«TAKE-ko herri giroa galtzeko beldurra izan nuen hasieran»

Mikel Iraola 2015ko urr. 15a, 07:00

Zortzi urterekin hasi zen Gaizka Maiza (Ibarra, 1996) TAKE-rekin jokatzen. Tolosako ibilbidea amaitutzat jo du uda honetan, Azpeitiko Iraurgi taldeak fitxatu baitu.

Zaila izan zen zure betiko taldea uzteko erabakia hartzea?

Bai. Ez nuen uste Iraurgi ate joka etorriko zenik. Urte asko eman ditut Tolosan, zortzi urte nituenetik, eta zaila izan da, azken batean, betiko lagunak eta eguneroko ohiturak atzean uzten dituzulako.

Iraurgiren deia jasotakoan nolakoa izan zen zure erreakzioa?

Maila bat gorago dagoen klub batek deitzen zaituenean, eskuzabalik hartzen da interesa. Hizketan hasi ginen bi taldeekin eta azkenean aldaketa egitea suertatu zen.

Duda uneetan, zerk bultzatzen zintuen Tolosan geratzea, eta zerk Azpeitira joatera?

Nahiz eta maila bat gorago jokatzeko aukerak asko motibatzen ninduen, errespetu asko ematen zidan, dena baita berria: liga, taldea, bizimodua... Ni TAKE-n oso-oso gustura izan naiz, oso, eta taldean genuen herri giroa galtzeko beldurra ere banuen. Iraurgira joatea erabaki nuen, anbizio askoko eta beste dimentsio bateko proiektua delako.

Pertsonalki zer aldatu zaizu?

Gauza berriak ikasten ari naiz. Tolosan gauza asko ikasi ditut jokalari bezala, eta Azpeitian ere ikasten jarraitzen dut. Gainontzean berdin jarraitzen dut, beti bezain positibo.

Zer nolako harrera izan duzu?

Oso ona. Klubeko jendeak, taldekideek eta ezagutzen ditudan herritarrek etxean bezala sentiarazi naute.

Guztiak euskaldunak izatetik atzerritarrekin jokatzera pasa zara.

Oso ezberdina da. Astean zehar bertan bizi naiz, Donostiako jokalari batekin, eta serbiarra den beste batekin. Donostiarrarekin euskaraz egiten dut, eta bestearekin ingelesez erabat. Tolosan euskaraz aritzen ginen guztiz; Azpeitian, ordea, entrenatzaileak ingelesez eta gazteleraz ere ematen ditu aginduak.

Ulermena erraza al da?

Saskibaloiko hitz gehienak ingelesez ere menderatzen ditugu, nahiz eta baten batzuk ikastea falta zaizkidan. Kanpotarrek ere laguntzen dute. Aldaketa nabaritzen den arren, salbuespenak salbu, normaltasunez aritzen gara, elkar ulertzen dugu.

Zein beste aldaketa nabaritu dituzu bi taldeen artean?

Kluba askoz ere handiagoa da. Jende gehiago mugitzen du. Horiek dira aldaketa nagusienak. Eguneko martxan ere nabaritzen da. TAKE-rekin astean hirutan entrenatzen genuen talde gisa, eta teknika indibidualeko beste saio bat izaten genuen. Azpeitian gehiago entrenatzen dugu, eta goizeko saioak ere izaten ditugu.

Exijentzia ere ezberdina da?

Bai, bereziki fisikoki. EBA ligan alor fisikoan aldaketa nabaritu genuen bezala, oraingoan ere nabaritu dut aldaketa. Udan zehar egin beharreko ariketak bidali zizkiguten eta nire kabuz aritu nintzen. Aurredenboraldia ere oso gogorra izan da, inoiz egin dudan gogorrena. Ederki sufritu dut!

Zer lortu nahiko zenuke Azpeitian?

Hobetzen jarraitzea, eta ahalik eta mailarik onena ematea. Klubak jartzen dituen helburuak lortzen laguntzea ere gure eginbeharra da.

Egin dezagun atzera. TAKE-ren aurka jokatzeko aukera izan zenuen irailean, Euskal Koparen barruan.

Gogoa nuen jokatzeko. Arraroa egin zitzaidan betiko taldearen aurka jokatzea, baina ondo egon zen.

Faltan botatzen duzu TAKE?

Ez dakit faltan botatzea den, baina jarraitzen dut taldea eta lagunak jarraitzen ditut sare sozialen bidez. Bonua ere erosi dut, eta esan diet ahal dudanetan joango naizela partidak ikustera. Faltan bota, faltan bota... azken finean lagunak gara eta hainbeste denboran elkarrekin egon ondoren orain ez egoteak badakar hutsune bat.

Nola bizi izan dituzu azken urteak?

Asko disfrutatu dut. Zortzi urterekin hasi nintzen eta sekulako oroitzapenak gordetzen ditut. TAKE-n dagoen giroa berezia da. Azpeitian sekulako giroa daukagu klubean, baina TAKE-ko giroa ere apartekoa da, naturala.

Zein oroitzapen gordetzen dituzu?

Asko. Adibidez, behin txikia nintzela, gogoan dut nola Yon etorri zitzaidan eta lehen taldeari ariketa batzuk egiten laguntzeko eskatu zidan. Sekulako ilusioa egin zidan. Lehen taldearekin egin nuen debuta ere ondo gordea dut. Askatuaken aurka izan zen, lagunartekoa. Eta gero EBA mailako igoera, Arrasaten. Hura bai ahaztezina. Izugarria izan zen. Une bakar bat aukeratu beharko banu, huraxe izango litzateke.

Nolakoa izan zen urtea EBAn?

Dena berria izan zen: entrenatzeko moduak, gainerako jokalariei jarraipena, teknika indibidualak... Baina oso urte polita izan zen. Maila mantentzea zen helburua, baina gauzak ongi egiten ari ginela ikusita, atzera begiratu beharrean aurrera begiratu genuen.

Nola ikusten duzu taldea denboraldi honi begira?

Talde ona osatu du. Telmo, Beñat eta Lander bezalako jokalariek indarra emango diote taldeari. Talde oso gaztea du, eta uste dut aurten ere talde askori lanak emango dizkietela.

Badago etorkizuna, beraz.

Bai. TAKE saiatzen da gazteei aukerak ematen, entrenamenduetan eta jokoan, eta hori oso positiboa da. Kluba horrela egoteak esan nahi du harrobiarekin oso ondo egiten ari direla gauzak. Gazteentzat ere garrantzitsua da lehen taldean gazteek lekua dutela ikustea.

Zein mezu utziko zenieke zure taldekide ohiei denboraldiari begira?

Egurra emateko, lehengo urtean bezala jarraitzeko, gauzak aterako direlako, eta taldeko giro hori sekulan ez aldatzeko.

 

MOTZEAN:

Erreferente bat bizitzan: Aita
Saskibaloi jokalari bat: Prigioni
Talde bat: Txikitatik Baskoniazalea izan naiz
Desio bat: Bizitza bizitzea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!