Jon Mintegiaga 'Minde': «Merezi du preso eta iheslarien alde lan egiteak»

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 18a, 10:07

Baldintzapeko askatasunean hilabete baino gutxiago darama Mintegiagak. Beste berrogeita sei pertsonekin batera ETAren espetxeko Frontea osatzeaz akusatzen dute

Jon Mintegiaga 'Minde' (Ibarra, 1979) otsailaren 4an geratu zen baldintzapean aske, hamahiru hilabeteko espetxealdiaren ondoren.

Hamahiru hilabeteko espetxealdiaren ondoren, badaramatzazu egun batzuk aske. Izan al duzu kokatzeko denborarik?

Bai, gainera, inauterietan lurreratu dut, Ostegun Gizenean, hala nahi izan dute, eta hor ibili gara zezenetan eta mozorroekin umearen aitzakian. Hortaz, nahikoa erraz lurreratu dut.

Otsailaren 4an, Ostegun Gizenean, geratu zinen aske, eta goizaldean iritsi arren, herritar asko zu noiz ailegatuko zain zenituen.

Baten bati parranda ere izorratu nion. Jendea horrelakoetan beti prest izaten da.

Aurreko egunean jaso zenuen albistea.

Kuriosoa izan zen, gainera. Zeren etxekoekin 19:15ean hitz egin nuen eta telefonoa zintzilikatu bezain pronto, funtzionarioek Epailearen Agentera deituz (kanpotik etortzen den figura bat da epailearen zitazioak ekartzen dituena), eta berak ekarri zidan paper bat baldintzapean aske gera nintekeela esaten zuena. 19:30ean telefonoa itxi egiten da eta ez da aukerarik izaten deitzeko. Funtzionarioei eskaera egin eta etxera deitzen utzi zidaten. Neronek abisatu nituen, bai etxekoak eta baita abokatua bera ere. Biharamunean dirua eta gestioak prestatu zituzten, eta orduan atera nintzen.

Ezustekoan jaso al zenuen albistea?

Baietz esan liteke, zeren lehenago ere askatasun eskaera egina zeukaten, eta ukatu egin zuten, beraz, bazirudien pixka batean barruan jarraituko genuela. Lehendik ume bat daukat eta bigarren umearen esperoan gaudenez, abokatuak bere helegitean horixe jarri zuen eta hori ere argudio bat izan da aske geratzerakoan.

Hamahiru hilabete atzera eginda. Abokatuen aurkako operazioa iritsi zen, eta tartean zu ere atxilotu zintuzten. Nola bizi izan zenuen atxiloketa?

Urtebete lehenago inputatuak izan ginen, eta urtebete horretan inputatuak izan ginenetako jende dezentek jarraipenak izan zituen eta bazegoen horrelako giro bat modu batean edo bestean presoen inguruan lanean ibili ginenon bueltan. Atxilotu aurretan ere zer edo zer antzematen zen, eta manifestazio ondoren atxilotuak izan ginen, elkartasunaren inguruko akusaziopean. Gu jada inputatuak izan ginenetik gure ardurak eta utziak geneuzkan, eta testuinguru horretan izan ginen atxilotuak.

Guztia ulertzeko 2013ra egin behar dugu salto. Orduan, Herrira mugimenduaren aurkako operazioa izan zen, eta hasiera batean aske utzi bazintuzten ere, egun batzuetara inputatu zeundela jakinarazi zizuten eta azaroan epailearen aurrean deklaratu behar izan zenuen. Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu ostean epaiketaren zain aske geratu zinen. Espero al zenuen atxiloketa eta ondoren espetxeratzea etor zitekeenik?

Egia esan ez genuen espero. Beraiek operazio polizialari emandako izenari erreparatzen badiogu, agian, espero zitekeen. Lehendabiziko operazioari Jake jarri ziotelako izena eta iaz gu espetxeratu gintuztenari Mate jarri ziotelako. Akaso eurek buruan izango zuten, baina guk ez. Niri, esaterako, zerbait esateagatik egiten didaten akusazio zehatz bat iazko manifestazioan, urtarrilaren 10an izan zena, sosak biltzea botatzen didate. Dozenaka lagunek ikusi zuten lasai asko han nenbilela nire familiarekin, manifestazioan parkean jolasten. Alde horretatik ez nuen espero, ez.

