Euskalgintzaren bidegurutzean beste geldialdi bat Topaldian

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 19a, 10:08

Irudian, Mikel Ozaita ibartarra; Topaldia antolatzen aritu den topaguneko kideetako bat

Euskaltzaleen Topaguneak bere barne hausnarketan sakondu nahi du

Euskaltzaleen aktibazioa izango dute hizpide eta hausnarketa gai Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako XIII. Topaldian. Durangoko Landako Elkartegian izango da, urtarrilaren 21ean.

Mikel Ozaita ibartarra Euskaltzaleen Topaguneko kidea da eta Topaldia antolatzeko lanetan aritu da. Urteroko zita bilakatu da honakoa eta erreferente izatea espero dute: «Euskal elkarteen mugimenduko kideentzat eta euskalgintzako jardunbide guztientzako».

Horrez gain, barne hausnarketarako gune bezala baliatzen dute Topaldia. 96 euskara elkartek eta 20.000 bazkide inguruk osatzen dute topagunea, tartean Galtzaundi euskara elkartea. Horiekin eta gainerako norbanakoekin «beharrezkoak diren hausnarketak partekatzen» saiatzen dira Topaldian.

Euskalgintza bersortzen

Euskaltzaleen aktibazioan hutsuneak nabari dituzte Euskaltzaleen Topagunean, eta kezka horretatik ezarri dute topaldi honetako hausnarketarako gaia Ozaitaren esanetan: «Duela 30-40 urte euskara elkarteak, ikastolak, helduen euskalduntze eta alfabetatze mugimendua, Egunkaria edo 90. hamarkadan tokiko komunikabideak sortzen ikusi genituen, hamarkada batzuetan erakunde eta aktibaziorako gune ezberdinak, baina ikusi dugu XXI. mende hasieran ez ote gauden apalaldi batean».

Egoera horren aurrean euskalgintzak «bersortu» egin behar duela eta euskararen mugimenduan «jende gehiago eta generazio berriak» txertatzeko beharra ikusten dute. Izan ere, oraindik «gune asko euskalduntzeko» daudela ikusten dute euskaraz «normaltasun osoz» bizitzeko.

Hain zuzen ere, Euskaltzaleen Topagunea hainbat eragilerekin batera hausnarketa hori egiten ari da une honetan Berrikusi/Berrikasi txostenaren barruan eta bi aldarrikapen egiten dira: «Elkarte eta gizarte erakundeen autonomia eta euskalgintza eta euskara lehia politikotik kanpo utzi behar dugula». Hau da, euskara «arnasgune politikoa» izatea eta «oinarrizko akordio batera iristea» litzateke helburua.

Diskurtsoak ere egokitzen

Topaldiaren edukiak bost bloketan banatu dituzte. Lehenengoan Autoeraketa, autonomia eta mugimendua kontzeptuak landuko dituzte. Bigarrenean, hizkuntzaren gaineko diskurtsoak. Hirugarrenean, euskararen normalizazio prozesuan ahalduntzea eta aktibismoa. Laugarrenean, ekintza performatiboak, eta azkenean, euskaltzaleen aktibazio berri baterako zumitzak izango dituzte hizpide.

Gaiak euskalgintzan eta soziolinguistikaren arloan ezagunak diren hainbat adituk landuko dituzte. Tartean izango da Lorea Agirre alkizarra, Jakin aldizkariko zuzendaria, EuskAHALduntzea, nondik jo? hitzaldia eskaintzen eta baita aktibazioaren inguruan egingo den elkarrizketan parte hartzen.

Eta eskualdeko beste ordezkaria Mikel Ozaita bera izango da, Ainara Azpiazurekin batera Marichulo/kosmopaleto, puta/cashero. Kontrako diskurtsoei aurre egiteko hainbat zertzelada feminismoaren ikuspegitik hitzaldia eskaintzen. Hain zuzen ere, diskurtsoaren inguruko hausnarketa bat eragin nahi dute: «Euskararen kontrako diskurtsoak erabiltzen dira sarean eta guri iruditzen zaigu ez ote garen epel xamar geratzen, iruditzen zaigu guk ere sinbolikoki bada ere ez ote dugun hasi behar kontraerasoan umorearekin bestelako bideen bitartez». Horretarako, XXI. mendera «egokitutako» diskurtso bat behar dela, eta neurri berean kontrako diskurtsoak planteatzen dituztenei «aurre egin beharko geniekeela» uste dute, «modu umoretsu batean eta beraien argudio ezak agerian utziz».

Tolosaldean ere euskaltzaleen mugimendura «batzeko» deia egiten du Ozaitak, «premia» bai baitago. Hain zuzen ere, bide horretan «gazte talde bat» hausnarketa horretan dagoela dio Ozaitak, eta interesa duenak Galtzaundira jotzeko aukera baduela euskalduntze asmo horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!