«Emakumeek arlo guztietan egindako lana kontutan hartu dugu»

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 31a, 11:40

Mikel Ozaita ibartarrak Maialen Apezetxearekin batera 1939-1975 bitarteko Hernaniko emakume langileen historia bildu du 'Ilunpetik argitara' liburuan

Hernaniko Udalaren Berdintasun Sailak emanadako beka bati esker Ilunpetik argitara lana argitaratu berri du Maialen Apezetxearekin batera Mikel Ozaita ibartarrak. Ikerketa antropologiko luzeago baten emaitza dibulgatiboa da liburua.

Zer aurki genezake zuen lanean?

Hernaniko emakumeen lana biltzen saiatu gara ikuspegi zabal batetik, lan produktibo eta erreproduktiboa biltzen duena. Frankismo garaian kokatu dugu eta argazkietan oinarritu gara lan antropologiko hau egiteko. Ikerketa hori laburtu eta emaitza bezala liburua atera da.

Lan osoa Hernaniko Udalaren esku egongo da.

Lana Hernaniko artxiboan gordeko da, baita berdintasun sailean ere. Lanaren zabalpenerako liburu hau argitaratu dugu.

Nolako prozesua izan da argazkietan oinarrituta, emakume horien istorioa kontatzea?

Lan esparruan argazkiak izatea zaila izaten da gaur egun, eta garai hartan zer esanik ez. Kamera ez zegoen guztien esku, aldiz, gaur egun edozeinek bere mugikorrean kamera bat dauka. Garai hartan boteredunek zuten instrumentu bat zen, eta boterea legitimatzeko erabiltzen zuten; langile klaseak ez zuen kamera bat eskuragarri. Argazkiak batez ere album familiarretatik bildu ditugu, zeren Hernaniko artxiboan ez zegoen gauza handirik eta Kutxako fototekan ezta ere. Hernaniko emakumeen etxez etxe joan gara, eta eskaner bat eta mugikor bat hartuta euren albun familiarrak arakatu ditugu; horiek dira gero baliatu ditugunak.

Historia horiek ilunpetik argitara ateratzeko beharrezkoak izan dituzue emakumeen testigantzak.

Azkenean salda hiru osagaiekin osatu dugu. Batetik, ordura arte ikuspegi feministaren inguruan, antropologia feministaren inguruan, frankismoaren garaiaren inguruan edo lan eremuaren inguruan bildu den bibliografia guztia landu dugu. Beste lan bat hemeretzi emakumeei egindako elkarrizketak izan dira. Eta azkenik, baserri eremuan talde misto batekin eztabaida talde bat egin dugu. Beste alde batetik, argazkiak bildu ditugu, eta beste hiru osagai horiekin saiatu gara ikerketaren oinarria egiten.

Perfil ezberdinetako emakumeen testigantzak biltzen saiatuko zineten, ezta?

Azken batean gu lana ikuspegi zabal batetik hartzen saiatu gara, ikuspegi feminista txertatuz. Horrek esan nahi du lan produktibo eta erreproduktibo guztiak kontutan hartzea, hau da, enplegua edo lan ordainduaz gain, bestelako lan guztiak ere bai: zaintza lanak, etxekoak edo dena delakoak. Saiatu gara lana bost arlo ezberdinetan banatzen: industria, baserria, etxea, ostalaritza eta komertzioa. Alor ezberdin horietan bizipenak bildu ditugu eta marko teoriko batekin osatu dugu.

Makina bat bizipen entzun izango dituzue. Geratu al zaizu baten bat bereziki gogoan?

