Herria oinezkoentzat erosoa izan dadin lanean ari da Ibarrako Udala

Maier Ugartemendia 2016ko martxoaren 10a

Irudian, plaza ondoan egiten ari diren lanak

Irisgarritasunari lotutako bi lan egingo ditu Ibarrako Udalak datozen asteetan; plazan dagoen zubian hasi dituzte lanak eta anbulatorio ondoan laster ekingo diete

Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko asmoz bi lan egingo ditu Ibarrako Udalak datozen asteetan; jada lan horiek hasi dituzte plazarako irteeran, zubi ondoan, eta datozen asteetan anbulatorio inguruan egingo dituzte lanak.

Oinezkoentzako «egokitzeko beharra» zeukaten bi eremu horiek identifikatuak zituzten Mikel Agirrezabala alkatearen esanetan. Plazako irteeran, esaterako, irisgarritasuna «hobetzeko» espaloia handitu eta oinezkoentzat bihurtzea, oinezkoa «lehenetsiz» eta ezinduen beharrei erantzunez. Bestalde, plazarako sarrera-irteeran dagoen zubian «arrisku puntu bat» dagoela ikusi dute, zati batean «40 zentimetrotakoa» baita zubiko horma. Horregatik, bertan legeak eskatu bezala 90 zentimetrotako baranda bat jarriko dute. Estetikoki «itsustu» egingo duela uste du Agirrezabalak, baina arriskua kontuan izanda «neurriak» hartzea erabaki dute.

Beste eremua anbulatorioa eta Ezeizaenea baserriaren artean kokatzen da. Bertan zebra bide bat kokatuko dute, eta espaloietako koska kendu eta berdinduz.

Plaza ondoko lanek «pare bat» asteko iraupena izatea aurreikusten dute, eta anbulatorio ondokoak «aste eta erdikoa». Kostuari dagokionez, lehena 11.400 euro inguru kostako da eta bigarrena 8.274 euro.

IRISGARRITASUN OSOA JOMUGA

Apirila aldean, Ibilbide Osasuntsuak ekimena martxan jartzeko asmoa du udalak eta horren harira herrian irisgarritasunari lotuta suerta daitezkeen arazoak identifikatuko dituzte, baina, «urtero-urtero» beharra ikusi duten lekuetan udalak aldaketak egin ditu.

Herritar guztiek herria «erosoagoa» izatea nahi dutela uste du Agirrezabalak eta udalean «horretan gabiltza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!