Aniztasunean euskaraz bizitzeko, Auzoko

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 21a, 07:00

Gaur, 19:00etan, kultur etxean, bilera izango da Auzoko egitasmoa martxan jartzeko

«Herritarrak, aniztasuna eta euskara» oinarri dituen Auzoko egitasmoa martxan jarriko da bigarren urtez Ibarran. Izan ere, iaz programak izan zuen «arrakasta» ikusita, udalak aurten ere egitasmoarekin jarraitzea erabaki du. Pasa den astean egitasmoaren aurkezpena egin ondoren, hurrengo hitzordua gaur, asteazkena, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean izango da.

Ibarrako Gizarte Zerbitzuetatik jakinarazi dute jatorri ezberdinetako herritarrak elkarrekin harremanetan jarri nahi dituela egitasmoak: «Herrira iritsi berriek edota euskaratik urrun bizi direnek, euskal hiztunen eskutik euskarara gerturatzea du helburu nagusia, horretarako gure herriko hizkuntza aniztasuna ezagutarazi eta jatorri ezberdinetako herritarrak harremanetan jarriz».

Guzti horretarako astean behin bilduko da Auzokon parte hartzen duen herritar taldea kultur etxean, ordu eta erdiz. Eta dinamika ezberdinen bidez euskarazko oinarrizko hitzak ikasi eta elkar ezagutuko dute.

Herritar guztiei «zabalik» dagoen taldea da: «Euskarara gerturatu nahi dutenak eta horiei bidean laguntzeko prest daudenak». Hau da, auzokideak eta auzotarrak behar dituzte talde honetan. Auzotarrak dira euskaratik hurbil bizi diren pertsonak dira, eta auzokideak euskaratik urrun bizi direnak. Horregatik, gizarte zerbitzuetatik argi utzi nahi izan dute ez dabiltzala etorkinen bila soilik, «herritar guztiak onartzen ditugu gure artean».

Herritar bakoitzaren sorterriak, sustraiak eta ohiturak «ezagutu eta errespetatuko» dira egitasmoan gizarte zerbitzuetatik azaldu dutenez, eta euskaratik «urrun» bizi diren herritarrei «aukera emango zaie gugana gerturatzeko». Izan ere, gizarte zerbitzuetatik azaldu dutenez, euskara tresna «oso garrantzitsua» izan daiteke «integraziorako».

Egitasmoaren sorrera

Auzoko egitasmoa Uemak eta Euskaltzaleen Topaguneak euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskara hurbiltzeko kezkatik sortu zen: «Nola lor dezakegu euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea?».

Aipatu bezala, aniztasuna oinarri du egitasmo honek eta horregatik Aniztasunean, elkarbizitza euskaraz! da beraien leloa. Jada aipatutakoaren haritik, eta laburbilduta hiru dira egitasmoaren helburu nagusiak: «Euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea; herritarrak herriko hizkuntza aniztasunaren jabe egitea; eta euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa proposatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!