutakoa izango da, maiatzaren 10ean, asteartea, 18:30ean, kultur etxean. Bigarrena, gazteei bereziki zuzendutakoa, maiatzaren 13an, ostiralean, 18:30ean izango da, kultur etxean.
Udala herritar guztiak bilera horietan parte hartzeko deia egin diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!