Gabonak girotzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Ibarran

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 16a, 09:38

Eragile ezberdinek parte hartu dute egitarau potoloa osatzeko lanetan

Gabonak gero eta gertuago daude, eta Ibarran aurretik ditugun egun horietarako egitarau zabala prestatu dute herriko eragile ezberdinekin. Astelehenean egin zuten aurkezpena udalak, merkatarien elkarteak, Hauspoa elkarteak, Gaztelekuak eta Uzturpe ikastolak.

Arkaitz Fraile, ingurumen eta merkataritza zinegotziak udalak energia kontsumoa «aurreztu» nahian, aurten ere kutsadura luminikoa «murriztu» nahi izan duela azaldu zuen. Bost urtetan egindako bidean jarraitu nahi dutelarik.

Kutsadura hori murrizteko ikastolako haurrek egindako apaingarriak jarri dituzte herrian zehar, «dena material birziklagarriaz eginda». Emaitza «oso polita» dela esan zuen Frailek eta horregatik ikasleek egiten duten lana «txalotu» zuen.

Herrian jarri dituzten argiak abenduaren 17an piztu eta urtarrilaren 7an itzaliko dira, 18:00etatik 21:30era.

Bestalde, merkatariekin elkarlanean udalak TAO txartelak atera ditu. Jada hasi dira txartel horiek banatzen eta urtarrilaren 31ra bitarte herriko dendetan erosketak egiten dituztenen artean, ordubetez doan aparkatzeko aukera izango da. Guztiaren helburua, ibartarrak «herrian bertan kontsumitzea» da, gainera, horrek «herrian bizia» sortzen duela uste du udalak.

Eragileen parte hartzea

Gabonetarako osatutako egitarauan, besteak beste, Ibarrako merkatarien elkarteak parte hartu du, eta Eider Otamendi elkarteko lehendakariak eman zuen guztiaren berri.

Batetik, errege bezpera bitarte Ibarrako saltokietan egiten diren erosketen truke bezeroei boletoak banatuko dizkiete euren datuekin bete eta saltokietako kutxetan sartzeko. Urtarrilaren 11n, 100 euroko lau opari txeke zozketatuko dituzte, saltoki bazkideetan gastatzeko.

Bestalde, Urtezahar eguneko krosean parte hartzen duten guztien artean opariak zozketatuko dituzte lasterketa amaitzerakoan: «Saltoki bakoitzak opari bat jarriko du».

Gazteak ere aintzat izan dituzte, eta «bizilagun eta bezeroei aisirako eskaintza integralagoa» eskaintzeko asmoz hainbat ekimen antolatu dituzte Gaztelekuko begiraleen laguntzarekin: mahai jolasak, joko kooperatiboak, sukaldaritza tailerra, saskigintza eta panpin tailerra...

Haur eta nerabeentzako zerbitzu horretan izena emateko ludotekara edo gaztelekura jo daiteke, abenduaren 18a, ostirala, bitarte. Berezia da abenduaren 29an egingo den sukaldaritza tailerra. 12-16 urte bitarteko 15 pertsonentzako lekua dago ikastaroan, eta parte hartu nahi dutenek Kiribil ile apaindegian eman beharko dute izena. «Tokiko komertzioetan sasoiko produktuak erosten ikastea eta sukaldearekin harremanak izaten hastea» dira helburuak.

Gainera, abenduaren 22an eta 23an hiru puzgarri ere jarriko dituzte, adin ezberdinetara egokituta. Sarrera doan izango da. Eta umeak bertan daudela Eguberrietako erosketak egiteko «aukera ona» izan daitekeela uste dute.

Hauspoa elkarteak, berriz, Olentzeroren jaitsiera eta Urtezahar eguneko krosa antolatuko ditu urtero bezala. Olentzero eta Mari Domingi, 18:00etan iritsiko dira plazara. Loatzo musika eskola, Alurr dantza taldea eta herriko abesbatza zain izango dituzte abestiak eskaintzeko. Ondoren, haurrek Olentzero eta Mari Domingirena jotzea izango dute desioak eskatu eta opariak jasotzeko.

Gaztelekuaren inagurazioa

Mikel Zurutuza da Gaztelekuko begiraleetako bat, eta jada proiektuan martxan jarrita dagoen arren abenduaren 18an, ostiralean, 19:00etan Gaztelekuaren inagurazioa egingo dutela adierazi zuen: «Orain arte egindako lanak erakusteko eta jendeari gerturapen bat egiteko». Interesa duen oro bertara joatera gonbidatu zuten «egitura eta material aldetik, eta eskaintzari dagokionez» bertan dagoena ikusteko.

Gabonetako zerbitzu bereziaren berri ere inagurazioan emango da. Hala ere, Gabonak igarotako aurretik ezarrita dagoen ordutegira itzuliko litzateke.

Egitaraua

ABENDUAK 21, ASTELEHENA

09:30-11:30. Postal tailerra 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan.
11:30-13:30. Postal tailerra, 10-12 urteko haurrentzat.
17:00. Hor konpon marianton bertsoak eta txontxongiloak, kultur etxean.

ABENDUAK 22, ASTEARTEA

09:30-11:30. Mahai jolasak, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan.
11:30-13:30. Mahai jolasak, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan
10:30-13:30. Puzgarriak plazan.
17:00. Hala bazan txontxongiloak Rosa Martinezen eskutik, 3 urtetik gorakoentzat.

ABENDUAK 23, ASTEAZKENA

09:30-11:30. Psikomotrizitate jolasak, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan.
11:30-13:30. Psikomotrizitate jolasak, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan.
10:30-13:30. Puzgarriak plazan.
16:00-17:00. 3D Puzzleak, gaztelekuan, 12-14 urte bitarteko gazteentzat.

ABENDUAK 24

18:30 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, hilerritik plazara.Loatzoko musikariek, Alurreko dantzafriek eta herriko abesbatzak parte hartuko dute.

ABENDUAK 28

09:30-11:30 Joko kooperatiboak, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan
11:30-13:30 Joko kooperatiboak, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan
17:00. 'Gutxiago gehiago da' ipuin kontaketa, kultur etxean

ABENDUAK 29

09:30-11:30 Sukaldaritza tailerra, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan
11:30-13:30 Sukaldaritza tailerra, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan
16:30-19:30 Sukaldaritza tailerra, 12-16 urteko gazteentzat. Herriko dendetan egingo dituzte erosketak, eta ondoren, Sendi-ekintza elkartean ariko dira sukaldatzen.
17:00. 'Txarkoren puxikak', Begira Teatroaren eskutik, kultur etxean

ABENDUAK 30

10:30-11:30 Saskigintza tailerra, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan
11:30-13:30 Saskigintza tailerra, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan
16:00-17:00 Panpin tailerra, 12-14 urteko gazteentzat, gaztelekuan
17:00. 'Emozioen magia', Eriz magoarekin, kultur etxean.

ABENDUAK 31

16:00. Urte zaharreko IV. krosa. Izen ematea Sendi ekintza elkartean plazan, abenduaren 30ean 18:00-20:00 bitarte. Abenduak 31n, 11:00-13:00 edo 15:00-16:00 bitarte.

URTARRILAK 4

09:30-11:30 Panpin tailerra, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan
11:30-13:30 Panpin tailerra, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan

URTARRILAK 5

09:30-11:30 Amaiera festa, 6-9 urteko haurrentzat, gaztelekuan
11:30-13:30 Amaiera festa, 10-12 urteko haurrentzat, gaztelekuan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!