Aisialdi autonomoago baten bila

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 30a, 08:00

Irudian, Mikel Zurutuza eta Itsaso Perez Gazte Zulo gaztelekuko hezitzaileak

Duela hilabete batzuetatik Ibarrako haur, nerabe eta gazteek topaleku berri bat dute; Gazte Zulo gaztelekua, euren aisialdia «antolatzeko eta sortzeko» aukera ematen dieten espazio bat dute bertan.

Autonomoak izaten eta euren kabuz nolako aisia nahi duten, eta horretarako zer egin behar duten erakusten saiatzen dira Itsaso Perez eta Mikel Zurutuza Ibarrako Gazte Zulo gaztelekuko hezitzaileak, bertara joaten diren haur eta nerabeei.

Gaztelekua sortu aurretik, iazko maiatzetik uda bitarte, Ibarrako Udalaren ekimenez Gaztematika diagnosia egin zuten Perezek eta Zurutuzak 0-30 urte bitarteko ibartarren «beharrak aztertzeko» asmoz. Behar «handiena» nerabeek zutela ikusita, irailean nerabeei zerbitzua eskaintzen hasi ziren gaztelekuan, zerbitzuarekiko lotura sortzea zailagoa izan zitekeela aurreikusita. Gabonetatik egun arte haur eta nerabeekin egiten dute lan.

Gaztelekuaren helburua ez da soilik haur eta nerabeen jolasleku bat izatea. Helburua, haur eta nerabeek «beraien interesak eta nahiak adieraztea» da, eta nahi duten aisialdi hori «antolatzeko eta sortzeko» gai izatea. Helburu hori lortzeko bidean ari dira lanean egunero, eta hori izan da hasieratik landu duten filosofia: «Gaztelekua gazteekin batera txukundu genuen eta beraiek erabaki zuten zer gauza egongo ziren». Orain arte haur eta nerabeek dena eginda jasotzearen txipa sartuta dutela diote Perez eta Zurutuzak, baina beraiek haur eta gazteek «zer eta nola kontsumitu nahi duten» eta horretarako zer «produzitu» behar duten konturatzea nahi dute.

Hala ere, hilabete hauetan sumatzen joan diren «behar eta nahien» arabera jarduerak eta asmoak egokitzen joan dira, izan ere, prozesua «behin ere» ez dagoela amaituta, eta «irekia» dela diote hezitzaileek. Eta erabiltzaileak ere dinamika horretara egokitzen ari direla diote.

HARRERA BIKAINA

Hilabete hauetako lanaren eta esperientziaren ondoren, balorazio «oso positiboa» egiten dute: «Erabiltzaile pila bat dauzkagu, aktiboak dira, mugitzen dira, proposamenak ondo jasotzen dituzte, beraiek ere proposamenak egiten dizkigute...»

Erantzuna espero baino hobea ere izan da; txikienek esku zabalik jasoko zituztenaren esperantza bazuten, baina nerabeengandik jasotako harrera hain ona izatea «ezustekoa» izan dela onartzen dute. Ordutegi eta egutegi zabalagoa ere eskatzen diete, eta ordua baino lehen atean izaten dituzte zain.

Hutsune bakarra zaharrenekin sumatzen dute (17 urte bitartekoentzat da zerbitzua). Asmoa helduenek izan zitzaketen galdera eta zalantzak argitzea zen, baina horretarako «konfiantza gehiago» behar dela diote, eta prozesu hori ez da burutzen gaztelekura joaten ez badira. Aurrera begira, egun nerabeak diren eta gaztelekura joateko ohitura duten gazteekin helburu hori lortzea errazagoa izango delakoan daude.
Edonola ere, haur eta gazteek gaztelekuko espazioa «oso beraiena» sentitzen dute eta «oso gustura» sentitzen dira.

