Ezer ez delako berdina izaten

Maier Ugartemendia 2016ko api. 1a, 11:11

Apirilaren 8an, herriko plazan, Gazte Festak antolatzeko bileran parte hartzeko dei egin diete herriko gazte guztiei

Udaberriaren etorrerarekin batera, herrietan festa usaina nabaritzen hasia da, eta Ibarran ere ospatzen dituzten lehen festei begira daude jada: Gazte Festak.

«Zu gabe ezer ez da berdin» edo «ta ezer ez da berdin» leloak dituzten gazte festetako kartelak ikusi dira azken asteetan Ibarrako kaleetan, eta hain zuzen ere, Ibarrako Gazte Asanbladak gazte festei lotuta abiatutako aurre kanpainaren barruan koka daitezke. Herritarrengan «kezka eta jakin mina» sortu ditu kanpainak, eta honen helburu eta zergatia azaldu nahi izan du asanbladak ohar baten bidez.

«Nostalgia» puntu batekin, eta aipatutako leloarekin bat eginez, hainbat kartel eta argazki zahar biltzeari ekin zioten gazteek. Horietako zenbait bideo batean bildu dituzte.

Gauzak honela, antolakuntzaren inguruko hausnarketa egin, eta «pauso bat aurrera» ematea erabaki zuten, izan ere, gazte festetako antolakuntzan parte hartzea «Ibarrako gazte guztien betebeharra» dela uste dute: «Benetan gazteok gazteontzat antolatutako festak nahi baditugu behintzat».

«Eraikitzen hasteko hautua»

Gazteentzat garai «gozoak» ez direla eta, gazteen egoeraren kritika egiten du Ibarrako Gazte Asanbladak bere hausnarketan: «Sistema kapitalistak egunero jartzen dizkigun oztopoei aurre egitera kondenatuta gaude. Langabezian gaude edo epe motzerako eta lan baldintza kaxkarreko enpleguak ditugu. Gurasoen etxean bizitzera kondenatuak gaude edo alokairu ordain ezinak irentsi behar ditugu. Ikasketak aurrera atera ahal izateko mota guztiko enpleguak onartzera behartuak gaude edo familiako ekonomiaren menpekoak gara».

Horregatik, inork gauzak eurengatik egingo ote dituen zain egoteaz «nazkatuta» daudela eta euren kabuz «gauzak eraikitzen hasteko hautua» egin dutela adierazi dute, eta gauza horien artean kokatzen da Gazte Festetako antolakuntza ere.

Gauzak honela, Ibarrako gazte guztiak apirilaren 8an, ostirala, 18:00etan, herriko plazan, egingo den bileran parte hartzera «gonbidatu» dituzte: «Ideia eta burutazio guztiak elkarbanatuz osatuko ditugulako gazteok gazteontzat festak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!