«Umeak mugitua izan behar du»

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 15a, 12:15

Maialen Mujika nutrizionista eta kinesologian adituak mugimendua eta haurraren garapena lotzen ditu.

Ibarrako Uzturpe ikastolak XVI. kultur astea ospatuko du urtarrilaren 18tik 24ra, eta astelehenean kinesologian aditua den Maialen Mujikak Mugimenduaren garrantzia haurraren garapenean hitzaldia eskainiko du, 17:30ean, Ibarrako kultur etxean.

Nola eragiten du mugimenduak haurraren garapenean eta ikaskuntza prozesuan?

Gaur egun aparatologia asko erabiltzen dugu haurrentzat. Aparatu horiek momentu jakin batean gurasoei laguntza eman diezaiekete, baina era berean ikusten da umearen garapenean konexio neurologikoak egiteko garaian behar duen mugimendu hori mugatu egiten duela. Ume bat bere kasara uzten badugu mugimendu eta askatasun bat dauka umeen aulkian ez daukana. Garapen hori lurrean izango du eta horretarako ordu asko egon behar du haurrak lurrean, eta gaur egun ez daukagu ohiturarik.

Haurrak ondo, mugitzen direnean daudela esaten da, eta  horrela da orduan.

Bai, zeren haurra ez denean mugitzen estimulazio falta dauka edo agian, bere gorputza pisuagatik edo oso handia da eta orduan, estimulazio pasibo bat eman beharko genioke. Baina, ez umea lasaia dela eta hor utzi. Umeak mugitua izan behar du eta umea mugitua bada 5-6 urterekin ikasiko du egon behar duen lekuan egoten. Gaur egun hori da gertatzen dena. Txikitan ez da nahikoa mugitzen edo ez diogu uzten eta 6-7 urterekin hiperaktibitate arazoak dauzkala esaten dugu. Nire irakaslea den medikuak esaten du hiperaktiboak bere ustez ez direla existitzen, baizik eta oraindik gaitasun batzuk garatu gabe dauzkaten umeak  direla. Berak esaten du bi urtetan dauzkan mugimenduak hiperaktiboak ez badira, zazpi urtetan ere ez direla, baina haurrari egoteko beste modu bat eskatzen diogula.

Behar duen garrantzia ematen al zaio gaiari?

Nik mugimendu erritmikoen terapia ikastaroa egin nuenean umeen inguruko gauza asko ulertu nituen. Nik uste pediatrek edo gurasoek ikasi beharreko nozioak izan beharko lituzketela. Zeren batzuetan umeak gu izorratzeko egiten dituen gauzak direla uste dugu. Esaterako, gauzak lurrera botatzen hasten diren garaian, umea bere eskua garatzen ari da, eta horrek lagunduko dio eskuekin trebetasunak izaten ala ez. Oso garrantzitsua da haurrari gauza horiek egiten uztea. Eta horrelako adibide pila bat daude.

Nola lagun dezakete gurasoek horretan?

Lehenik eta behin ume jaio berria badaukate edo denbora gutxikoa, manta bat jarri eta utzi lurrean. Bestalde, askotan saiatzen gara haurra gure mailara ekartzen, baina umea fisikoki ez da gai ez eserita egoteko eta ez ibiltzeko. Bada ez aurreratu gauzak, jaitsi zu umearen mailara eta hor jolastu eta bera joango da ikasten. Ikasiko du ibiltzen, lau oinean ibili ala ez, zeren gaur egun lau oinetan ibiltzeari garrantzia ematen hasi gara. Baina, hori lehen pausoa da, eta horren aurretik pauso asko daude umea oinez hasi artekoak.  Mugimendu horiek (lau oinetan ibiltzea, arrastaka ibiltzea, kroketarena egitea...) umeari gaitasunak emango dizkio bistarako, zeren bistak zerikusi handia du lehen mugimendu horiekin. Azkenean, guk egin behar dugu bere erritmora, eta ez bera gurera ekarri.

Eta hezkuntza arloan zer egin beharko litzateke?

