Piperraren festa ospatuko dute ibartarrek Ezpeletan

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 16a, 09:00

Urriaren 24an eta 25ean Ezpeletako Biper festan Ibarrako piperrak bere postua izango du

Urriaren 24an eta 25ean Ezpeletan (Lapurdi) Biper festa ospatuko da, eta bertan Ibarrako herritar talde batek parte hartuko du Ibarrako piperraren postu bat jarriz.

Jaione Bengoetxea, Hauspoa kultur elkarteko kideak, azaldu bezala Ezpeletekin harremanak «lehendik» datozte. Ibarran iraileko hirugarren asteburuan egiten den azokara beti beste herrialdeetako piperrak ekartzen dituzte, tartean Ezpeletakoak eta ibartarrei bertara joateko gonbitea egin zieten.

Azokara joateak helburu bikoitza du ibartarrentzat. Batetik, «Ibarra Euskal Herrian non dagoen» erakutsi nahi dute eta bestetik, Ibarrako piperra ezagutarazi nahi dute.

Hauspoak bultzatzen du ekimena, Xepla, 789 taldea eta Ibarrako Udalarekin elkarlanean, eta Bengoetxeak azaldu bezala Ezpeletara «lanera» joaten dira. Hala ere, iazkoa esperientzia «oso positiboa» izan zela dio Bengoetxeak: «Jende askok ez zekien Ibarra non zegoen ere, eta gure piperra mina ez izateagatik harrituta zeuden».

Ezpeletan arreta eman zioten piperra zeinen garatua duten ikustea; produktu mordoa dituzte: «Konfitura, marmeladak, mostaza bereziak...». Gainera, «Frantziako sukaldari guztiek» Ezpeletako piperrarekin egindako produktuak erabiltzen dituztela dio Bengoetxeak.  

 Ibarratik, ordea, «pote ozpindua» eta «frijitua» ematen dute, eta bigarrenak «harrituta» uzten ditu. Ezpeletan ikusitakoaren ondoren, beraiek ere boluntario talde bat diren arren, «bultzada txiki bat» eman nahi diote: «Inbertsio txiki bat edo handi bat egiten bada agian beste gauza batzuk egin daitezke». Hain zuzen ere, Ibarrako 789 taldeak ere «buelta bat» eman nahi izan dio piperrari eta produktu ezberdinak sortu dituzte: «saltxipiperra, piperrarekin egindako basurde-burua, ogia piper gustuarekin...».

Ezpeletako piperraren azoka «oso berezia» da, eta Frantzia osoko autobusak iristen dira bertara, Bengoetxea bera harrituta geratzen da: «Nire bizitza osoan produktu baten inguruko azoka horren handirik ez dut ikusi». Horregatik, Ibarrarentzako «erakusleiho» bat da Ezpeleta: «Handik inor ez zen atera gure postua ezagutu gabe». Musikariekin eta Ibarrako piperraren abestiarekin non zeuden adierazi zuten.

Herritarren bisita

Igandean, iaz bezala, autobus bat joango da azokara Ibarratik. Edozein herritarrek Ezpeletara joan ahal izango du «egun pasa desberdin bat» egiteko. Bengoetxeak dio iaz joan ziren herritarrak «oso gustura» ibili zirela, eta aurten ere jada galdezka daudela.

Ezpeletara joan nahi dutenek Ibarrako kultur etxera deitu dezakete edo bertara joan, eta izena eman behar dute. Bengoetxeak herritarrei «lehenbailehen» egitea gomendatzen du, autobusa bete arte izango baita lekua. 15 euro ordaindu beharko da, autobusaren, hamaiketakoaren eta bazkariaren truke.
Iaz aurreneko urtea izan zen eta «gogorra» izan zela dio Bengoetxeak kokatzea kostatu zitzaiolako, baina amaierarako jendeak hurrengo urtean itzuliko ziren ere galdetu zieten eta horregatik urte du aurten «hasierako mensfidantza galduta, jende gehiago gerturatuko dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!