Lanabesak, ofiziotik dantzara

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 30a, 12:03

XX. mendeko ofizioak eta ofizio horietako lanabesak taularatuko dituzte Alurr dantza taldekoek bihar, larunbatean, Topic-en aurkeztuko duten 'Lanabesak' ikuskizun berrian.

Euskal Herriko ofizioak eta lanabesak izan dituzte inspirazio iturri Alurr Dantza taldekoek ikuskizun berri bat prestatzeko. Iñaki Agirre eta Aiert Beobide koreografoek tradizioari eutsi diote sortze prozesuan, baina betiere ukitu berezi bat emanez. Larunbatean, urriaren 31n, 19:00etan, Tolosako Topic-en aurkeztuko dute Lanabesak izeneko emanaldia. Sarrerak www.topictolosa.com web orrian egongo dira salgai, eta larunbatean goiz eta arratsaldean Topic-eko sarreran bertan.

Eli Nosellas, Alurr dantza taldeko kidea da, eta berak azaldu bezala Alurr gertutik jarraitu duten ikusleek jada izan dute aukera larunbatean aurkeztuko den emanaldiaren antzeko bat ikusteko: «Orain dela bi urte, ikastaro bukaeran Lanabesak emanaldia egin genuen talde ezberdin batekin. Lan hori erdi bidean gelditu zitzaigula iruditu zitzaigun eta horregatik erabaki genuen talde honek berreskuratuko zuela eta emanaldiaren osaketa egingo zuela».


Duela bi urteko emanaldi hartatik abiatuta sortu dute, hortaz, Lanabesak. Aipatu bezala, antzinako ofizioak, «galduta daudenak eta oraindik bizirik daudenak», izango dituzte oinarri emanaldian, eta horiek «dantzaren eta jantzien» bidez eszenaratuko dituzte.

Lanaren aurrestreinaldia ekainean egin zuten Lekeition eta bertan jada publikoaren lehen sentsazioak jaso ahal izan zituzten. Eta beraiek ere emanaldia bera proban jarri zuten. Izan ere, emanaldiaren oinarri diren dantza tradizionalak bere horretan ikasi zituzten, baina gero musika, jantzia eta koreografia gehitzen dizkiote, eta horrek Kaxarranka bezalako dantza tradizionalei beste ukitu bat ematea eragiten du. Horregatik, esaterako, Lekeition hain ohikoa den dantza hori han bertan aurkezteak «beldur pixka bat» ematen zien. Hala ere, emanaldiaren amaieran beldur horiek uxatu zituzten, jendeak «hunkituta, negarrez» amaitu baitzuen: «Gehienbat arrantzaleen zatia egin genuenean, islatuta sentitu zirela esan ziguten». Ondorioz, emanaldiaren aurrestreinaldi horretatik «oso gustura» itzuli ziren Ibarrara Alurrekoak.

Historiaren garrantziaz

Lanabesen eta ofizioen gaia ez da besterik gabe aukeratutako gaia izan, Nosellasek azaltzen duen moduan Alurren emanaldietako gaiak beti ondo aztertuta eta zergati batekin hautatzen dituzte: «Gure historiarekin edo Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak aukeratzen saiatzen gara». Taldeak berak, esaterako, honen aurretik Uztartuz izeneko emanaldia prestatu zuen eta bertan «hizkuntza, musika eta dantza» uztartu zituen.


Emanaldi honetan 15-17 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute, gainera, eta hain zuzen ere, gazteek osatutako taldea denez «historiari lotutako gaiak» aukeratzen saiatzen dira: «Ezagutu dezatela historia, hori guretzako garrantzitsua da». Betiere, «berrikuntza puntu hori» emanda, gazteak direlako eta hori «gustatzen» zaielako. Izan ere, Alurren argi dute «sorkuntza» ezin dela «ondo» egin, «historia ezagutu gabe».

XX. mendeko ofizioak

Ofizio tradizional ugari izan dira Euskal Herrian, eta gizartearen bilakaeran ere zeresan handia izan dute. Arlo ezberdinak landu izan dira gure herrian, eta arlo guzti horiek ordezkatzen saiatu dira Lanabesak lanean: «Nekazarien sektorea, arrantzaleak, jostunak, arotzak, errementariak...». Bestalde, erromerien bitartez, herri giroa islatzen ere saiatzen dira emanaldian. Guztia, XX. mendeko Euskal Herrian kokatuta, «ohikoagoak» zirelako eta «gehiago ezagutzen» zirelako.

Halaber, ofizio bakoitzak bere tresnak izaten ditu, eta Euskal Herrian sarritan lan tresna horiei beste erabilera batzuk ere eman izan zaizkie. Folklorearekin lotu izan dira maiz, eta kasu honetan ere dantzetan eta eszenografian beharrezko osagai bilakatu dituzte Alurrekoek.


Eszenografiaren barruan kokatzen da musika, eta Nosellasek dioenez «denen artean» saiatzen dira aukeraketa egiten, eta horregatik ez da «oso erraza» izaten adostea. Musika erabaki aurretik dantzak aukeratzen dituzte, eta gero horiei egokitzen diete musika. Edonola ere, prozesu «luzea» izaten dela dio Nosellasek. Zenbait kasutan musika sortu ere egin izan dute beraien emanaldietarako, baina kasu honetan Alurren duten «artxibo handiari» esker eta «batetik eta bestetik» ekarritako musikarekin osatu dute musika zerrenda.