Hezkuntza mailan Estatu Batuetatik datozen Brain Gym izeneko ikastaro batzuk egiten ari gara. Kurtso hauetan ariketa fisiko batzuk erakusten dira, momentuan blokeoak kentzen erakusten dutenak. Adibidez, azterketa batera ikasita joan eta txurian geratzen zara. Urduritasunak, estresak eta beldurrak paralizatu egiten gaitu eta garunean dauzkagun konexioak bizi gunera joaten dira eta horiek entzefaenborrean daude. Gu biziraute egoeran gaude eta egoera horrek ikaste prozesutik ateratzen gaitu, blokeatu egingo gaitu eta gure helburu bakarra egoera horretatik ihes egitea edo erasotzea izango da. Baina, ez dugu ikasketa bat egingo. Nik harreman txarra badaukat nire ikaskidearekin edo irakaslearekin, edo eskolara joateko beldurra badaukat, horrek egunerokotasunean estres egoera batera zaramatza. Ariketa fisiko horiek estres horretatik ateratzen eta konexio neuronal horiek hobetzen lagunduko digute. Biziraute egoera horretatik atera eta erlaxatzen. Horrela arreta hobetzen da, pertsonaren erritmoa hobetzen da, hobeto antolatzen dira... Ikasketa errazten duten gaitasunak lortzen dituzu.

Hori nola landu daiteke?

Oso erraz. Hogeita sei ariketa fisiko dira. Adibidez, bat egiteko eskuineko besoa eta ezkerreko hanka gurutzatu behar dira eta alderantziz. Mugimendu horrekin aldi berean ezkerreko eta eskuineko hemisferioan aktibazio batzuk egiten ari zara, garunean egiten direnak. Badira ikerketak esaten dutenak memoria onena duten pertsonak dantzariak direla, eta dantzariak mugimenduan dauden. Horrekin esan nahi dudana da neurologiak mugimenduarekin funtzionatzen duela. Mugimenduak malgutasuna ematen dio pertsonari garunean eta ikasketa ere errazagoa egingo da. Hori gelan landu daiteke eta ariketa bakoitzarekin minutu erdi bat edo minutu bat pasatzen duzu. Helburua ez da ariketa guztiak egunero egitea, baizik eta egunero bi edo hiru egitea. Esaterako, jolastokitik etorri eta ariketa batzuk egitea arreta biltzeko.

Haurra oso txikia denetik garrantzia du mugimenduak, ezta?

Txiki-txikitatik. Amaren tripa barruan ere mugimenduan daude, nahiz eta mugimendu pasiboa den. Ume batek haurdunaldian gaitasun gehiago dauzka jaiotzen denean baino. Zergatik? Bere garapena urezko ingurune batean joan da eta jaiotzen denean grabitatearekin topatzen da. Horregatik, berreskuratzen joan behar du eta berreskuratzeko modua lurrarekin kontaktua izatea eta bere kasara mugimenduak izatea da. Hasieran haurra kulunkan ibiltzen dugu, mugimendu pasiboarekin, zeren hasieran ez ditu mugimendu kontrolatu batzuk egiten. Lehen mugimendu pasiboak gurasoek ematen dizkiote eta gero bera hasten da arrastaka interesa pizten dioten gauzen bila. Mugimendua beharrezkoa da garuneko neurologia guztia, zuhaitz baten adarrak bezala, hazten joateko.

Nutrizionista ere bazara. Elikadurak zer nolako garrantzia du gai honetan?

Nahikoa eta gaur egun gehiago. Terapiako nire irakaslea suediarra da eta duela 15 urte uda pasatzera Marbellara joaten zenean mugimenduarekin bakarrik haurrek onera egiten zutela dio; hiperaktibitatea, arreta falta edo autismoa tratatzen zituen eta hilabete gutxitan izugarrizkoa aldaketa izaten zutela dio, baina gaur egun askoz gehiago kostatzen dela dio. Bera hori aztertzen aritu da eta ikusi du wifi-ek eta ez dutela asko laguntzen. Elikadura garaian ere glutena, laktosa eta soja aztertzen ditu eta normalean kendu egiten ditu, batez ere autismo edo hiperaktibitate arazoa badute, edo baita hiru urte duten haurrak oraindik hitz egiteko gai ez direnean ere. Kimikak, elikadura kimika moduan hartuta, zerikusi handia du. Gero eta gehiago. Lehenengo informatu egin behar da eta gero bakoitzak ikusiko du etxean zer egiten duen. Baina, informazioa daukazunean bide bat gehiago daukazu irekita eta zuk ikusten duzu hartu ala ez. Baina, nik beti esaten diet saiatu eta probatu. Egia esan umeekin errazagoa da gauzak kentzea, gu baino errazago eramaten dute. Nik nire buruarekin ikusi dut, zeren nutrizionista bezala gustatzen zait gauzak lehenago probatzea, eta gluten gabe jaten saiatzen naiz. Eta nik aldaketa nabari dut, arreta kontuetan, energia gehiago duzu... Asko nabari da eta ume batengan askoz gehiago.