Ustez Velascok ezarritako baldintzak ez betetzea egotzi zizuten. Horren inguruko xehetasun gehiago izan al duzu?

Beraien argudioa da guk lehen Herrirarekin lan bat egiten genuela, eta behin inputatuak izan ondoren, berdina egiten jarraitu genuela, baina, azpitik. Baina, frogarik ez dute aurkeztu; suposizio batzuk eta horrela, eta gehiago izan da duela bi urte eta erdiko ustezko froga haietatik tira dute, urtebete beranduago gu atxilotzeko, froga berririk gabe.

Orain zein da zure egoera?

Orain ni eta ni bezala berrogeita sei lagun sumario batean sartuta gaude, nolabait ETAren espetxe fronteko kide izatea akusatuta. Hor izaera oso ezberdinetako jendea gaude: senideak, medikuak, psikologoak, abokatuak, bitartekariak, Herrirako kideak, eta Herrirako kideen artean ere ardura ezberdinak. Berrogeita sei lagunak sumario berdin batean gaude eta printzipioz epaiketaren zain. Eta kide batzuk espetxean daude. Iaz espetxeratuak izan ginen hiru lagun: Fran Balda, Javi Carballido eta neroni. Fran ni baino lehenago atera zuten osasun arazoak zituelako, ni atera naute geroxeago batez ere bigarren umearen esperoan nagoelako, eta Javik espetxean jarraitzen du. Horretaz aparte, Jon Enparantza eta Arantxa Zulueta abokatuak ere espetxeetan daude oso baldintza gogorretan biak, muturreko isolamenduan, bi urte pasean.

Epaiketa noizko aurreikusten duzue?

Ez dakit. Horrelako gauzak pixka bat atzeratu egiten dira. Azken urteetako epaiketa politiko hauek urteetan luzatzen direla ikusita, lau urte edo hamarreraino ere luzatu izan dira batzuk. Jende asko gara, gainera, eta suposatzen dut komenientzia politikoari ere begiratuko diotela epaiketa data jartzerakoan. Faktore asko egongo dira seguraski. Lehen ere espetxean egona zinen, baina nola bizi izan duzu espetxealdi hau? Oso desberdina izan da. Batetik egoera pertsonalagatik. Aurrekoa 2002an izan zen, orain dela hamalau urte, gazteagoak ginen eta ikuspegia ere beste bat da. Orain, berriz, ume txiki baten aita naiz, eta horrek ere dezente baldintzatzen du; bai nigatik, azkenean, maitasun handia hartzen diozulako umeari eta ez delako erraza ematen, baina, baita etxean uzten duzun zuloagatik eta ume horrek daukan hutsune horregatik ere sufritu egiten da. Azkenean, espetxeratze honek ere familia dispertsioaren gurpilean sartzea ekartzen du, eta horrelako ume txikiak gurpil horretan sartzeari ez diote erreparatzen: hilabetero bisitak egitea, 1.100 kilometro ikusi behar dudan bakoitzean... Alde horretatik, ez zait gozoa egin. Kontraesankorra da, zergatik gogorra egiten zitzaidan bezala berak ematen zidan indarra irauteko, indartsu egoteko, lotura hori ez galtzeko gutunak idazteko, postaltxoak egiteko, eskulanak egiteko... Azkenean, lotura hori ez galtzeko horrek ematen zidan egunero ilusioz eustea honi. Beste aldaketa nabarmena duela hamalau urte sartu nindutenean Madrilen 200 euskaldun inguru izango ginela da, atxiloaldi prebentiboan. Soto del Real espetxean hirurogei euskaldun egongo ginen, eta modulu bakoitzean bost edo zortzi kide elkarrekin. Oraingoan urtebete pasea bakarrik egotea tokatu zait, baita Fran eta Javiri ere, denok banatu eta bakarka izan gaituzte. Nik zorte pixka bat izan dut Valdemoron jarri nindutelako, eta Valdemoro espetxe berezia delako euskaldunentzat, zeren jendea tarteka dilijentzietara joaten da, bai epaiketak direla eta baita bestelako tramiteak direla ere. Astebete edo hamar eguneko tartetan izan dut aukera tarteka euskaldunekin egoteko. Guztira zazpi espetxe desberdinetako zortzi kiderekin egon naiz, eta oso polita izan da, zeren baten bat aurreko espetxealditik ezagutzen nuena zen, eta patioan topatutakoan oso hunkigarria izan da. Baina, behin espetxea jabetu zenean Valdemoron jarraitzen banuen kideekin topatzen jarraituko nuela, espetxez aldatzeko erabakia hartu zuten, eta urrian Aranjuezera aldatu ninduten. Han bakarrik egon naiz euskaldunik gabe. Azken sei hilabeteetan ez dut euskaldunen arrastorik izan. Horrek behartzen zaitu zure bizimodua antolatzera preso sozialekin, eta beste modu batera. Euskaraz hitz egiteko aukerarik ez daukazu. Askotan ez gara konturatzen, baina dispertsioa hori ere bada, euskaraz ezin hitz egin ahal izatea ez bada etxekoekin tarteka telefonoz edo bisitetan. Horrek behartu nau euskaraz irakurtzera, pentsatzea, idaztea asko, eta auto-antolakuntza bat eta diziplina bat izatea garrantzitsua.

