Ayotzinapa, Mexiko ez hain lindo eta ilunaren isla

Ioseba Landa 2015ko abe. 9a, 10:30

Ioseba Landa ibartarra Mexikon izan da irailean, eta «Mexiko ez hain lindo eta ilun bat» aurkitu duela kontatu du.

Pasa den irailean, langabeziak eragindako amorrua gaindituz eta azken aurrezkiak ondo aprobetxatu nahian, Tolosaldea utzi eta Mexikora joan nintzen bidaian. Herrialde berri aski ezagun batera joan nintzen, gazteria ezagutzaz eta esperientziaz aberasteko asmoz. Europako gazteon ziurgabetasuneko etorkizun ilunaren aurrean, momentu laburrez sikiera, Latino Amerikara ihes egin nuen Mexiko lindo batera. Baina mariatxiak dantzatu, mezkala edan eta takoak jateaz gain, Mexiko ez hain lindo eta ilun bat aurkitu nuen: «Narko-Estatu terrorista» baten irudikapena alegia, Ayotzinapa izeneko herrixkako gertakizunekin, hain zuzen ere.

2014ko irailaren 26an Mexikoko Guerrero Estatuan dagoen Ayotzinapa herrixkako landa-eskola normalistako 43 ikasle desagertu ziren. Gobernuaren bertsio ofizialaren arabera, narkotrafikoaren mafiaren kontua besterik ez zen, alegia Mexikon oso ohikoa den «narkoaren» beste gertakizun bat. Eta desagertuen gorpuen inguruan, Gobernuak «egia historikoa» zabaldu zuen esanez 43 gazteak zabortegi batean izan zirela erraustuak.

Baina desinformazio eta zailtasun oro gaindituz, senitarteko eta norbanakoen borrokaren ondorioz, egia gailentzen ari da pixkanaka. Horrela, ikerketa independenteen arabera, ordea, ezinezkotzat jo da 43 pertsonen errausketa; hau da, 43 ikasleen gorpuak desagertuta jarraitzen dute eta Gobernua gezurretan ari dela mahaigaineratu da. Hori gutxi balitz, froga balistikoen bidez ejertzitoaren eta indar polizialen parte hartzea frogatu egin da. Beraz, PRI alderdiko Peña Nieto presidentearen Gobernuaren erantzukizuna eta narkotrafikoarekiko harreman estua agerian da.

Egun hartan, ikasle normalistek hezkuntzaren pribatizazioren kontrako protestetan parte hartzeko asmoa zeukaten. Urtero lez autobus publikoak bereganatu zituzten Mexiko DFko Urriaren 2ko ikasle protestetan parte hartzeko asmoz. Ikasle protesta horren jatorria, zehazki, 1968ko urriaren 2ko Tlatelolcoko gertakizuna da, alegia PRI alderdiaren Gobernuak urte hartan eginiko 300 ikasle baino gehiagoren sarraskiaren urteurrena. Eta oraingoan berriz ere Mexiko ilun hori agertu zitzaigun gurera: ejertzitoa eta Guerreron ohikoak diren talde paramilitarrak normalisten zain zelatan zeuden. Ondorioz, 43 desagertu, 9 hildako eta hainbat zauritu suertatu ziren. Hildakoen artean, bost ikasle normalista, tiroketaren momentuan inguruan zegoen futbol talde gazte baten autobusaren gidaria, futbol talde hartako jokalari bat, eta inguruan zegoen taxi baten bidaiaria izan ziren, hain zuzen.

Senideek eta herri eta indigena mugimenduek Mexikoko Gobernuaren ardura azpimarratzeaz gain, multinazionalek bertako baliabide naturaletan duten interesa ere aipatzen dute, alegia Latinoamerikako urre meategirik handienaren ustiaketan, besteak beste. Eta euren aldarrikapenetan ez da soilik Ayotzinapako gertakizunaz protestatzen, beste Estatu terrorismoaren jazoerak ere gogorarazten baitituzte: desagertu kasu guztiak (Giza Eskubideen aldeko erakundeen ustez, egun bakoitzean batezbeste 13 mexikar desagertzen dira, alegia Pinochet garaiko Txilen baina desagerpen gehiago), herri indigena, nekazari edota kazetarien kontrako erailketak, emakumeen aurkako bortxaketak, torturak, atxiloketa arbitrarioak, preso politikoen egoera, ustezko etsaien sorrera (narkoaren kontrako gerra faltsua), indigenen lurralde komunalen desjabetzeak eta abar luze bat.

Bidai honetan, beste Mexiko hori ezagutu dut, zapalduena eta baztertuena, alegia Mexiko ez hain lindo eta iluna. Eskola Normaletan, merkatuaren logikatik at dagoen hezkuntza eredu kritiko eta indigenistan oinarritutako irakasleen formakuntza lantzen da, eta Mexikoko Gobernu neoliberalak haien kontrako jarrera adierazi izan du historikoki. Eta nire kasuan, aurreko kurtsoan Irakaskuntza Formakuntza Masterra egin nuela bete-betean hunkitu ninduen Ayotzinapako desagertuen kasuak. Aitzitik, Hego-ekialdeko mendietan Mexikoren iluntasuna argitzen eta erresistentzian autonomia eraikitzen ari diren zapatistak ezagutzeko aukera ere izan nuen, eta haiek horrela deskribatu zuten Ayotzinapako gertaera hura, Galeano Azpikomandantearen hitzetan: «Ayotzinapako desagertuen kasua, ez da kasu bakana izan. Sistema kapitalistaren erokeria eta Gobernu ustel eta autoritarioen handinahia noraino iritsi daiteken adierazgarriaren beste adibidea baino ez da. Gure lagunak desagertu nahi zituzten baina mundu guztian agertu dira; bizirik kendu zizkiguten, bizirik nahi ditugu!»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!