Lan honekin emakumeengana joan garenean 'zertara zatoz niregana, lanik ez dut egin eta' izan da entzun izan dugun lehenengoa. Gero ikusi dugu sekulako lan pila egin dutela, aisialdirik ia ez dutela izan; aisialdia izateko aitzakia bat behar zuten, demagun etxe batean auzotarrak geratzen zirela josteko aitzakian, eta txokolate baten bueltan tertulian aritu, baina josten ari ziren bitartean. Ikusi dugu sekulako lan pila egin dituztela eremu guztietan. Adibidez, industrian beste guztiek bezala lan egiten zuten. Kontua da frankismopean zegoen sistema kapitalistak debekatuta zuela emakumeak behin ezkonduz gero fabrikan jarraitzea, hezkuntza profesionaletik ere kanporatuta zeuden edo bigarren mailako pertsonak ziren familian bertan ere. Azken batean, emakumeak etxean eta barrura begira aritu dira lanean, eta sekulako lana egin dute arlo pribatuari lotuta, arlo publikoa gizonezkoen esku egon da. Garai hartako egoera gaur egun ere erreproduzitzen da edo garai hartako egoerak gaur egun ere eragina dauka.

Egoera hori Euskal Herri guztian errepikatuko zen, ezta?

Hernaniko egoera ez da Hernanin bakarrik gertatzen, Euskal Herriko beste eremuetara ere zabaldu genezake. Azken batean, frankismo garaian historia guztian eman den aldaketarik nagusiena eman da. Adibidez, Hernani demografikoki lau bider handitu zen, industrializazio prozesu bat eman zen, kanpotik jende asko etorri zen, euskal kultura eta euskara debekatuta zeuden... Sekulako aldaketak eman ziren eta generazio horrek bizi izan zituen, eta katebegi horren testigantza jasotzea garrantzitsua da. Gu Hernanin zentratu baldin bagara ere, marko teoriko horrek balioko luke beste tokietarako, eta bizipenak ere berdintsuak izango lirateke.

Egungo egoerarekin konparaketa egitea ezin izango da saihestu, ezta?

Gauza batzuk aldatu dira eta beste batzuk ez hainbeste. 1939-1975eko aldi hori, bi alditan banatu dugu guk, eta bat izango litzateke gerra ondorenaren eta miseriaren testuinguruan, frankismoak jazarpen ideologiko hori egin zuenetik abiatutakoa. Eta bigarren aldian, herri hau esnatzen hasten da, langileria borrokan hasten da, erresistentzia kultural eta politikoa... Askatasun gose horrek frankismoak jarri zituen oinarriak aldatu zituen. Ikusten dugu emakumeen eskubideen borrokak gorabeherak izaten dituela eta behar bada duela 30 urte borroka puriagoan zegoela edo orain ikusten dugula zapalketa horiek erreproduzitzen direla. Horrek esan nahi du helduek edo gobernatzen dutenek sistema patriarkalaren baitan, berriro erreproduzitzen dutela genero sistema.

Behin lana argitaratuta zer nolako sentsazioak jaso dituzue?

Beldur pixka batekin geunden, zeren hemen gauza pertsonalak ere agertzen dira, eta saiatu gara emakume horiei fikzioko izen bat jartzen, beraien testigantzak ahalik eta zuzenenak izan zitezen. Bi aurkezpen egin ditugu, bata, Hernaniko udaletxean eta bestea, Ereñozu auzoan. Liburu hau emakume langileei orokorrean eta garai hartako emakume langileei omenaldi bat bezala ikusten dugu, eta beraiek ikusten dute behar bada beraiek egindako lan guztiari, eta oro har emakume langileei egindakoari, omenaldia egitea edo behintzat kontutan hartzea dela. Beraien familiartekoak ere eskertuta daude lan honekin.

Eta gazteagoak?

Pentsatzen dut baietz. Guk aurkezpenak egin ditugu, baina orain irakurri egin behar da. Nahi duenari gonbidapena egiten diot irakurtzeko, eta bestalde, deialdi bat egin nahiko nieke Tolosaldeko udalei, ikerlari gazteentzat horrelako bekak ateratzea lagungarri zaigula esateko. Bestalde, guri emakumeek arlo guztietan egindako lana kontutan hartzeko baliagarri egin zaigu, eta uste dugu Hernaniko herriari ere baliagarria egin zaiola. Beraz, emakumeek bizitza sozialean egindako lana ikusaraztea eta balioan jartzea garrantzitsua da. Azkenean, galtzaileen historia galtzaileek egin behar dute eta historia ofizialetatik kanporatuta daude emakumeak eta langileak bereziki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!