Une gogorrenetan ere omenaldia

Asier Imaz 2016ko mar. 9a, 12:14

Unai Otaño aizkolari ibartarrak aizkora utzi du, lesioagatik. Herritarrek, martxoaren 12an, larunbatean, omenaldia egingo diote. Herri kirolez gain, afaria antolatu dute Xepla Elkartean.

Bi lagun hizketan hasten direnean, kazetaria soberan da. Ez du elkarrizketa naturalagorik lortuko. Hoberena, beraz, Unai Otaño Orieta-ren eta Joseba Iturrioz Txantxan-en arteko hizketaldia kontatzea izango da.


Izaskungo Orieta baserrian, martxoaren 12ko omenaldiaren inguruan hitz egiteko elkartu ziren bi ibartarrak.


Txantxan: Zenbat urte aizkoran hasi hintzela?
Orieta: 17-18 urterekin hasi ninduan. Gero lanarengatik bost edo sei urte geldirik pasa nitian; 21-27 tarte hori. Gero jokatu nion Mindegiaren zerari… 27 urterekin.
Txantxan: Lasarekin?
Orieta: Ez. Aurreko urtean. Berriz hasi eta berehala. Mindegiaren ilobari, Mikelen ilobari, Donezteben. Egin nian aurreneko apustua izan zuan. Gogoratzen nauk gainera Ibarratik gazte asko mugitu zuala. Plazara sartu eta horrelako zerbait sentitu nian barruan. Orduan Xabier Mindegia modako aizkolaria zuan. Donatorekin binakakoan... Hari jokatu behar omen zitzaion, eta horrelaxe egin genian.
Txantxan: Bestea ere polita izan zuan.
Orieta: Olasagastirena. Hurrengo urtean. Giro latza egon zuan.
Txantxan: Jende asko.
Orieta: 700-800 bat? Jende gehiegi ere ez zuan izan.
Txantxan: Zutikakoaz gogoratzen nauk.
Orieta: Sekula ibili gabe gintuan zutikakoan. Orduan urrezko aizkolarien txapelketarik ez zegoan, eta han egin genian lehen aldiz. Gogoratzen nauk, Alkizan lanean ari ninduala entzun nian irratian Olasagasti: «Segundan bi baldin bazeudek» esanaz. Hark biren aurka jokatu nahi zian. Nik Lasari esan nion. Aizkoran hasi berria zuan Lasa. «Urtebete aizkoran eta orain apustua?», izan zituan bere lehen hitzak.  Baina gero, berarengatik arazorik ez zegoela eta, «jokatu egingo diagu».
Txantxan: Eta irabazi.
Orieta: Jendeak esaten zian zer eginik ez geniala, baina bai, irabazi. Nik uste gakoa zutikakoan egon zuala, baina jokoa ixterakoan. Olasagastik nahi zian batek bat ebaki, eta bukatutakoan besteak bestea egitea. Zutika inoiz ibili gabe egon eta gainera horrela? Ez, guk txanda librean eskatzen genian, eta azkenean horrela atera zuan jokoa. Azaleko lanak Lasak egin zitian, eta nik barrukoak. Eta hor irabazi genian apustua.  
Txantxan: Harritzeko moduan ibili zineten zutika. Batera entrenatzen al zenuten, hemen?
Orieta: Bai, batera. Nik lehen apustua prestatzeko Iruntxiberri hartu nian, baina Lasa Nemesio Arregi errezildarrarekin ari zuala eta bigarren jokoa harekin egitea erabaki genian. Iruntxiberriri esan nionean berarekin ez niala kontatzen, nabaritu nion ez zitzaiola gustatu. Eta alde batetik ulertzen diat. Baina hala izan zuan. Gaizki ez genian bukatu, eta orain ikusten gaituanean hitz egiten diagu eta ondo. Iruntxiberri batez ere beroketa kontuetan duk oso ona.
Txantxan: Nemesiokin ondo?
Orieta: Nik uste aizkoran lortu diadan guztia Nemesiorengatik izan dukela. Gogorra duk, baina nire estilora ondo egokitzen den entrenatzailea zuan. Aizkorak zorrozten, prestatzen..., denean duk oso ona. Aizkoran nola egin ere asko ikasi nian.  
Txantxan: Eta orduan errekuperatzen eta ondo?
Orieta: Izugarri ondo. Orduan ez ninduan nekatzen. Obran 9 ordu egin, etxera etorri, eta 75 minutu airean egiten nitian aizkoran. Eta hurrengo egunean nekerik ez. Txapelketak prestatzeko ez diat sekulan lanik utzi. Azken astea hartzen nian, baina goizez lanera joaten ninduan, eta arratsaldez entrenatu. Kristoren aizkora eskearekin bizi ninduan; 31-34 urte inguru horietan. Gero hasi ninduan failatzen, gerrietatik eta.
Txantxan: Gogoratzen nauk nola esaten huen, topea egiten ziala gerriak.
Orieta: Gogor-gogor jartzen zaidak. Lanetik etorri, entrenamendua egin, eta hurrengo egunean pertsona ez. Gerriko mina, gorputz guztia minberatuta…  
Txantxan: Eta gainera egurrak prestatu behar entrenatzeko.
Orieta: Ez. Horretan aitaren laguntza izan diat. Bakarrik ezin duk. Aitak asko lagundu zidak, baina ez zagok horrela segitzerik. Plazan arrastaka ibiltzea baino, bada… Aizkoratik biziz gero, orain 38 urterekin, ba agian segituko nian; baina hemen lanik egin gabe badakik zer duan.
Txantxan: Pena.
Orieta: Bai. Pena handia. Gustura ibiltzen ninduan. Bai txapelketetan eta baita erakustaldietan ere. Laguntasun giro polita izaten duk erakustaldien ondoren, elkarrekin afalduz eta abar. Herri kirol munduak hori zeukak, eta eskerrak, bestela ba esango didak hortik zer irabazten duan. Guzti hori galtzeak pena ematen zidak.
Txantxan: Laguntasuna behintzat ez duk galduko.
Orieta: Ez. Baina desberdina duk.
Txantxan: Larunbaten behintzat afaria egingo diagu omenaldian. Kontua hori duk, txapelak irabazten direnean omenaldiak eta soberan izaten dituala, eta pixka bat horregatik egin nahi genian omenaldi hau. Momentu zailean ere omenaldia egin nahi genian. Hire arrebarekin hitz egin genian eta denak baietz. Udaletxeak enborrak, sei aizkolari, bi harrijasotzaile, Xeplakoak ere afaria jartzeko prest.
Orieta: Polita iruditzen zaidak, herria hirekin gogoratzen duala ikustea. Ea arratsalde polit bat pasatzen diagun, afaritxo batekin eta tertulia pixka batekin.
Txantxan: Apusturen bat igual aterako duk.
Orieta: Litekeena hori ere…

Otañori omenaldia
Martxoak 12, larunbata, Ibarrako plazan, 18:00etan
Aizkolariak: Azurmendi, Arria V.a, Rekondo, Mujika, Larrañaga eta Otaegi.
Harrijasotzaileak: Iban Ugartemendia eta Landarbide.
Ondoren, bertsolariekin afaria Xepla Elkartean (Txartelak Zubiaurre tabernan eta Errotatxo okindegian).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!