Laguntza beharra «beti» dagoelako

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 16a, 09:28

Ibarratik Misio Taldeak merkatu solidarioa antolatu du beste urte batez; abenduaren 20ra bitarte egongo da zabalik, goiz eta arratsaldez, parrokietako lokaletan

Gabonetan bihotzak xamurtzen dira, eta elkartasun mezuak nagusitzen dira jendartean. Testuinguru hori aprobetxatuz elkartasuna helburu duten hainbat ekimen ere martxan jartzen dira egun hauetan. Urteroko zita izaten da, esaterako, Ibarratik Misio Taldeak antolatzen duen merkatu solidarioa.

Igandean zabaldu zuten beste urte batez merkatua plazan kokatuta dauden parrokiko lokaletan, eta abenduaren 20ra bitarte egongo da zabalik. Goizetan 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldetan 17:00etatik 20:30era egoten da zabalik merkatua, baina igandean goizean soilik egongo da zabalik 10:00etatik 14:00etara.

Xabier Aierza, Ibarratik Misio Taldeko kidea da, eta azaldu duenez herritarrengandik «erantzun oso ona» jasotzen dute urtero. Alde batetik, merkatua zabaldu aurreko egunetan gauza «asko» ematen dituztelako herritarrek merkatuan saltzeko. Eta bestetik, merkatura erostera ere «jende asko» joaten delako bai Ibarratik eta baita Tolosaldea osotik ere. Jendeak merkatura urtero joateko «ohitura» ere hartua duela uste du. Horri lotuta badu bitxikeria bat ere Aierzak: «Nik iaz jakin nuen zenbait pertsonak elkarrekin hitz egiten dutela lehenagotik Tolosako zein Ibarrako merkatuetara etortzeko».

Helburu solidarioak

Ibarratik Misio Taldearen merkatua, ez da merkatu soila, atzean helburu solidarioa duen merkatua da, eta hain zuzen ere, «dirua biltzea» dute helburu lanean diharduten hiru herrialdeetan proiektuak «aurrera eramateko».

Bestalde, kontzientziazio lan bat ere egin nahi dute merkatu hori kaleratuz. Munduan dauden «beharrak» agertarazi nahi dituzte azokarekin, eta jendeak ikus dezala euren esku ere badagoela egoera horiek «konpontzeko» giltza.

Ekuador, Honduras eta Indian aritzen da lanean Ibarrako taldea, eta bertan hainbat proiektu gauzatzen dituzte urtero. Hondurasen, esaterako, urtero «auzo handi batean etxebizitzak» egiten dituzte. Bertako jendea «txaboletan» bizi da, eta babes gehiago emateko asmoz «porlanezko txabolak» egiten dituzte: «Gutxieneko estruktura finko bat izatea da helburua, bai komunarekin eta baita zerbitzuekin ere». Lortutako diruaren arabera, «hiru, lau edo bost» etxebizitza egiten dituzte.

Ekuadorren, bertan bizi den Jose Maria Garmendia apaizaren eskaerari erantzunez, kreditu kooperatiba bat dute bertan eta bertan duten lokala handitzeko lanak egin behar dituzte: «Egun duten lokala oso txikia gelditu zaie, eta lokal handiagoa egin behar dute. Lursaila badute, baina lokala egiteko laguntza eskatu digute».

Azkenik, India iparraldean, Txinako mugan dagoen herri txiki batean artategi bat egiteko lanak hasi zituzten iaz, eta lan horiekin amaitzea da aurrera begira duten asmoa.

Aierzak badaki proiektu horiek guztiek burutzeko zer lan egin behar den, baina pixkanaka gauza handiak egiten joan daitezkeela uste du: «Tantaz tanta betetzen da basoa».

1997tik lanean

Ibarratik Misio Taldea 1997an sortu zen, eta ordutik Aierzak dioen bezala «pixkanaka-pixkanaka» bada ere proiektu asko gauzatu dituzte: «Batzuk proiektu txikiak izaten dira, eta besteak gure ahalmenerako handiak, baina edonola ere hiru herrialdeetan proiektu asko gauzatu ditugu».

Urte hauetan guztietan egindako lanak pertsona «bete» egiten duela dio Aierzak, eta gainera, pertsona eta leku oso bereziak ezagutzeko aukera ere izan dute. Esaterako, Aierzak India «asko» ezagutzeko aukera izan du. Indiara urtero joaten da Aierza, eta taldeko beste partaide batzuk esaterako Ekuadorren egon dira. Bestalde, Hondurasen eta Indian euren kontaktuak diren mojak aurten Euskal Herrian izan dira, eta hemen aritu dira beraien herrialdeetako «beharrak» aztertzen.

Gainera, beraiek laguntza ematen hasi ziren herrialde horietan hasieratik hona «poliki-poliki hobetzen» doazela ikusi dute. Horrek pertsona askorengan izan dezakeelarik eragina: «Guretzako agian, gutxi dena beraientzako aldaketa handia da».

Aipatutako guztia, boluntarioen lanari esker egiten dute, gainera. Euren «ordu libreetan» egiten dute lan, eta gauzak aurrera eramatea «konplikatua» dela onartzen badu ere, denen «ahaleginarekin» aurrera doaz. Egun hamabi pertsona inguruk parte hartzen dute egunerokotasunean taldean, baina ekintza berezietarako jende gehiago biltzen da eta 20-30 inguru izatera iristen dira. Esaterako, merkaturako jende dezente behar izaten dute lan egiteko, «egun asko» direlako.

Aurrera begira

Ibarratik Misio Taldeak ez ditu laguntzen duen herrialdeetako proiektuak aukeratzen. Herrialdeetan bertan erabakitzen dute zer behar dituzten, eta horren arabera saiatzen dira batean edo bestean laguntzen Ibarratik, «beti beharrak betetzeko» asmoz, eta ahal den neurrian.

Horregatik, oraindik zehazteke dituzte hurrengo urtean burutuko dituzten proiektuak zeintzuk izango diren, baina beharrak behintzat «beti» izaten dituzte.

Gauzak honela, jendeak ahal duen neurrian laguntza emateko «gonbita» egin diete merkatu solidarioari bisita eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!