Kinesologian aditua ere bazara, baina zer da kinesologia?

Kinesologia ez da erraz azaltzen, nik uste dut sentitu egin behar dela. Ni duela hamar bat urte hasi nintzen Bartzelonan ikasten eta oraindik jarraitzen dut, oso zabala den mundu bat baita. Kinesologian fase asko daude, baina orokortasunean hartuta gorputzeko estresa askatzen laguntzen dizu.Pertsona hori zerk estresatzen du? Normalean kontsultara datorren pertsona historia batekin dator eta esaten dizu min bat daukala, edo erlazio batean ez dela ondo sentitzen (lagunekin, familian...), edo ez duela nahi bezala lan egiten... Denok dauzkagu gure estresak eta horrek disfuntzionalak egiten gaitu, hau da, gure gaitasunak gutxitzen ditu. Gainera, blokeatuagoa sentituko naiz. Kinesologiak test muskularra den tresna garrantzitsu bat du, eta horren bidez subkontzientera sartzen gara eta hortik informazioa ateratzen dugu. Informazioa gaur egungoa, umetakoa edo zure gurasoengandik datorren genetika informazioa izan daiteke. Informazio horrekin pertsona kontzienteagoa izaten hasten da eta bizitzan zer lortu nahi duen aztertzen hasten da. Informazioa atera eta gero zuzenketa bat egiten da. Gorputza funtzionalitatean uzten da, estres gabe.

Eta hori nola lantzen duzue?

Beti testuinguru bat jarri behar duzu mahai gainean. Kinesologia ezin duzu landu zerbait irekia bezala, eta testuingurua da estresatzen zaituen hori. Zergatik gorputza, mugimenduak, neurologia eta memoria aldatu egiten da testuinguru batetik bestera. Nik hau azaltzen dudanean beti konstelazioa jartzen dut adibide. Zuk gauaren unearen edo lekuaren arabera begiratzen diozunean, izarrak puntu batean edo bestean ikusten dituzu. Gorputza berdina da eta baita neurologioa ere. Kontestu batetik bestera aldatzen da. Eta orduan, landu behar duzuna testuingurua edo arazoa da, beti soluzio bati begira. Helburu bat jarri behar duzu: adibidez mendira joatea. Eta helburu hori lortzeko lau punturi begiratzen diegu: plano fisikoa (estrukturalki egon daiteke lesio bat edo tentsio muskular bat), plano emozionala (konfliktoren bat edo gertatu zaidan zerbait egon daiteke plano fisikoa kargatzen joan dena), kimikoa edo nutrizionala eta energetikoa.

Ezagutza horiek mugimenduaren garapenean lagundu al dezakete?

Nik beti erabiltzen dut. Kinesologiaren definizio zehatza hartzen baduzu, mugimenduaren zientzia esan nahi du. Beraz, mugimenduak zerikusi handia du kinesologia barruan. Batzuetan, agian, ume baten garapena normala izan da, mugimendu librea eduki du, estimulazioa eduki du, eta agian, trauma bat izan du (irakasle batekin, haurtzaindegian utzi zuten lehenengo aldian, ikaskide batekin...). Eta trauma horiek ikasketa mailan eragin dezakete. Horiek bideratzeko eta konpontzeko erabiltzen dut kinesologia. Esaterako, ume bat urtarrilekoa izan edo abendukoa denok dakigu ikasturte berdinean egon arren, urtebeteko desberdintasuna dagoela. Baina, 5-6 urteko ume bati hori ulertaraztea oso zaila da, eta berak ikusten du bere ikaskideak aurrera doazela ikusten du. Bere prozesu neurologikoa urtebete atzerago doa eta sistemak eskatu egiten dio. Beraz, inpotentzian eta frustrazioan sartzea dauka. Bere garapen normalean ondo zihoan gauza batean, emozio bat edo konflikto bat sartu da eta bere burua estresatzen ari da. Ondorioz, disfuntzionala bilakatuko da, eta normala baino gehiago kostako zaio.

Zerbait gehitu nahi al duzu?

Jendea Ibarrara animatzen dut. Gustatuko litzaidake hitzaldia eta gero denbora izatea jendeak galderak egiteko eta beraien duda pertsonalak argitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!