Gutxien espero daitezkeen gauzak dira, hortaz, egunerokotasunean faltan botatzen diren kontuak.

Bai, ez izan zalantzarik. Hizkuntzarena oso garrantzitsua da, eta oso gutxi aipatzen da dispertsioak zer eragin duen hizkuntzan. Beste gauza asko aipatzen dira, tragikoak direlako: istripuak, bidaia luzeak, arlo ekonomikoa... Baina, hori baino askoz gehiago da. Nire kasuan, Madrilen telebista ikusten duzunean Espainiako kateak ikusten dituzu. Hemengo berririk ez duzu jasotzen. Prentsaz jaso dezakezuna jasotzen duzu, baina hori ere berandu. Eguneroko jardunean ezin euskaraz hitz egitea, esfortzu bat eginda zure kasa pentsatu behar duzu euskaraz. Bestelako gauzak ere badaude, janaria esaterako, txikiak izan daitezkeenak eta handiak bilakatzen direnak.

Herrira mugimenduak, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen defentsa aldarrikatzen zuen, eta zuk ere horretan jardun zenuen. Nola sentitu dituzu eskubide horiek espetxearen barruan?

Niretzako ez da oso zaila izan oraingo honetan, zeren ikusi dut duela hamalau urte bezalaxe. Arauak ez dira batere aldatu. FIES preso bezala sartzen gaituzte lehenengo momentutik; horrek esan nahi duen guztiarekin: komunikazioa kontrolatu, gehienez hiru gutun idazteko aukera, telefonoa grabatua, espetxera sartzen dizuten paketea aztertua... Zigorrek ere berdin jarraitzen dute. Espetxe Zuzendaritzatik gurekiko etortzen diren irizpideak berdin-berdin jarraitzen dute. Akaso aldatzekotan funtzionarioen aldetik aldaketa bat nabaritu dut. Tratu gertukoagoa edo lasaiagoa aurkitu dut. Arauak pertsonek ezarri behar dituzte. Oraindik egon badaude espetxe gogorrak, perfil gogorreko funtzionarioak jartzen dituzten espetxeak, batez ere isolamenduan. Baina, nik antzeman dut gureriko giroa lasai antzean dagoela. Adibidez, Aranjuezen funtzionario batek euskalduna nintzela jakitean, esan zidan urteak zeramatzala euskaldun bat ikusi gabe eta ni azken mohikanoa nintzela. Gauden egoera politiko honetan, testuinguru politiko honek nolabait laguntzen du lasaitasun handiagoa egoten espetxe barruan, baina funtzionarioen partetik, ez zuzendaritzaren eta Espetxeetako Zuzendaritzaren partetik, zeren horrek berdin jarraitzen du.

Pertsona baten espetxeratzeak bere inguruaren egunerokotasuna erabat baldintzatzen du. Nola bizi izan duzu zuk hori barrutik?

