Eragileen bilgune izango den gune bat sortu nahi du udalak

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 9a, 10:29

Irudian, lanen ondoren eragileen bilgune bilakatuko den lokala

Ludoteka zegoen lokalean kokatuko litzateke talde eta eragileen bilgune izango den 200 metro koadroko gunea; hilabeteko epean lanak hasi nahi ditu udalak

Ibarrako talde eta eragileek elkarbanatuko duten bilgune berri bat izango dute laster, plazatik gertu. Duela bost urte geratu zen hutsik Txontxo Ludoteka zegoen lokala, gaztetxe gainean kokatuta dagoena, eta ludoteka berria Azkue auzoan kokatu ondoren «libre» geratu zen udalaren lokal hori Mikel Agirrezabala alkateak azaldutakoaren arabera.

Agirrezabalak uste du Ibarrako talde eta eragileentzat «erreferentzia gune bat falta dela taldeak kokatu eta euren lan jarduna egiteko». Izan ere, zenbait momentutan bilgune izaten den kultur etxeko ordutegia «motz» geratzen dela uste du.

«Urteetan zehar» ibili dute buruan proiektua eta aurtengo aurrekontuetan jada gauzatu ahal izateko bere lekua egin diote.

GUNE ZABALA ELKARLANERAKO

Gune horretan 200 metro koadroko lokala du udalak, eta bertan lau gela, 35 metro koadrokoak gutxi gora behera, kokatzeko proiektua egina dute. Horietako bi elkartu eta «gela handi bat» egiteko aukera ere izango litzateke, «ia 70 metro koadro» izango lituzkeena.

Lokala egokitzeko lanak hasita daude jada. Udalak 44.268 euroko gastua egina du hosgabetze lanak egiten. Aurten, berriz, bigarren fasea jarriko litzateke martxan, barruko lan guztiak amaitzeko. Udalak 65.000 euroko gastua aurreikusten du bertan.

Obra «garrantzitsua» izango da honakoa, guztira 109.000 euro inguruko kostua izango baitu udalarentzat. Ibarrako talde eta eragileentzat «obra estrategikoa» izango dela uste du Agirrezabalak.

Ibarran eragile asko daude eta hori dela eta gune hori erabiltzeko eskaerarik ez dela faltako pentsatzen du Agirrezabalak. Gainera, gogorarazten du herriko zenbait talde «mehatxupean» daudela, «Subegi erreferentzia moduan» zutelako, eta auzi horren garapenaren arabera, herria «behar gehiago» sortuko direla uste du. Bestalde, beste hainbat eragilek ere bilgune bat falta dutela eta hortaz, lokal horiek aukera hori eskainiko dietela uste dute, «beste baliabide batzuk» eskainiko dizkietela.

Gainera, herriko eragile ezberdinek gune bat elkarbanatzeak, elkarlanerako «bide bat» ere sor dezakeela uste du Agirrezabalak.

GUNE ZABALA ELKARLANERAKO

Lanak hilabeteko epean hasita egotea espero du udalak. Lanen amaiera zehaztea zaila bada ere, amaitutakoan udalak epe bat zabalduko du interesa izango luketen eragileek izena emateko, eta ondoren, izena emandako eragile horiekin bilduko litzateke udala «ordutegia eta arautegia adosteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!