EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu dute Ibarrako aurrekontua

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 2a, 12:40

Inbertsioen atal bat irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko lanetarako erabiliko dute

2016ko aurrekontuan, langileen gastuen atalean, Udaltzaingoaren gorputza sortzea aurreikusten da

Pasa den ostegunean Ibarrako udalbatzak egindako ohiko plenoan onartu zen Ibarrako Udalaren 2016ko aurrekontua. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin izan zen onartua aurrekontua. Oposizioko Itziar Jauregi jeltzaleak «landutako aurrekontuak» izan direla adierazi zuen plenoan.

2015eko aurrekontuarekin alderatuz «igoera» izan zutela adierazi zuen Mikel Agirrezabala alkateak. Hain zuzen ere, 2015ean 4.455.780 euroko aurrekontua izan bazuen udalak, aurtengoan 4.728.000 eurokoa onartu du.

Langileen arloan, «apustu berri bat» egingo du udalak. Izan ere, aldi baterako langileen kontratazioez gain, Udaltzaingoaren gorputzaren sorreraren aldeko «apustua» egingo dutela jakinarazi zuen Agirrezabalak. Arlo berean, TAO zerbitzua «publifikatzea» ere udalaren 2016ko helburuen artean kokatzen dutela jakinarazi zuten.

ZERBITZUAK ETA INBERTSIOAK

Zerbitzuen arloari dagokionez, aipatu udalaren aurrekontuetan kale garbiketan «hobekuntza» egiteko aurreikuspena dagoela, eta horretarako 14.000 euro «gehiago» bideratuko dituzte.

Barne eta kanpo komunikazioa hobetzeko asmoz ere, kontratazio berri bat egitea aurreikusten du udalak. Helburua sare sozialak, web orria, etab. eguneratuak izatea da, herritarrekin komunikazio hobe bat izateko. Horretarako ere, 14.500 euro bideratuko ditu udalak.

Bestalde, zerbitzuei lotuta ibilbide osasuntsuak egiteko ekimena martxan jartzea ere helburu izango dute aurtengoan.

Inbertsioetan 278.000 euro inguru gastatuko ditu udalak. Beheko taulan ikus daitezke inbertsioak eta horietarako aurrekontuak.

Inbertsioen artean kokatzen da, esaterako, Emeterio Arreseko parkea estaltzeko azterketa. Baina, horrez gain gune horretan mantenu lanak ere egingo dituzte: frontoia margotu eta helduen parkeko zorua berritu.

INBERTSIOEN ATALEKO DATUAK

Ibai-gain 4 (ludoteka zaharra) berritze lanak 65.000

Bide azpiegitura eta irisgarritasuna 56.000

San Bartolome estalkia ixtea 40.000

Euskal Herria 59-75 urbanizazioa 30.000

Haur parkeen mantentzea 20.000

Kiroldegiko tresneria 18.000

Kiroldegi atzeko asfaltatzea 15.000

Izaskungo ermita inguruan asfaltatze lanak 14.000

Berdintasun plana 12.000

Emeterio Arreseko parkea estaltzeko azterketa 8.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!