Alkateei elkarrizketak

«Proiektuak martxan jartzen ari gara, 2016ko aurrekontuak lantzen ari garen bitartean»

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 4a, 09:45

Agenda 21eko proiektuak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Irisgarritasun plana dira Ibarrako Udalak 2015-2019 legegintzaldirako dituen lan ildo nagusiak, Mikel Agirrezabala alkatearen esanetan

Mikel Agirrezabala  zinegotzi izatetik alkate izatera pasa zen ekainean. Esperientzia «aberasgarria» izaten ari da berarentzat.

Maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduren boto kopuruak behera eta EAJrenak gora egin zuen. Zer hausnarketa egin duzue?

Hauteskundeen aurretik ere bagenekien duela lau urteko emaitzak guztiz errealak ez zirela, eta lau urte agintean pasa ondoren boto horietara iristea oso zaila zela. EAJren botoak altxatzean, nabaritu dugu duela lau urte guri pasa zitzaiguna beraiei pasa zitzaiela, eta hau ere gure ustez ez dela guztiz erreala. Hainbat faktore egon daitezke. Herritarrekin ondoren hitz egindakotik atera daiteke hondakinen gaiak eragin duela; komunikabideek ere oso ondo saldu dute Gipuzkoan kaosa dagoela, enpresariak badoazela... Orain bat-batean Gipuzkoan dena positiboa da... Nik uste dut faktore guzti horiek eragin dutela hauteskunde hauetan.

Aurreko legealdian zinegotzi izatetik, alkate izatera pasa zara. Nolatan hartu zenuen alkategai izateko erabakia?

Gure hautagaia eta herritar askorena Jexux Peñagarikano zen. Proposamena berari egin zitzaion, baina berak oso argi zuen ez zuela alkate jarraitu nahi, nahiz eta zinegotzi izaten jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Beste hiru pertsonek ere jarraitu dugu aurreko legegintzalditik, eta jarraipena ematea zen gure asmoa. Proiektuak abian zeudela jarraitzeko erabakia hartu nuen eta batzarrak ere oniritzia eman zion.

Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia?

Baldintza berri batzuk ditugu. Oposizioak beste karga bat du. Ezusteko batzuk ere izan ditugu; esaterako, kazkabar jasak ekonomikoki eragin digu. Bestela, oso ondo. Langileekin oso harreman ona dugu. Azkenean, udaletxean langileekin egin behar duzu lan eta giro on bat edukitzea beharrezkoa da. Proiektuak martxan jartzen ari gara, eta jada 2016ari begira aurrekontuak lantzen eta zer behar ditugun aztertzen ari gara.

Eta maila pertsonalean?

Egia da psikikoki neke estra bat nabaritu dudala lehen aldiz. Egun gogor baten ondoren, ez dakit zenbat kirol eginda baino nekatuago iristen naiz etxera. Baina, azkenean esperientzia aberasgarri bat da. Beste baliabide batzuk hartzen ikusten zara. Egia da azkeneko asteak zentratuagoak izaten ari direla. 2016ari begira ari gara lanean eta arnas pixka bat eman digute.

Udan festetako txupinazoa bota gabe gelditu zen Carlos Urkijoren salaketagatik. Nola bizi izan zenuten hura?

Oporretatik bueltan, festen bezperan etorri zen salaketa. Egia esan pena da festa giroko momentu batean horrelako gai bat kudeatu behar izatea. Lehengo astean artxibatu zen auzia, ondoriorik gabe. Nik uste dut aurretik dena kudeatzen jakin genuela. Aurreko egunean batzar bat egin zen zer erantzun eman jakiteko. Herritarrekin festa giroan erantzun bat eman zitzaion, prentsaurreko zabal bat egin zen. Gero mediatikoki izan zen zalaparta nik uste dut ez zela erreala izan.

Artxibatzearen arrazoiak eman al dizkizuete?

Azkena fiskaltzatik etorri zen artxibatzearen berria. Arrazoiari dagokionez, fiskaltzak zioen nola alkateak datu horiek aurreko egunean helarazi zizkion, nola epaile batek bertan behera utzi zuen eta txupinazoa jaurti gabe geratu zela. Guztiagatik bere horretan gelditzen zela. Urkijorekin irekita dauzkagu beste gai batzuk. Banderarena gainditu dugula uste dut, baina beti begira daukagu nola ote dugun. Bestalde, euskarari lotuta, arau orokorrak egiteko kontratazioetan euskara kontutan hartzea eskatzen dugu eta gai honekin ere epaiketetan gabiltza. Lehenengoa galdu egin genuen eta bigarrenerako defentsa prestatzen ari gara.

