Dotazio etxebizitzetarako zerrendak zabaldu dituzte

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 14a, 10:06

Argazkian, gazteei zuzendutako etxebizitzetako bat

Gazteen alokairu etxebizitzetan itxaron zerrendak zabaldu dituzte eta izena eman daiteke

Ibarrako Udalak erabaki du Euskal Herria 18-2 zenbakian kokatuta dauden dotazioko etxebizitzetarako itxarote zerrenda bat egitea erabaki dute. 2013an jarri ziren martxan gazteei bideratutako alokairuzko etxe hauek, eta aurrera begira hutsik geratu daitezkeen alokairuzko etxe horiek betetzeko izango litzateke itxarote zerrenda.

Martxan jarri zirenean bezala, itxarote zerrendan egoteko ere beharrezkoa izango da baldintza zehatz batzuk betetzea. Izena eman nahi duten gazteek 18 urte beteta eta 35 baino gutxiago izan beharko dituzte 2016 urtearen amaieran. Gainera, beharrezkoa izango da Ibarran erroldatuta egotea duela urtebetetik edo bestela azken bost urteetan hiru urte osotan egon izana.

Gazteek ezin izango dute etxebizitzarik eduki jabetzan azken bi urteetan, eta urteko diru-sarrerak 3.000-39.000 euro bitartekoak izan beharko dituzte azken errenta aitorpenaren arabera.

Zerrendan izena ematen duten gazteei egun alokairua aplikatzen zaienen araudia aplikatuko zaie.

Eskaerak aurkezteko epea

Interesa duten gazte ibartarrek izena emateko epea jada zabalik dute, eta urtarrilaren 20a izango dute horretarako azken eguna.

Zozketa urtarrilaren 25ean egingo da, 19:00etan, Ibarrako udaletxeko pleno aretoan.

Informazio gehiago jaso nahi duenak edo eskabide orriak jaso nahi dituenak 943 67 04 15 telefonora dei dezake, gizartea@ibarra.eus helbide elektronikora idatzi edo www.ibarra.eus web orrira jo dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!