Volendametik bueltan

Asier Imaz 2016ko ots. 25a, 11:51

Denboraldiari amaiera emateko, Ibarrako Sokatira Taldeko kideak Herbereheetan izan dira goma gaineko Munduko Txapelketa jokatzean.

Astelehen gauean iritsi ziren Ibarrako tiralariak etxera, Herbereheetatik. Ainara Otamendi, Ainhoa Galarraga eta Lander Otermin tartean ziren. Volendamen sei egun pasa zituzten, izan ere, bertan jokatu zen bi urtez behin izaten den Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa.

Ataria Irratian, bertan bizitakoa eta hark utzitakoa kontatu zuten. Alde batetik, Herbereheetan aurkitutako giroa eta aurkariak aipatu zituzten, eta bestetik, euskaldunen maila; taldeka nahiz Euskal Selekzioarekin. Eta hemen, berrikuntza bat aipatu behar da, izan ere, Ainara Otamendik ongi azaldu zuen bezala, Munduko Txapelketa batean Euskal Herria izenarekin aritu diren lehen aldia izan da. «Azken txapelketan euskaldun bezala aritu ginen, baina Euskal Federazioaren izenean. Aurtengoan aurrerapenak eman dira, eta Euskal Herriko selekzio bezala aritu gara», zioen tiralari ibartarrak. Taldeka eta selekzioarekin guztira 13 domina lortu dituzte euskaldunek, eta ibartarrek, zaku horretatik hartu dute euren partea. Puntu horretan, Lander Oterminek Euskal Herriko sokatiraren maila azpimarratu zuen, domina kopurua gogoratuz.

DOMINAK

Iragan ostegunean eta ostiralean jokatu ziren elkarteen arteko tiraldiak. Larunbatean eta igandean selekzioenak izan ziren. Lehen bi egunetan bi domina lortu zituen Ibarrako Sokatira Taldeak: 540 kilotan eta 600 mistoan. Ainara Otamendi: «Hamaika talde ginen 540an, eta Txina-Taipei eta Gaztedi ikusten genituen gogorrenak. Hego Afrikakoak ere aurreko txapelketatik ezagutzen genituen, eta bagenekien zaila izango zela podiumean sartzea, baina gerra emateko gogoz atera ginen. Ligaxkan afrikarrei irabazi egin genien, eta orduan ikusi genuen agian domina lortzea posible izango zela. Hiru eta laugarren postuen lehian, dena ematera joan ginen, eta espero ez genuena lortu genuen». Talde mistoaren zilarrezko dominaren kontaketa Oterminek egin zuen: «600 kilo guretzat pisu handiegia zen, beti ezin iritsi ibiltzen baikara. Herbereheetakoak adibidez, izugarriak ziren, bai neskak eta baita mutilak ere. Hasieran geldituz gero, bagenekien tiraldia luze joaten baldin bazen aukerak izango genituela. Baina horretarako gelditu egin behar izaten da. Lehia aurrera joan ahala ondo ikusten ginen, eta gelditzen genituela ikusi genuen. Euren nekea aprobetxatuz irabazten hasi ginen, eta pausoz-pauso finalera iritsi ginen». Azken tiraldian, ordea, aurkarien ataleko protagonistak zeuden: txinatarrak.

Euskal Herriarekin hiru brontzezko lortu zituzten ibartarrek: 540an, 600 kilotan eta mistoan. Pisu bakoitzean euskal selekzioa nork osatuko, Euskal Herriko Txapelketan erabaki zen. Adibidez, Ibarrak Euskal Herriko Txapelketa 600 kilo mistoan irabazi zuen, ondorioz, berak zuen maila horretan selekzioa osatzeko eskubidea. Hori bai, fitxaketak egiteko aukerarekin. Eta modu horretan lortu zituzten ibartarrek brontzezko dominak 540 eta 600 kilotan. Ibarrako bina tiralari fitxatuak izan ziren pisu horietan, Badaiotzekin eta Sokarrirekin aritzeko, Euskal Herria ordezkatuz.

Podiumetik zer ikusten zen galdetuta, hiruen ekarpenarekin osatzen da erantzunik borobilena: «Sinistu ere ez da egiten; poz izugarria da. Denboraldi osoan egin duzun lana borobiltzeko sari bat. Baina ez da ahaztu behar, koska ez dela podiumak markatzen duena bakarrik, kirol maila ikusita, aurreneko postuak dezente gorago daude. Ondorioz, dagoenarekin konformatu behar da».

