Gabonen beste eredu bat bultzatu nahian

Maier Ugartemendia 2015eko abenduaren 24a

'Gabon Autogestionatuak' antolatu ditu Ibarrako Gazte Asanbladak

Ibarrako Gazte Asanbladak datozen egunetarako Gabon Autogestionatuak antolatu ditu. Gaur egungo Gabonen eredutik alderatu nahi dute, batez ere «kontsumismoan» oinarritzen dela uste baitute, Manex Gurrutxaga gazte asanbladako kidearen esanetan. Horregatik, autogestionatutako egitarau bat osatu nahi izan dute: «Guk, guretzako eta gure kabuz».

Urteroko ohitura dute Gabonetako jai egunak aprobetxatuz, egitarau bat antolatzeko, «Ibarrako gazteriari eta herriari begira».

Horrelako egitarau bat prestatzeak lana suposatzen badu ere, lan horiei «gogotsu» heltzen diotela dio Gurrutxagak.

«Herritik herriarentzat»

Truke azokarekin ekin zioten egitarauari pasa den asteburuan, eta horrekin helburu zuten «gauzak erosi eta etxean pilatuta eduki beharrean», trukatu eta «bata bestea elikatzea» zuten helburu.

Hurrengo hitzordua, bertso tailerrean izango dute. Azaroan antolatutako kultur astean izan zuten lehen tailerra eta orain errepikatzea erabaki dute, «bertso mundua» gustuko dutelako eta Gazte Asanbladako kide bertsolari batek laguntzen dielako bertsoan barneratzen.

Lizartzarekin lotura zuzena duen Ibai Agirrebarrena ere izango da Ibarran, Euskal Herrian egiten ari den biraren barruan Jauzia proiektua aurkezten: «Estatu frantsesean euskal gatazkarekin bizitzan zehar zerikusirik izan ez duten pertsonak gertaera historiko batetik aurrera nola inplikatu den kontatzen du testigantza bidez».

Autogestioan sakonduz, abenduaren 29ko eta urtarrilaren 3ko hitzaldiak gazte asanbladako bi kidek eskainiko dituzte, ondo ezagutzen dituzten gaiei buruz. Eta Eleak mugimenduaren dokumentala ere ikusi ahal izango da: «Herri harresi fenomenotik abiatuta, ikusten da nola hartzen ari den desobedientziaren bidea». Gabonetako «eredu bakarra, intsumisio jarrerarekin» lotzeko baliagarria izango dela uste dute.

Urtezahar gauean, ohitura bilakatu den karaokea izango dute bertaratzen direnek. Ondoren, gazte asanbladako gazteen musika emanalditxo bat ere izango da.

Ekimen guztiak «irekiak» dira, eta are gehiago gaztetxea «gazte mugimenduaren eta herri mugimenduaren tresna» bat izan behar dela uste dute, eta gonbita luzatu diete espazioa erabiltzeko.

Gabon autogestionatuak

ABENDUAK 27, IGANDEA

18:00. Bertso tailerra.

ABENDUAK 28, ASTELEHENA

19:00. Jauzia proiektuaren aurkezpena eta Bisaiak: jauziaren aurpegiak dokumentala.

ABENDUAK 29, ASTEARTEA

19:00. Baserria XXI. mendean,

hitzaldia, Julen Galarragaren

eskutik.

ABENDUAK 30, ASTEAZKENA

19:00. Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentala.

ABENDUAK 31, OSTEGUNA

00:00. Karaokea eta talde sorpresa.

URTARRILAK 3, IGANDEA

18:00. Zer gertatzen ari da Venezuelan? solasaldia, Manex Gurrutxaga brigadistarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!