Ibarratik Misio Taldeak 2016ko proiektuen berri emango du

Ataria 2016ko martxoaren 14a

Irudian, Flor Maria eta Belgica, Ekuadorreko Kristau elkarteko arduradunak, asteazkenean Ibarratik Misio Taldearen batzarrean egongo direnak

Asteazkenean, martxoaren 16an, egingo duten batzarrean izango dira Ekuadorretik etorritako Kristau Elkarteko bi ordezkari, bertako proiektuen berri emateko

Martxoaren 19aren bueltan, hau da, San Jose egunaren inguruan urtero egiten du batzarra Ibarratik Misio Taldeak. 2016an elkarteak misioak dituen hiru herrialdeetan garatuko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte batzar horretan. Aipatu bezala, martxoaren 16an, asteazkenean, izango da 19:00etan, Parrokiko lokaletan.

Bertan Indian, Ekuadorren eta Hondurasen aurrera eramaten ari diren garapenerako proiektuen berri emango da eta aurtengo erronkei buruz ere hitz egingo da. Gainera, proiektuak bertatik bertara jarraitzen ari diren pertsonen testigantzak ere jasoko dituzte. Batetik, Ibarran izango dira Ekuadorreko, Santa Rosatik, etorritako Hegoaldeko ahotsen ordezkariak, Flor Maria eta Belgika. Biak Santa Rosako Kristau Elkartearen arduradunak dira; Flor Maria Kooperatibako arduraduna eta Belgica Parrokiko ekipoko arduraduna. Aipatutako Kristau elkarte horretako erretorea da, hain zuzen ere, Jose Mari Garmendia 'Txamo' apaiza ibartarra, duela hogei urtetik.

Bestalde, Ibarran izango ez den arren, telefonoz Honduraseko, Teguzigalpako, Aldea Suyapa Berriko Oscar Menbreñorekin telefonoz hitz egiteko aukera ere izango da batzarrean. Hango egoeraren berri emango duelarik, zuzen-zuzenean.

Hortaz, misio taldeak batzar horretarako joateko gonbidapena luzatu du.

LAGUNTZARIK GABE EZIN AMESTU

Ibarratik Misio Taldeak jakinarazi du "paregabeko" erantzuna jasotzen ari direla, euren proiektuak aurrera eramateko. Batetik laguntza instituzionalaren edo proiektuen bitartez: Ibarrako Udalaren laguntza, Ibarrako azokan eta Merkatu Solidarioan lortutakoa, Laskorain ikastolaren merkatu txikitik lortutako ekarpena, Orona Kooperatiba elkartearen ekarpena...

Baina, herritarren eta merkatarien aldetik jasotzen duten laguntza ere beharrezkoa eta garrantzitsua da eurentzat: eskuz emandako eskupekoak, 150 familiak aitabitxi edo amabitxi izateko hartutako konpromisoa, hainbat enpresen doako kolaborazioa, Ibarrako hainbat denda eta baratzetatik lortutako doako produktuak...

Eta horretaz guztiaz gain, baita Ibarratik Misio Taldean lan egiten dutenen borondatezko lana ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!