Desnutrizioari aurre egiteko elkartasun kilometroak egin dituzte Ibarran

Maier Ugartemendia 2016ko urtarrilaren 25a

Elkartasun Kilometroa ospatu du arratsaldean Uzturpe ikastolak, Ibarran; aurten bildutako dirua Save The Children erakundearentzat izango da

Elkartasun kilometroa duela sei urte martxan jarri zuen "ekimen solidarioa" da, Iker Gibelalde Uzturpe ikastolako zuzendariaren esanetan. Ekimen hau burutzeko "gaiaren inguruko sentsibilizazio" lana egiten dute, eta horrez gain "behar dutenei laguntzeko" dirua biltzeko balio du. Ekimena burutu ahal izateko ikasle, guraso eta irakasleak inplikatzen dira lan horretan.

Ideia Gobernuz Kanpoko Erakunde batek "antzeko ekimen bat" egiteko bidalitako proposamenetik sortu zen. Proposamena Ibarrara ekarri, eta balorazio "oso ona" egin zutenez, urtero errepikatzea pentsatu zuten. Urtero helburu ezberdin bati laguntzea da asmoa. Iaz, esaterako, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren alde egin zuten. Aurten, berriz, Save The Children GKEaren proposamen bat jaso zuten "munduko gosea eta desnutrizioa" lantzeko, eta hain zuzen ere, gai horren inguruan "kontzientziazioa" landu dute.

Elkartasun kilometroaren egunean, haurrek plazaren inguruan buelta batzuk ematen dituzte korrika. Buelta bakoitzeko goma bat ematen diete, eta goma bakoitzeko euro bat bideratzen diete helburuari. Hala ere, korrika egiteaz gain, aurre lanketa bat ere egiten dute lehenago ikastolan. Aurten, adibidez, DBHko ikasleek, gaiaren inguruko aurkezpenak prestatu dituzte, eta ondoren, txikienei gelaz gela aurkeztu dizkiete. Lanketa "sakona" izaten da: "Honekin lortzen badugu munduan ume gutxi batzuei besterik ez bada laguntza ematea, eta gure ikasleak kontzientziatzea, gu pozik".

Ikasleentzat kontzientziazio lanean jasotako hainbat datu "harrigarriak" izan direla dio Gibelaldek. izan ere, esaterako, egunero 17.000 haur gaixotasunen eta desnutrizioaren ondorioz hiltzen dira Save The Children erakundearen arabera. Ondorioz, ikasleen inplikazioa "handia" da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!