Ingurunea etxea izaten da normalean, senideak. Espetxera joaten garenean, nik beti esaten dut guk errazena egiten dugula. Espetxera joan eta han egotea dagokigu, baina lanak benetan etxekoei jartzen zaizkie: etxekoek antolatu behar dituzte bidaiak, gurekin bisitak izateko prest dauden lagunen zerrendak egin behar dituzte, zapatillak urratzen bazaizkigu etxekoek erosi behar dizkigute, libururen bat eskatzen badugu etxekoak jartzen ditugu liburuaren bila, bidaiak zer esanik ez… Bidaiek fisikoki ikaragarri nekatzen dute, zeren asteburua iritsi eta lana egin ondoren, atseden hartu beharrean gehiago nekatzeko izaten da. Bestalde, psikologikoa dago, etxeko orekak puskatzeko aukera dagoelako edo nabarmen puskatzen direlako. Batzuek hobeto emango dute, besteek okerrago, baina ikaragarri aldatzen da; gure kasuan ume txikia egonda asko. Gainera, galderak egiten dituzte eta erantzunak eman behar dira. Umeek egiten dituzten galderak oso zuzenak izaten dira, eta ez duzu nahi amorrua eta gorrotoa zabaldu txikiengan, baina gauzak ezkutatu ere ez. Oreka bat bilatu behar da erantzun horietan, ezer ezkutatu gabe, baina aldi berean gorrotoa zabaldu gabe.

Espetxe barrutik kanpora komunikatzeko aukerak eskasak dira (telefono deiak, gutunak...), zuk topatu duzu horretarako beste aukera bat. Argian Txabolotik bloga argitaratzeko aukera izan duzu. Zer suposatu du zuretzat?

Oso iniziatiba polita izan da. Argiakoek proposatu zidaten; proposamen zehatza baino zer edo zer idaztera animatu ninduten, blogariak eta bazituztela eta. Nik ez nuen oso garbi ikusten, zeren Argia kalitate handiko aldizkari bat dela iruditzen zait eta errespetu dezente ematen zidan. Urteak neramatzan ezer idatzi gabe, eta nahikoa atrofiatuta ikusten nuen nire burua. Horregatik hasieran ezezkoa erantzun nien, ez nuela nire burua horretarako ikusten. Baina, gero denbora pixka bat pasa zenean eta pixka bat asentatu nintzenean, pixkanaka animatu egin nintzen eta hasiera batean lau artikulu ezberdin egin nituen eta Argiakoei bidali nizkien, aukera edo itxura zutela ikusten bazuten artikulu horiek jarraituko nuela idazten. Gustatu zitzaizkien eta idazten jarraitzeko esan zidaten. Orduan, niretzat zeregin bat gehiago bihurtu zen eta aitzakia horretan hiztegiak eta estilo liburuak sartu, idazkera pixka bat txukuntzeko. Gainera, diziplina batean sartzera behartzen ninduen, ilusio batekin jaiki, erne egon espetxean zer gertatzen zen, inguruan gertatzen ziren gauzak apuntatzen joan. Horrek bizi dezente eman dit.

Espetxeko egunerokotasuneko kontuak hain ezagun ez dituztenei ere helarazi dizkiezu.

Gauza ezberdinak hartu ditut kontutan. Bata non idazten ari nintzen, eta Argia aldizkaria, komunikazio gune anitz bat dela ikusita, hori ere islatu behar zuen nire idatziak; nolabait ere Argia irakurtzen duen komunitate anitz horrek gustura irakurri behar zuen edo ez zuen behartuta sentitu behar nire artikulu horiekin. Bestetik, gai politikoak ez ditut jorratu, zeharka ez bada; zeren ni azkenean preso erori naizenean kolektibo bateko kide naiz, laurehun pertsona baino gehiagoko kolektibo bateko kide eta iritzi politikoak gure kolektiboak bere bozeramaileen bitartez plazaratzen ditu, horregatik argi xamar nuen ez nintzela nor iritzi politiko garbiak emateko. Beste faktorea zen espetxera eraman nauen arrazoia Herrirako kide izatea izan dela, eta Herrira batez ere saiatu izan dela euskal preso eta iheslarien askatasuna lortzen gure herriko aniztasun ideologikoa martxan jarri nahian. Nire idatziek ere orain arte jorratu dudan militantzia horren isla izan behar zuela iruditzen zitzaidan, eskubide urraketen arlo hori islatu behar zutela. Orduan, presoak egunerokotasunean daukan bizitza horretan, erresistentzia txiki horretan, fokalizatu nahi izan dut. Espetxe barruan inurri bat jartzea bezala bere eguneroko lan horretan, eta zein arazorekin topo egiten duen. Saiatu naiz ere dramatismo handirik gabe, umore puntuak jartzen, askotan zeinen gauza absurdoak ematen diren. Azken finean, jendeak ahalik eta ondoen identifikatzeko nolakoa den gure espetxe barruko bizimodua erabiltzen ditugun hitz handiez aparte; zeren askotan erabiltzen ditugu elkartasun, askatasuna, duintasuna eta horrelako hitz potoloak beharrezkoak direnak, baina horren atzetik zehaztasunez zer gauza dauden kontatzen saiatu naiz.

