EAJko udal taldeak azken sei hilabeteen balantzea egin du

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 19a, 15:41

EAJren proposamenetako bat haur parkeak estaltzea da

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetatik Bildurekin "adostasun batzuetara" iritsi diren arren, "gauza asko egiteko" dagoela uste du EAJko udal taldeak

Gauzak honela, "eguneroko arazoei erantzuten" saiatzen ari dela dio EAJk, eta horretarako "lehentasunak" ezarri dituztela diote.

Lehenik eta behin, lanean "gogotsu" ari direla, eta udal hauteskundeetako kanpainan agertutako "borondate berarekin" jarraitzen dutela diote jeltzaleek. Eta iradokizun, kexa eta zalantzekin gerturatzen zaizkien herritarrei "eskertu" nahi die horien berri ematea, honela "herriaren iritzia eta behar gorrien" berri izaten dutelako.

Herriko arazoei erreparatzerakoan, berriz, EAJk uste du "zaborraren arazoa eta birziklatzea" direla giltzarriak Ibarran. Taldeak argi du birziklatzearen alde egiten duela, baina ez daudela ados egungo zabor bilketa ereduarekin: "Zaborraren arazoan gure mezua atez-atekoari ezezko borobila izaten jarraitzen du, ez zintzilikarioei eta bai ontzietan oinarritzen den birziklatzeari, Bosgarren Ontzia (ontzi marroia) eraikiz eta organiko materia jasoaz". Halaber, Ibarrako EAJk uste du bertako herritarrak zaborraren arloan "oso kontzientziaturik" daudela, eta hortaz, birziklatu nahi dutela.

Gabritasunaren gaiari loturik, EAJko udal taldeak jakinarazi du Bilduko gobernu taldeari jada jakinarazi diola, euren iritziz Ibarra "oso zikin eta pankartaz eta paskinez beteta" dagoela, eta horri konponbide bat emateko "garbitasunezko eta margotasunezko plan sendo baten beharra" dagoela.

Bestalde, jeltzaleek "haur parkeen estaltzearen premia" ere iradoki dutela jakinarazi dute, hemengo klima dela eta "beharrezkoa" dela uste baitute. Era berean, jolas tokietan "segurtasunezko neurriak oso premiazkoak" direla ere gaineratu dute, umeen "erosotasuna eta segurtasuna" bermatu behar direla uste baitute.

Azkenik, aurrera begira ere hainbat puntutan lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Ibarraren aldeko lan sutsuan eta garbian jarraituko du, Ibarraren garbitasuna erabateko izan dadin, langabezia eta giza-baztertzearen aurka lana eginez, emakumeenganako dagoen desberdintasuna desagertu dadin, adin nagusiko pertsonen bakardadeak erantzuna izan dezan eta txikienganako ongizatea zabaldu dadin".

Gauzak honela, udal taldea prest agertu da herriaren aldeko "ahalegin eta ekintzetan" parte hartzeko. Horrela, udal gobernutik edota herri erakundeetatik heltzen zaizkien proposamenekin "bat egingo" dutela eta "bultzatzaile" izango direla ere aipatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!