EAJk EH Bildurekin "atez ateko sistema kentzeko" elkarrizketa bidea hasi nahi du

Ataria 2016ko api. 19a, 20:00

Akordio bat lortzea du helburu alderdi jeltzaleak, eta horretarako hurrengo bilera maiatzean burutuko dutela jakinarazi dute.

Ibarrako EAJk prentsa ohar bidez jakinarazi du "atez ateko sistema kentzeko" elkarrizketa bidea lantzen hasi dela gobernuan dagoen EH Bildu koalizioarekin. Hain zuzen ere, atez atekoa kentzeko nahia berretsi du Itziar Jauregik, talde jeltzaleko bozeramaileak ohar horretan: "Aurreko udal hauteskundeetan konpromezua hartu genuen atez atekotik edukiontzien bidezko sistemara pasatzeko eta, oposizioan egonik ere, lanerako gure konpromezua berresten dugu Ibarran ere atez atekoa kentzeko”.

Bide horretan, EAJk EH Bilduri biltzeko eskaera egin zuela eta eskaera hartatik sortutako lehen bilera egin dutela jakinarazi dute. Topaketa horretan bi aldeen arteko "borondate ona" egon dela jakinarazi du Jauregik, eta bide horretan jarraituta "herriko sentsibilitate ezberdinen artean akordioa" lortzea helburu dutela ere esan dute. Adibide moduan, Amasa-Villabonan lortutako akordioa jarri dute.  

Birziklapen maila altua lortzearekin ados daudela, baina hori "herritarrei erraztasunak ematen dizkien eta erosoa den sistema baten bidez" egin daitekeela diote. Gauzak honela, "sistema ezberdinak" aztertzeko prest daudela ere adierazi dute, edukiontzien sistema adibide bezala jarrita: "Edukiontzien bidezko sistemekin ere lortu direla birziklatze maila oso altuak, Arrasaten esaterako".

Hurrengo bilera maiatzean egingo dela aurreratu du alderdi jeltzaleak eta bertan "hurbiltze handiagoa" lortzea espero dute, helburu duten "atez ateko sistema kentzeko" helburua lortze bidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!