Ibarrako Udaltzaingoaren sorrera onartu du Jaurlaritzak

Ataria 2016ko apirilaren 26a

Modu horretara, bide-zirkulazioaren zaintza hobetu nahi du Ibarrako Udalak. 

Eusko Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak, gaur bilduta, oniritzia eman dio Gipuzkoako Ibarran Udaltzaingoa sortzeari. 5.000 biztanle baino gutxiago dituen arren, martxan jartzeko premia aldarrikatu du bi aldiz Ibarrako Udalak, "herritarrei zerbitzu hobea eskaini nahi dielako, besteak beste, bide-zirkulazioaren zaintzan edo ingurumeneko nahiz hirigintzako arau-hausteetan". Onarpena emateko, Jaurlaritzak kontuan hartu du Segurtasun Sailak apirilaren hasieran emandako aldeko irizpena.

Pasa den martxoaren 17an, Ibarrako udalbatzak aho batez erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari herriko Udaltzaingoa sortzeko baimena eskatzea. Eskabidea, txosten teknikoa barne, bost egun geroago helarazi zion herriko alkateak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, eta horrek sorreraren aldeko txostena eman zuen apirilaren 7an.

Trafiko handia jasaten du Ibarrak, eta hori da bertako Udaltzaingoa sortzeko arrazoi nagusia, Udalak egindako txostenak jasotakoaren arabera: «Trafiko arloko eskumena berreskuratuta, beharrezkoa da hiriguneko trafikoa ordenatzea, seinaleztatzea eta bideratzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera». Bereziki eskola inguruetan egingo dituzte lan horiek. Horrez gain, beste betebehar batzuk izango dituzte, hala nola, hirigintzako edota ingurumeneko arauak betearaztea, kontrolatzea eta, behar izanez gero, zehapen-espedienteak abiaraztea.

Horiek guztiak hartu zituen kontuan Segurtasun Sailak aldeko iritzia emateko, eta gauza bera egin du gaur gobernu-kontseiluak, Ibarrako Udaltzaingoaren sorrera baimentzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!