Aurrera begira, etorkizunean etor litekeenaren kezkarik ba al duzu?

Ikusten duguna da euskal preso eta iheslari politikoekin zerikusia daukan guztia kolpatua dagoela azken urteetan. Garbi xamar ikusi da ETAk armak uzteko erabakia hartu zuenetik errepresioaren partetik eremuren bat kolpatua izan bada hori preso eta iheslarien eremua izan dela. Eta ez da izan mendeku soil batengatik, eskenatoki politikoa baldintzatzeko izan da; zeren gatazka baten ondorioak konpontzen baldin badira, eta preso eta iheslariak gatazka baten ondorio dira, gero geratzen dena politikaz hitz egitea da eta gai horretan estatua oso ahula dela ikusten dugu bazter guztietan. Adibidez, Katalunian argumentu politiko gutxi daukala ikusi dugu, eta Espainian eta Euskal Herrian beste hainbeste. Orduan, eskenatoki politiko berri baterako jauzi hori ez du eman nahi estatuak, zeren osagai guztiak mahaiaren gainean jarri behar dira: autogobernua, erabakitze eskubidea, autodeterminazio eskubidea, lurraldetasuna… Gauza guzti horietaz hitz egiten hasi behar da eta hor ez dago proposamenik, ez behintzat proposamen demokratikorik. Emaitza politikoei erreparatuta ikusten dugu estatuko indarrak behera doazela etengabe. Orduan zeri eusten zaizkio: lehenagokoari, preso eta iheslariak bere horretan mantentzeari, eta eremu horretan dabilen jendea kolpatzeari, errepresio modu ezberdinetan, egoera blokeatzeko, baldintzatzeko. Etorkizuna ere hortik joango da. Biharko egunean epaiketa bat tokatuko zaigu, eta ikusi behar ez diren ematen horrelako gauza gehiago.

Zerbait gehitu nahi al duzu?

Merezi duela preso eta iheslarien alde lan egiteak, eta merezi duela preso eta iheslarien alde borroka egitea, eta kontutan hartu behar dela preso eta iheslariek duela bi urte zein bide markatu zuten. Barne hausnarketa sakon baten ondoren, eta horrek guztiak esan nahi duenarekin, zeren oso baldintza zailetan egiten da eztabaida espetxe barruetan dauden mugengatik. Guzti horren ondoren, presoek bide bat hartu zuten, eta bide hori mailakatua da. Lehenbiziko urrats bezala ikusten dena presoen euskal herriratzea, dispertsioaren drama bukatu, senideei eta karga arintzeko; baita ere gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, Frantzian zigorra beteta dutenak Espainian kontuan hartzea (horrek esan nahi duenarekin: makina bat preso kalera doazela eta ez estatua egiten ari den bezala legea bihurritu ez askatzeko)… Presoen kolektiboak markatu duen bidea da lehendabizi salbuespeneko egoeran dauden kideen egoerak konpondu egin behar duela, eta hortik aurrera joan behar dutela gainontzeko askatasunak. Eta guzti hori herriarekin batera egin behar dugula, herriaren aniztasuna ikusita, eta herriko sektore ezberdinak mobilizatuta. Preso eta iheslarien alde lana egin nahi duenak aniztasun horren bueltan edo dinamika horietan parte hartzeko dei egingo nuke. Hori iruditzen zaidalako dela beraien askatasuna lortzeko tresnarik eraginkorrena beraien askatasuna lortzeko ahalik eta azkarren. Beste gauza bat da arazo politikoa konpontzea, eta biharko egunerako inolako arrazoi politikorik ez egotea jendea espetxean sartzeko. Baina, horrek gero etorri beharko luke. Preso eta iheslariek lehenago lortu behar ditugu, askoz lehenago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!