EAJk oposizio «eraikitzailea» egiteko asmoa adierazi du

Ataria 2016ko martxoaren 2a

Ibarrako Udalaren 2016ko aurrekontuan aldeko bozka ematea, jarrera eraikitzaile horren barruan kokatu dute jeltzaleek

Urtarrila amaieran onartu zituen Ibarrako Udalak 2016ko aurrekontuak, EAJren aldeko bozkarekin. Itziar Jauregik, EAJ taldeko bozeramaileak, adierazi duenez «hainbat bilera» eta «hainbat proposamen» elkartrukatu ondoren, «akordio batera» iritsi ziren, Ibarrako herriarentzat «onena» zelakoan.

Negoziaketen hasieratik talde jeltzalearen helburua «ezberdintasunak gainditu» eta akordiora heltzea izan da Jauregiren esanetan, herriarentzat «egokiena» delakoan.

Aurrekontuetan jeltzaleek egindako hainbat proposamen «onartuak» izan direla gaineratu du Jauregik, eta adibide moduan jarri ditu Emeterio Arreseko gunean egingo diren aldaketak: «Haur parkea estaltzeko proiektua egiteko diru partida bat jaso da eta baita harmailak konpontzeko, frontoia margotzeko eta inguru guztia txukuntzeko ere». Ildo berean kokatu dute, «Izaskungo baselizaren inguruak hobetzeko jaso den diru partida» ere.

EAJko udal taldeak adierazi du «herriko gainontzeko guneak hobetzeko proposamenak» egiten jarraituko duela, eta egundo udal gobernuari «jarraipen zorrotza» egingo diola, konpromisoak betetzen dituztela «ziurtatzeko».

Azkenik, aurrera begira ere jarrera «eraikitzailea» izaten jarraituko dutela adierazi dute, eta EH Bilduko udal taldearekin akordio batera iristeko hurrengo helburua atez atekoa «ahalik eta azkarren kentzekoa» izango da, «bosgarren edukiontzia» ezartzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!