Emakumeak euren lekua aldarrikatuz

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 3a, 08:15

Irudian, autodefentsa tailerreko saioetako batean hartutako irudia

Ibarrako emakume talde batek autodefentsa tailer bat burutu du azken asteetan; arlo fisikoaz gain aurrera begira jarrera sexistei aurre egiteko tailerrak burutzea ere helburu dute.

Ibarrako emakume batzuen kezka eta beharretatik abiatuta lau saiotako autodefentsa tailer bat burutu dute azken asteetan kiroldegian. Bertan adin ezberdinetako emakumeak bildu dira, autodefentsa lantzeko, baina baita hausnarketa egiteko ere. Aurrera begira, asmo berriak dituzte eta horrelako ekimenak herri gehiagotara zabaltzea ere gustatuko litzaieke.

Tailerra martxan jartzeko ideia hiru lagunen artean sortu zen. Nerea Arregik eta bere lagun batean iazko martxoan Ibarrako Udalak antolatuta beste tailer bat egin zuten eta «oso gustura» gelditu ziren. Hala ere, gaian gehiago «sakontzeko» beharra sentitu zuten, nahiz eta ez zekiten oso ondo nondik bideratu.
Ideiari forma ematen hasi zirenean «urte osorako» ekimen bat martxan jartzea pentsatu bazuten ere, «konpromiso handia» eskatzen zuela eta autodefentsa tailer bat egitea erabaki zuten.

Guzti hori bideratzeko, Emagin elkartera jo zuten, tailerra emateko formazio egokia izan zezakeen pertsona baten bila.

Tailerrarekin helburu ezberdinak asebete nahi izan dituzte Arregiren esanetan: «Herriko beste pertsonekin harremanetan jartzea, emakumeak gauetan nola sentitzen garen adieraztea, ziurgabetasunak lantzea...». Segurtasun horren bila «kontzeptu batzuk» landu nahi izan dituzte, euren buruari «segurtasun gehiago» emateko eta beste emakumeengan ere «babesa» bilatu dezaketela ikusteko.

JARRERA SEXISTEI ERE AURRE

Larunbat ezberdinetan burututako lau saiotan «arlo fisikoa» landu dute batez ere: «Eraso fisikoen aurrean zer egin daitekeen ikasi dugu. Kontzeptu batzuk barneratu ditugu segurtasun pixka bat lortu ahal izateko».
Hala ere, guztiak ez direla eraso fisikoak izaten ikusi dute, egunerokotasunean «esplizituki eraso fisikoak» ez diren erasoak ere jasaten direla ikusi baitute. Horregatik, bestelako tailer batzuk ere egin beharko lituzketela ondorioztatu dute «jarrera sexistei aurre egiteko».

Tailerretan sortutako uneak «hausnarketarako» ere baliatu dituzte. Norberak izandako «esperientzia txarrak» elkarbanatu dituzte, eta ondorioztatu dute emakumeei euren «lekua hartzea» kosta egiten zaiela, eta leku hori «jan» egiten dietela. Horregatik, segurtasuna landuz euren «lekua defendatzeko» teknikak ere landu dituzte.

EMAKUME EZBERDINAK

Proposamena lagun talde txiki batean sortu arren, mezu bidez «jende ezberdinarekin» harremanetan jarri eta hogeita hiru pertsonetako taldea osatzea lortu dute. Profil ezberdinetako emakumeak dira: «Gazteenek 16-17 urte izango dituzte, eta zaharrenak 33 urte inguru».

Tailerraren gidaritza emateko esan bezala, Emagin elkartearekin jarri ziren harremanetan. Elkarteak arlo fisikoa lantzeaz gain, «jarrerak» ere lantzen dituztela dio Arregik eta kasu horretan lehen helburua arlo fisikoa lantzea zenez, Iruñeatik etorri da judoa eta karatea landu izan dituen pertsona bat, eta «teknika dezente duena arlo fisikoan».

Taldean egindakoaren balantze «guztiz positiboa» egiten dutela dio Arregik. Batetik, herriko «emakume ezberdinak ezagutzeko» baliagarria izan zaielako, eta tailerraren bitartez «harreman estuagoa» egiteko. Eta bestetik, norbere buruarekin «segurtasuna» izateko baliagarria izan zaielako. Gainera, talde izaera ere landu dute honela: «Taldeak erantzun du, eta jakin izan dugu talde giroa sortzen».

AURRERA BEGIRA

Lehen saio hauek amaituta, eta atseden txiki bat hartu ondoren, aurrera begira beste tailer bat antolatzeko asmotan dabil emakume talde hau. Horretarako udalaren «laguntza» izatea ere espero dutelarik.
Bigarren fase horretan lehen aipatu bezala «mikromatxismoaren eta sexismoaren aurrean jarrerak» lantzea izango lukete helburu. Egunerokoan gertatzen diren arazo horien aurrean izan beharreko jarrera horiek.

Bestalde, Ibarrako emakume talde honek martxan jarritako dinamika hau kalera atera eta ezagutarazi nahi du.

Emakumeak «elkartzeko» eta bakoitzak «bere esperientziak kontatzeko eta elkarbanatzeko» gune bat sortu dute eurek, eta Ibarra mailan egin duten moduan horrelako saioak eta taldetxoak sortzea ere «guztiz positiboa» izango litzatekeela uste dute.

Izan ere, Ibarran sumatu zuten «hutsune» hori, leku gehiagotan ere egon daitekeela uste dute. Halaber, emakumeak horrelako tailerrak egiteko «gogoekin» daudela uste du Arregik, eta erabat «bideragarriak» izan daitezkeela leku ezberdinetan burutzeko. Horretarako gogoa izatea da garrantzitsuena: «Gure kasuan esaterako nahi izan, Emagin elkartearekin harremanetan jarri eta beraiek lanak erraztu eta pertsona bat ekarri ziguten segituan. Ez du lan asko eskatzen».

Horregatik guztiagatik, beste herrietako emakumeak horrelako ekimenak martxan jartzera «animatu» nahi ditu. Pertsonalki  esperientzia «interesgarria eta aberasgarria» izan daitekeela uste baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!