Unai Otaño: "Aizkora utzi edo ez utzi pentsatzen ari naiz"

Asier Imaz 2016ko urt. 12a, 10:58

Argazkian, Unai Otaño enborraren gainean eserita, aizkora saioa amaitu ondoren

Nahi eta ezin. Gorputzak ez dio bere lana egiten uzten Unai Otañori (Ibarra, 1977). Eta orain, bere buruarekin erabaki bat hartu beharrean da. 

Azken aldia 2014ko Euskal Herriko Txapelketaren finalean ikusi zintudan. Minez, gustura ez zinen ibili. Gauzak zoritxarrez ez dira asko aldatu.
Aizkora denboralditxo baterako uztekotan nago. Hernia diskala daukat, eta gerriak egiten zaizkit kargatu. Ez naiz errekuperatzen. Mediku, masajista, fisioterapeuta... batekin eta bestearekin ibili naiz hau eta hori probatuz. Gero lana ere eraikuntzan egiten dut, eta hor ere gerria zigortzen dut. Entrenamenduetan hasten naizenean, lan motzetan ondo moldatzen naiz, baina luzeetan ez didate erantzuten. Gerria kargatu egiten zait. Hortxe nago, utziko ote dudan edo ez. Aurrera begira beraiek esaten didate lesioa handitzeko arriskua dagoela, eta ez dela komeni. Aurrena osasuna da, eta hortxe... buruari bueltaka.

Azken denboran ere geldirik egon zara.  
Sei hilabete daramatzat aizkorarik hartu gabe. Azken Euskal Herriko Txapelketara ere, hilabete bat bakarrik hartuta joan nintzen. Ia urte guztia geldirik pasa nuen. Lesioa hor dago, eta horra erasotzen dit. Ez dit behar bezala lan egiten. Gerriak ahulduta dauzkat... bai.

Baina, har hori hor dago.
Barruan daukat har hori, kirola gustatzen baitzait. Hortik ez dago diru laguntza handirik, gustatu egiten zaigu hortxe ibiltzea, txapelketa, erakustaldi eta abarretan. Baina gorputzak ez dit nire lana egiten uzten. Sufritu egiten dut.

Pentsatzeko garaiaren aurrean zaude, beraz.  
Pentsatzeko eta pixka bat ikusteko. Normalean, lanean bakarrik baldin banabil, ondo aguantatzen dut. Baina biak nahasten ditudanean, lana eta entrenamendua, ez dit erantzuten, gerria kargatu egiten zait. Hurrengo goizean oso gogor egoten naiz. Lanera joan, etorri, entrenatu, eta azkenerako bateko zartakoa eta besteko gerri dena kargaturik.

Bizimodu normalerako nolako eragina dauka.
Bizimodu normala egiteko horrelako arazorik ez daukat, eta hori esan didate masajistek. Trote handia ematen hasten naizenean, gerria ahulduta dagoenez, ahultasun horretara erasotzen dit. Denbora batean geldirik egonda, urte pare bat edo, batzuk errekuperatu egiten dira, eta besteak ez. Erabat utzi eta berriro hasi, eta berriz berdin jarraitzea ez nuke nahi. Orduan zalantzan nago, erabat utzi edo... hortxe.

Ingurukoek zer esaten dute?
Hori nire buruarekin hartu beharreko erabakia da. Etxekoek ez didate esaten bueltatzeko edo ez. Azken finean, ez badut nire burua ondo ikusten, alperrik da etxekoek segitzeko esatea. Ondo sentitu behar naiz horretarako, eta gainera, gozatu egin behar dut. Plazara joan eta azken bi urteetan bezala ibiltzeko... Txapelketa finalera iritsi, entrenamenduetan ondo hasi, eta aurrera joan ahala justu-justu iristea. Plazara joan eta bukatu ezinik edo minez egoteko, argi daukat ez dudala segituko.

Erabakiaren datan txapelketek zeresana izango al dute, maila galtzeko aukera horiek medio?
Bai, baina azken finean, maila galtzeak pena ematen dizu, baina gutxienekoa da. Ez baldin badaukazu minik, hurrengo urtean berreskuratzen duzu maila. Tristea etxean egiten duzun lana plazan ezin erakustea da. Minez eta arrastaka jarraitzeko, ez dit konpentsatzen, eta nik uste, erabakirik onena, bertan behera uztea izango dela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!