Jantziek ere istorioa kontatzen laguntzen dute Lanabesak ikuskizunean. Nosellasek uste du alderdi hori «fin» gelditu zaiela. Bestalde, dantzari guztiek emanaldi guztian parte hartzen dutenez, ez daukate jantzietan «aldaketa handiegirik» egiteko aukerarik. Horregatik, aipatu bezala osagarriak izango dira «bere puntua» emango diotenak eta dantza batetik besterako «bereizgarriak» izango direnak. Osagarri horiek, noski, ofizioetan erabiltzen ziren lan tresnak izango dira, besteak beste.

Atzeko lana

Lanabesak bezalako emanaldi bat prestatu eta aurkeztu ahal izateak, aurretik hilabeteetan zehar lan asko egin behar izatea dakar. Ekainean aurrestreinaldia egin ahal izateko «korrika eta presaka» ibili zirela dio Nosellasek. Ordutik beste emanaldi batzuk, oporrak eta ikasturte hasiera izan dituzte tartean, eta lanean lehenagotik hasi behar izan zuten emanaldia prestatzeko. Denbora falta horregatik, prestatzeko asmoa zuten beste zerbait ere gelditu zaie «erdi bidean», baina abenduan Bartzelonan eskainiko duten emanaldirako prest izatea espero dute. «Erronka» bat gehiago izango da dantzarientzat, ordurako landu beharreko zerbait berria izatea.


Horretaz guztiaz gain, Nosellasek dioen moduan gazteek «gauza askotan» parte hartzen dute. Astean bi egunetan izaten dute klase ordua, eta askotan «gertutik» tokatu arte ez da ikusten horrelako zerbaiten atzean «zer nolako lana dagoen eta zer ilusio dagoen». Gazteek badute nahikoa meritu Nosellasen ustez: «Gaur egun badakigu gazteak zer presiopeko munduan bizi diren eta hau beste gauza bat da; gustukoa, baina, azkenean lana eta diziplina eskatzen diena».

Hortaz, honen guztiaren atzetik «lan eta balore asko» daude, Nosellasen ustez. Hala ere, horrek ez du beraien ilusioa zapuzten: «Badakigu zer lan dagoen, gustukoa dugu eta ahal dugun bitartean egin egingo dugu».

Dantza tradizionaletatik abiatuta

Lanabesak lanerako Iñaki Agirrek eta Aiert Beobidek prestatutako koreografiekin egin dute lan. Alurrentzat «oso garrantzitsuak» diren bi profesional dira Agirre eta Beobide, baina Nosellasek dioen moduan berarentzat «lehenengo pertsona, gero dantzaria, gero koreografoa eta gero bestelako gauzak» daude. Pertsonen harremanetik abiatuta, harreman «ona» dagoela dio Nosellasek eta hori sorkuntzarako ere «garrantzitsua» da.


Hitz onak besterik ez ditu bi dantzari eta koreografoentzako Nosellasek: «Biak gaitasun handiko mutilak dira, euskal dantzak ondo ikasitakoak». Eta hori guztia transmititu egiten dute. Beobideri «sorkuntza» eta Agirreri «tradizioa» gustatzen zaizkie, eta biak elkarrekin lan egiterakoan, «ekipo ona» osatzen dute Nosellasen hitzetan.

Dantzaren estiloari erreparatuz gero, batez ere dantza «tradizionala» aurki daiteke. Oinarri horrekin, musika gehitu diote eta antzerkia ere txertatu dute. Zenbait dantzetan izaten den presiotik ere aldendu nahi izan dute kasu honetan, eta «ondo pasatzeko» dantzak ere txertatu dituzte emanaldian.

Dantzarien ilusioa

Lanabesak prestatu duen dantza taldea, berriz, 15-17 urte bitarteko 18 dantzariz osatua dago; hiru mutil eta hamabost neska. Emanaldi honetan parte hartuko duten dantzariak, urte askoan Alurren ibilitakoak dira, aurpegi ezagunak askorentzat eta Nosellasek dioenez «oso talde zorrotza» da. Urteetako esperientzia izan arren, gazteak dira eta agertokian «eskarmentua» hartzen ari dira; horietako asko txapelketatan parte hartzen ari dira, eta horrek ere laguntzen die horretan.

Hala ere, emanaldi bateko estreinaldian ohikoa den moduan «urduri» daude protagonistak. Gainera, estreinaldia Tolosan bertan izateak ere eragiten du horretan. Lekeitioko aurrestreinaldian aurpegietan nabari omen zitzaien «disfrutatzen» ari zirela, baina ikusleak «hain gertukoak» ez izanda «presio gutxiago» nabaritu zuten. Aldiz, etxe ondoan dantza egitean eta publikoa hain gertukoa izatean «oso oso urduri» jartzen dira. Topic-eko emanaldiaren ondorengoa, ordea, Bartzelonakoa izango da oraingoz eta ordurako «ilusio handiarekin» daude dantzari gazteak.

Abenduko zubian joango dira Bartzelonara Lanabesak ikuskizuna eskaintzera, La Gracia auzoan dagoen auditorium batean egingo dute dantza abenduaren 5ean, eta beste bi egunetan «turismoa» egiteko eta «talde giroa» sustatzeko aprobetxatuko dute.

Honenbestez, amaituz, Nosellasek eskerrak eman nahi izan dizkie ikuskizun hau aurrera ateratzeko lan egin duten pertsona guztiei: «Beti aurpegi eta izen batzuk ateratzen gara, baina esan beharra dago atzetik, nahiz eta puntualki izan, denon lanaren beharra izaten dela. Eta bereziki talde honek lantalde on bat duela atzetik eta beraiei esker gauza asko atera ditugula aurrera. Mila esker denei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!