AURKARIAK

Atal honetan izen bat errepikatzen zuten ibartarrek behin eta berriz: txinatarrak. Eta ez da lehen aldia hori egiten zutena. Hau da, aurreko Munduko Txapelketetan ere gauza bera gertatu zen. Baina Otamendik esaten zuen bezala, «berdin dio horrek, beti harritzen gaituzte». «Tren baten aurka aritzea bezala da», zioen Oterminek. «Teknika izugarria daukate. Egoera nahi duten bezala erabiltzen dute. Gu lurrera erori eta ahal bezala altxatzen baldin bagara, eurek hori ere perfekziora egiten dute. Izugarria da, eta finalak ikusgarriak izaten ziren. Nahi gabe tiraldian sartzen zaituzte. Hain izaten ziren gogorrak, txukunak… ikusteko zoragarria zen. Sokatiraz ulertzen ez duen batek ere gozatu egingo luke; ziur. Hanketan zituzten giharrak, eskuetako kaioak…» sakondu zuen Galarragak.

Hirurek izan zuten txinatarren aurka tiratzeko aukera. Eta esandakoak esanda… «Ligaxkan euren aurka aritu ginen, eta galdu arren pixka bat eutsi egin geniela esaten aritu ginen. Gero finala ikusi genuenean, ulertu genuen gurekin jolasean aritu zirela» jarraitu zuen Galarragak. Oterminek adibidez mistoen finalean izan zuen «trena» gelditzen saiatzeko aukera: «Bigarren tiraldian nahi zutena egin ziguten». Euskal Herriko tiratzaile onenetakoa denak, beste hainbat talderen maila ere aipatu zuen: «Eskozia, Irlanda, Inglaterra… talde oso onak ikusi ditugu. Agian txinatarren teknikarik gabe. Baina batzuk urte asko doaz elkarrekin, eta txukun-txukun ez ikusi arren, izugarrizko indarra dute», zioen Oterminek.

ANEKDOTAK

Bazen behin Herbereheetan jaio zen neska bat, 71 kilo izatera iritsi zena, eta Euskal Herriko selekzioa ordezkatzearekin amets egiten zuena. Horrenbeste desio zuena, azkenean, iragan astean lortu zuen Volendamen. Istorioa ez da guztiz horrela, baina amaiera bai. Ainara Otamendi: «Hemendik zortzi neska joan ginen, justu. 540an kilotan oso baxu gelditu ginen, 490 inguruan. Lehen golpe zakar hori gelditzeko kilo gehiago behar genituen, eta truke bat egin genuen. Bertako neska batek Eskoziarekin aritu behar zuen, baina aldaketa egin genuen. Guk Eskoziari 51 kiloko neska bat utzi genion, txikiena, eta Herbereheetarako 71 kiloko neska horrek gurekin tira zuen. Horrela, talde guztiak 525 kilo inguruan geratu ginen». Emakumea euskalduntzerik lortu ote zuten galdetuta, Galarragak pixka bat lortu zutela esan zuen: «Komunikazioa ez zen hasiera batean erraza izan, baina azkenerako, lasai-lasai eta txukun-txukun hitzen esanahiak ederki ikasi zituen».

Bigarren anekdota Munduko Txapelketa girotu zuen speaker-a edo hizlaria izan daiteke. Hau ere lehendik ezagutzen zuten, eta honek ere harritzeko moduko gauzak egiten zituen. Galarragak eta Otamendik honela kontatu zuten bere balioa: «Artista bat da. Ez genion asko ulertzen, baina izugarrizko giroa jartzen zuen. Jendea nola animatu ederki zekien, saltsa jarriz edo dantzan ipiniz». Giro hori Euskal Herrira ekartzea zaila ikusten zuten, baina zer hobetua bazegoela zioten; komunikazio arloan, adibidez.

Behin Euskal Herriko eta Munduko txapelketak amaituta, goma gaineko denboraldiari agur esan diote tiralariek. Orain, lur gainekoaren txanda izango da. Ibarrako Sokatira Taldeak atseden hartuko du, eta horren inguruan galdetuta, ezagutzatik Lander Oterminek gauzak argi dauzka: «Probatu genuen, baina denboraldia luze geratzen da. Neguan goman eta udan lurrean ibiltzen zara, eta horretarako ia urte osoa pasatzen duzu sokatiran. Gehiegizkoa da. Bat hartzea erabaki genuen, eta goma aukeratu genuen». Ondorioz, ibartarrentzat, bizipenez gozatzeko eta atseden hartzeko garaia izango da oraingoa. Zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!