Ehoziria talde lanean landuz

Maier Ugartemendia 2016ko api. 28a, 12:26

Ibarrako Ehoziri Taldea duela hamabi urte sortu zen, eta egun hamasei pertsonek osatzen dute; ehoziri lana ikasteaz gain, talde lana egiten dute eta topaketa ezberdinetan parte hartzen dute

Talde giro bikaina izateak lanerako edo ikasterako orduan asko laguntzen duela diote, eta Ibarrako Ehoziri Taldea ezagututakoan ere bertan aurki daitekeen giro ederrak laguntzen du ulertzen zergatik biltzen diren hainbeste pertsona, hainbeste urtetan ehoziriari buruz gehiago ikasteko prestutasun horrekin.

Asteartero biltzen da Ibarrako Ehoziri Taldea, kultur etxean, bi ordutako bi saiotan, Arantxa Gragirena irakaslearen laguntzarekin, nahiz eta guztiak elkarrekin eta batera ikasten saiatzen diren. Bi taldeen arteko txanda egiten dutenean, elkarrekin kafetxoa hartu eta egiten ari diren gauzen berri emateko edo besterik gabe kontu-kontari aritzeko aprobetxatzen dute.

EDOZEINEK IKASTEKOA

Duela hamabi urte inguru sortu zen Ibarrako Ehoziri Taldea, eta egun hamasei emakumek osatzen dute, gehienak «adinduak».

Gragiarena irakasle izan arren, taldean elkarri ematen dioten laguntza azpimarratzen du: «Bakoitza bere lanetan aritzen da, nik pixka bat laguntzen diet behar dutenean, eta gero elkarri lagunduz aritzen gara askotan».

Ehoziriarena ere oso ezaguna izan ez arren, mundu zabala da, eta Ibarran teknika mota ezberdinak lantzen dituzte. Gehienbat tortxona teknika erabiltzen dute, «hemengoa» dena. Baina teknika mota ezberdinak ere probatzen dituzte, norberaren nahiaren edo ahalaren arabera: errusiarra, cluny, mire ska, hardanger, kakorratza, gurutze puntua...

«Beti ikasten» joatea da helburua, eta horretarako teknika sinpleenetatik hasi eta «zailtzen» joaten direla dio Gragirenak.

Esaterako, bada aurten 80 urterekin ehoziri lana ikasten hasi dena, «hamasei urte zituela» egiten omen zuen ehoziri lana, eta teknika «oso ongi» hartu duela eta «pila bat hobetu» duela diote.

Hori guztia, lehen esan bezala «giro oso politarekin» egiten dute, eta «tertulian» aritzen dira ikasten ari diren bitartean. Era berean, «terapia» bezala ere baliagarria dela dio: «Badira pertsonak beraien burua gutxi baloratuz etorri direnak, eta orain urteekin ikusten duzu nolako aldaketa egin duen pertsona horrek».

Ehoziri lana egiteko, ehoziria «bogezkoa» izaten da, 10-12 zm ingurukoa. Haria «kotoizkoa» izaten da, eta horrez gain, tamaina ezberdinetako orratzak erabiltzen dira. Lana normalean eredu baten gainean egiten dute.

Gragirenak uste du «edozeinek» ikas dezakeela ehoziria egiten, horretarako «interesa» izatea eta etxean nahiz tailerretan «lan pixka bat» egitea nahikoa dela dio. Gainera, eskuetarako lan «oso ona» da.

TOPAKETETAN

Ibarrako Ehoziri Taldeak ehoziriaren inguruan egiten diren topaketa ezberdinetan parte hartzen du. Normalean Euskal Herrian antolatzen diren topaketetara joaten dira: Azkoitia, Lizarra, Bilbo... Eta duela aste batzuk, Miranda Ebroko topaketaraino ere iritsi ziren. Topaketa horietatik Santurtziko, Soraluzeko edo Azkoitiko taldeekin harreman handia sortu dutela diote. Urtean hiru edo lau irteera gutxienez egiten dituzte.

Topaketetan «momentu onak» pasatzen dituzte: «Egun hori guretzako izaten da». Beste taldeekin elkartu eta esperientziak partekatzeaz gain, eredu ezberdinak ezagutzeko edo materialak erosteko ere aprobetxatzen dute.

Bide batez, egiten duten lana zabaltzeko ere aprobetxatzen dute. Izan ere, ehoziriaren gaztelerazko izena 'bolillo' jende gehiagok ezagutzen badu ere, bada egiten dutena zer ote den galdetzen dienik ere. Hala ere, uste baino jende gehiago mugitzen duen afizioa da honakoa, Miranda Ebroko topaketan, esaterako 1.000 pertsona inguru bildu ziren, eta beste askotan 800 pertsona inguru biltzen direla diote.

Ehoziri Taldeak ere badaudela dio Gragirenak. Inguruan Tolosakoa edo Leitzakoa daude, esaterako.

Aurrera begira, ehoziri lanak jarraitzea «espero» du Gragirenak, «pena» litzatekeelako galtzea. Hala ere, gazte «gutxi» daude, eta hortaz, bai gazteei eta baita beste adinetako guztiei Ibarrako taldean izena ematera «animatu» nahi dituzte. Bertara joaten direnek ehoziri lana ikasteaz gain, bestelako gauza asko ere ikasiko baitituzte, eta oso garrantzitsuena dena talde bikain batekin egingo dute topo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!