Udalbiltzako partzuergoko kide izateko eskaera egin du udalak

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 6a, 09:06

Ibarrako Udalak plenoan erabaki du partzuergoan sartzeko eskaera bideratzea

Pasa den astean Ibarrako Udalak egindako ez-ohiko plenoan, udala Udalbiltza Partzuergoan sartzeko erabakia hartu zuen. 1999an sortu zen Udalbiltza, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra dena.
Mikel Agirrezabala alkateak adierazitakoaren arabera, Udabiltzatik jaso zuten Partzuergoko kide izateko «eskaintza». Duela urtebete ere jaso zuten eskaintza bera, baina erabaki horrek izan zitzakeen «eskubide eta betebeharrak» zeintzuk izango ziren ez zekitenez, gaia aztertu zen plenoan «mahai-gainean» gelditu zen gaia.

Orduan ekin zioten gaia aztertzeari, eta orain erabaki dute partzuergoan sartzea: «Udalbiltzaren proiektuan sinisten dugu eta bere baitan oso proiektu interesgarriak ditu». Horregatik, lehenago ere udaletik diru laguntza bat bideratzen zitzaion Udalbiltzari, baina bertako kide izateak udalari «eskubide gehiago» ematen dizkiola ikusita eta «obligazioak berdinak» direla ikusita proiektuan sartzea erabaki dute. Horregatik, plenoan onarpena eman ondoren, partzuergoari «eskaera» bideratu diote, bertako kide egin nahi dutela adieraziz.

Udalbiltzako batzarra izango da eskaera hori aztertuko duena, eta «oniritzia» eman beharko duena, Ibarrako Udala partzuergoko kide izan dadin. Agirrezabalaren ustetan «azaroaren erdi inguruan» egingo da erabaki hori hartzeko partzuergoko batzarra.  Aipatu bezala, pasa den astean egindako plenoan hartu zen eskaera egiteko erabakia, baina erabakia ez zen aho batez onartu, EAJko zinegotziak abstenitu egin baitziren, alkateari «informazio gehiago» eskatu zioten.

Babes juridikoa udalarentzat

Patzuergo kide izateak udalari «eskubide gehiago eta betebehar berdinak» emango dizkiola uste du Agirrezabalak, eta horregatik «interesgarria» iruditu zitzaien erabakia hartzea.

Aipatutako eskubide horietako bat da, partzuergoko kide izanda Udalbiltzan botoa izango lukeela udalak: «Hau da, urtean behin Udalbiltzak zer proiektu garatu erabakitzeko egiten den batzarrean botoa izango genuke».

Bestalde, Udalbiltzari eman beharreko diru laguntza biztanleria kopuruaren araberakoa izaten da, eta Agirrezabalak azaldutakoaren arabera, partzuergoko kide izan gabe ere Ibarrako Udaletik «2.000 euroko diru laguntza» bideratzen zen. Hortaz, ekonomikoki ez du aldaketarik suposatuko udalarentzat. Horri lotuta, Agirrezabalak uste du horrela diru laguntzaren gaiari dagokionez udala «juridikoki babestuta» gelditzen da. Izan ere, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria den Carlos Urkijok «udal bat baino gehiago» auzitara eraman omen ditu diru laguntzaren «arlo legala» auzitan jarrita. Nahiz eta, Ibarrako Udalari «oraingoz» gai horren inguruko auzirik ez dion zabaldu Urkijok.

Euskal Herria nazio

Euskal Herria nazio bezala aldarrikatzea da, besteak beste, Udalbiltzaren helburuetako bat, eta bide horretan ahalik eta udal eta hautetsi gehien biltzea ere «helburu» du Udalbiltzak Agirrezabalaren esanetan. Gainera, uste du Udalbiltza «beharrezko ente» bat dela. «Lanean» jarraitu behar duela eta «ahalik eta zabalena» izan behar duela.
Agirrezabalaren ustetan «ez du inongo logikarik» Udalbiltza EH Bilduk «bakarrik» osatzea. Horregatik, «epe ertain-motzean» estrategikoki aztertu beharreko gai bat dela uste du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!