EZBERDINEN TOPALEKU

Gazte Zulo gaztelekua 6-17 urte bitarteko haur eta nerabeen topaleku da, eta erabiltzaile asko biltzen ditu. Guzti hori dinamizatzea ez da lan erraza, eta hezitzaileen esanetan hasieran nerabeekin soilik funtzionatzen zuenean alde horretatik «errazagoa» zen kopuru txikiagotan biltzen baitziren bertan eta errazago lortzen zuten guztiekin komunikatzea. Txikienek ere arreta handiagoa eskatzen dutenez dinamizazio hori ondo egitea zailagoa dela uste dute.

Hala ere, jada funtzionatzeko modua nahikoa finkatuta dute. Egutegi batean «hiru hilabeteko ekintza guztiak» antolatzen dituzte. Baina, proposamena «oso irekia» izaten da. Adibidez, pasa den asteburuan kamisetak margotzeko asmoa zuten, baina gazteek ez zuten nahi eta beste egun baterako utzi zuten proposamena. Batzuetan arratsalde baterako aurreikusitako ekintza luzatu egiten zaie egun ezberdinetan burutuz, edo alderantziz ere gerta liteke.

Asteazken eta ostegunetan 6-8 eta 9-11 urte bitarteko haurrentzat ezarriak dituzte ordutegiak, 16:30etik 18:00etara lehenak eta 18:00etatik 19:30era bigarrenak. 12-17 urte bitarteko nerabeak ostiral eta larunbatetan dute euren ordutegia 16:30etik 19:30era. Horrela banatu zuten, nerabeek aste barrua okupatuta izaten dutelako eta eurentzat zaila delako gaztelekura joateko aukera izatea. Txikienentzat aste barruan joatea «orokorrean errazagoa» dela uste dute. Gaztelekuan burutzen dituzten ekintza guztiak gazteekin erabakitzen saiatzen dira, «batzuk gehiago eta besteak gutxiago» inplikatzen direla diote, baina gutxienez erabakien parte sentiarazten saiatzen dira, eta gainera «proposamenak» egiten dituztela diote.

GUZTIAK ELKARREKIN IKASTEN

Festa eta ospakizun bereziak egin izan dituzte hilabete hauetan gaztelekuan. Esaterako, lokalaren izena aukeratzeko «hauteskundeak» izan zituzten. Gazteek egin zituzten proposamen ezberdinak, bozkatu, eta ordutik Gazte Zulo du izena gaztelekuak. Egun horretan ere «parte hartze handia» izan zen.
Hallowen jaia ere ospatu zuten. Lokala «beldurgarri» dekoratu zuten, mozorrotu egin ziren  eta zaharrenek gazteagoei «beldurraren pasadizoa» prestatu zieten. Aste Santuan ere arrautzak margotzeko aprobetxatuko dute... Hau da, edozein aitzakia izaten dute ona ospakizun desberdin bat egiteko, eta mozorrotzea eta margotzea «edozein» egunetan ondo datorkie gazteei, asko gustatzen zaielako.

Baina, ondo pasatzeaz gain, ikasteko ere aprobetxatzen dute. Esaterako, gazteek eskatuta sexualitate tailerra edo lehen sorospen tailerra ere egin dituzte. Euren «interesak» adierazten dizkiete hezitzaileei. Neguko hilabeteen ondoren, eguraldi onaren zain daude, kanpo ekintzak egiteko. Orain arte, esaterako, slackline egitera atera izan dira, baina irteera gehiago egitea gustatuko litzaieke.

AURRERA BEGIRAKO ASMOAK

Hilabete hauetako guztietako esperientziaren ondoren, erabiltzaile eta hezitzaileen artean harreman berezia sortu da. Perez eta Zurutuzaren ustez ez dituzte «autoritate» bezala ikusten, eta batez ere nerabeek «bilatu» egiten dituzte.

Aurrera begira, haur eta nerabeak «gero eta autonomoagoak» izatea gustatuko litzaieke hezitzaileei: «Beraien aisialdiaren inguruan erabakitzen hastea». Azken finean, haur eta gazteak izatea, «beraiek proposatu eta produzitzen dutenak». Hezitzaileek baliabideak eman eta eurak «kudeatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!