Kultura gaztetxera eta herrira gerturatzeko, kultur astea

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 5a, 11:55

Bihar ekingo diote Ibarrako Gazte Asanbladak antolatutako kultur asteari hitzaldiarekin

Ibarrako gazte asanbladak urte batzuetan hozkailuan mantendu duen kultur astea berreskuratzea erabaki du udazken honetan. Hain zuzen ere, hamar eguneko iraupena izango duen egitarau zabala prestatu dute gazteen artean; bihar ekingo diote kultur asteari.

Julen Galarraga eta Aitor Maiza gazte asanbladako kideak dira, eta azaldu digutenez asanbladatik herriari «beste bixitasun bat» eta «beste zerbitzu bat» eskaintzeko asmotan sortu zen proposamena. Izan ere, gaztetxean kontzertuak bai, baina «hitzaldiak edota tailerrak» bezalako ekimenak «falta» zirela ikusita, horri buelta emateko ideiak botatzeari ekin zioten. Ideia «asko» sortu zirenez, guztiak bateratu eta kultur astea antolatzea erabaki zuten.

Lehen ere ospatzen zuten kultur astea gazte asanbladako kideek, baina hiruzpalau urtetan geldirik egon da. Horrelako ekimen bati «jarraikortasuna» ematea zaila dela dio Galarragak, oinarri «sendo» bat behar dela.

Herritik kultura, eta kulturatik herria leloa jarri diote aurtengo kultur asteari, eta Maizaren esanetan, hain zuzen ere, «gaztetxe bezala herriari beste gauza batzuk aportatu» nahi dizkiote. Bestalde, Galarragaren esanetan ikasturte hasieran «gazteria banatuta» dabil, eta horregatik honakoa «elkartzeko» eta «gure burua formatzeko» aukera dela uste du.

Antolakuntza lanak

Horrelako egitarau bat prestatzeak, lana eskatzen du eta gazte asanbladako kideak horretan buru belarri ibili dira azken asteetan. «Astero» bildu dira, ideia «egokienak» aurkitzeko eta lanak banatzeko. Hau da, «talde lanean» aritu dira.

Esan bezala, egitarau ahalik eta zabalena osatzen saiatu dira: «Saiatu gara ikastaroak sartzen, umeentzat zirko tailerra, hitzaldiak eta dokumentalak jendea formatzeko edo gauza gehiago ikasteko, tortilla txapelketa eta mojito gaua dibertitzeko...». Azkenean, «gustu guztietarako» egitaraua osatzen saiatu dira Galagarraren hitzetan, eta lortu dutela uste dute.

Egitaraua

Bihar bertan ekingo diote asteari, Ai Laket! antolakundearen hitzaldiarekin. Gaztetxean duela pare bat urte izan zirela eta «oso gustura» gelditu ziren Maizaren esanetan: «Gazteok ez dugu formakuntza hori jasotzen, eta gaiaren inguruan dakien jendea etortzen denez, ikasteko aukera ona da guretzako». Mus txapelketa izango da gauean «elkartu» eta «pike pixka bat» sortzeko.

Larunbatean, gaztetxetik mendira irtengo dira gazteak, Galarragaren esanetan «oso oinarrizkoa» iruditzen baitzaie inguruko mendiak ezagutzea eta inguruneaz «gozatzea».

Iluntzean, berriz, mendi irteeratik gaztetxera itzuli eta «etxera joan beharrean, elkartu, talo batzuk prestatu, denen artean jan, eta La educación prohibida dokumentala» ikusiko dute.

Igandean, «egungo egoera politikoa» aztertzeko asmoz antolatu dute Estatugintza eta naziogintza bidegurutzean? hitzaldia. Eta astelehenean, dantza ikastaroa emango dute gazte asanbladako kideek; izan ere, Maizaren esanetan gaztetxean «badaude dantzan ibili diren eta dakiten» gazteak batetik, eta bestetik «dantza ikasi nahiko luketenak, edo gustuko duena baina lotsagatik edo ausartzen ez dena». Horri konponbidea eman nahian, bai gaztetxeko gazteentzat eta baita herritar guztientzat ere «oinarrizko pare bat» dantza erakutsiko dituzte.

Horraino kultur astearen lehen zatia. Asteazkenetik aurrera ekimen gehiago izango dituzte, hurrengo asteburua ere ekimenez beteta izango dutelarik. Galarragak eta Maizak aipatu bezala kultur astea «erabat irekia» da: «Gaztetxeko ateak irekiak daude». Horregatik, Ibarrako eta inguruko herrietako herritar guztiak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte, eta bide batez gaztetxea «herrira gerturatzeko» ere probestu nahi dute.

Gazte asanbladaren egoera

Gazte asanblada da kultur aste hau aurrera ateratzeko lanean ibili dena, eta Galarragak dio beraientzat berezia dela asanbladaren proiektua: «Maite dugu eta aurrera eraman nahi dugu». Horregatik, astero biltzen dira, ekimenak aurrera ateratzeko. Ekimen horiek batez ere kontzertuak izaten dira, baina euren lana izaten da gazte festak antolatzea ere, eta horrek «lan handia» suposatzen duela dio Maizak. Baita gaztetxeko generazio ezberdinak elkartzen dituen Pipermin eguna ere.

«Osasuntsu» dagoela ez luke esango, azken finean, astero parte hartzen duten gazteak «batzuk» direlako, baina aurrera begira «belaunaldi berriak» badatozela dio, eta hori eurentzat «oso pozgarria» da. Horrek, gazte asanbladak «jarraipena» izango duela esan nahi baitu. Guztiaren helburua «gazteak mugitzea» eta «herriari bizitasuna ematea» dira.

Kultur astea

BIHAR, AZAROAK 6
18:30. Drogei buruzko hitzaldia, Ai Laket-en eskutik.
22:29. Mus txapelketa.

AZAROAK 7, LARUNBATA
10:00. Mendi irteera Ulira, eta bertan bazkaria.
19:00. Talo jana eta ondoren La educación prohibida dokumentala.

AZAROAK 8, IGANDEA
18:00. Estatugintza eta naziogintza bidegurutzean? hitzaldia Aritz Azurmendiren eskutik.

AZAROAK 9, ASTELEHENA
17:30. Dantza ikastaroa.

AZAROAK 11, ASTEAZKENA
Gauean. Filmazpi T dokumental saila.

AZAROAK 13, OSTIRALA
17:30. Zirko tailerra, Ibarrako plazan.
20:00. Monologoa Barry Manleyen eskutik.

AZAROAK 14, LARUNBATA
19:00. Tortilla txapelketa, mojitoak eta pintxada.

AZAROAK 15, IGANDEA
18:00. Bertso tailerra.
Oharra: Zirko tailerra ez beste ekimen guztiak gaztetxean izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!