Zinegotzi liberatu bat izatetik bi izatera pasa zarete. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Aurreko lau urteetan alkateak zuen lan karga handia zen, handiegia. Gainera, aurreko lau urteetan beste baldintza batzuekin ere jokatu genuen; tartean amatasun baja luze bat eta goizez udaletxera etortzeko aukera zuen pertsona bat, erretirodun bat, nik ere nire lan malgutasunagatik hiru goizetan etortzeko aukera nuen. Baldintza guztiak kontutan hartuta eta duela zortzi urte liberazioa bat bi liberazioena baino garestiagoa zelarik, erabaki genuen bigarren liberazio baten beharra zegoela. Biztanleen arabera ere zegokiona zen eta apustua egin genuen. Perfil administratibo bat lortzen saiatu ginen eta administrazioan lanean aritutako zinegotzia da bigarren liberatua. Dinamika ondo kontrolatzen duena.

Kanpainan EH Bilduren ardatza herritarren parte hartzea izango zela esan zenuten. Nola burutzeko asmoa duzue?

Lehengo lau urteetan gauza batzuk lantzeko parte hartzea erabili da: Agenda 21, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, TAOa, plazako estalpea... Gai batzuk landu ziren egoki ikusi zirelako eta aukera egon zelako. Orain beste salto bat eman nahi dugu. Eraberritzea behar duten auzoak landu nahi ditugu, dinamika bat martxan jartzera goaz udaletxearen barruan guzti hori kudeatu eta baliabideak jartzeko. Bestetik, komunikazioan lan asko dugu egiteko, eta 2016ari begira aukera ezberdinak aztertzen ari gara, herritarrengana iritsi eta udalak ere beste presentzia bat izan dezan herritarren egunerokoan.

Datozen lau urteetarako zeintzuk dira zuen proiektu nagusiak?

Duela bi urte Agenda 21en berrikustean herritarrekin egindako bileretan 131 ekintza atera ziren, gure aurrekontuan lekua izaten hasiko direnak. Bestalde, arau orokorrak ere amaitu beharrak dauzkagu. Irisgarritasun eta eraberritzeari lotuta hurrengo lau urteetan auzoetara joatea oso garrantzitsua izango da. Gero, aisialdi gune ireki bat izatea aztertzen ari gara, bainurako balio lezakeena; finkatuta ez dagoen arren, apustua eta saiakera hortik joango litzateke.

Nolakoa da egun Ibarrako Udalaren ekonomia?

Proiektuetarako dirua behar da eta udalak dauzkan baliabideen arabera proiektu batzuetako bat-bateko erantzunik ezin dugu eman, baina daukagun zorra eramangarria da. Urte hauetan gastua kontrolatu egin da, eta ahal den doiketa handienak egin dira beharrezkoak ez diren gastu horietan.

Atez ateko sistema 2014an ezarri zenuten. Zer balantze egiten duzue?

Nik uste gai tekniko bat dela gero politikarekin nahastu dena. Garbi dago Ibarrak oraintxe bertan daukan sailkatze tasa %87koa dela. Uste dut eskualdeko altuena dela oraintxe. Hortaz, datuak berak bakarrik hitz egiten du. Guk esan genuen datu onena lortzeko sistema baten bila genbiltzala, eta onerako edo txarrerako sistema hori atez atekoa zen. Datuetan ikusi da herritarren %87ak sailkatzea ondo egiten duela.

Nola dago plan orokorra berritzeko proiektua?

2004ean hasi zen orduko udala plan bat egiten. Ordutik oraina hiru plan ezberdin egiten jardun da udala. Egia da lehenengo aldiz hau dela ekonomikoki bideragarritasun guztiak lortzen dituen plana. Herritarrekin ildo nagusiak jarri ziren, orain ekipo erredaktorea aukera horiek aztertu eta idazten ari da. Hasierako onarpenera urte amaieran iritsiko ginateke, eta 2016-17 amaieran amaituko litzateke plan hau.

Zerbait gehitu nahi?

2016ari begira aurrekontua osatzeko erronka hor daukagu. Gu ari gara programan genituen Agenda 21eko ekintza horiek eta herritarrek adierazitako behar horiek lantzen. Proiektu horiek eraikitzen hasiko gara, eta  gero bai herritarrekin eta baita oposizioarekin guztiaz hitz egingo dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!