Aurresku txapelketako garaikurra Ibarrako udaletxean dago jada

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 14a, 17:30

Aimar Odriozolak (eskuinean), Mikel Agirrezabala alkateari eman zion trofeoa udaletxean jartzeko

Aimar Odriozolak Euskadiko XXXV. Gipuzkoako Aurresku Txapelketan irabazitako trofeoa udaletxean utzi zuen atzo

Aimar Odriozola ibartarrak Euskadiko XXXV. Gipuzkoako Aurresku Txapelketan txapela eskuratu ondoren, astearte iluntzean Ibarrako Udalean utzi zuen urtebeterako txapelketan irabazitako trofeoa, eta bide batez udalak eta herritarrek omenalditxo bat egiteko probestu zuten aukera. Gainera, Alurr dantza taldetik bere irakasle Iñaki Agirre ere omendu nahi izan zuten urteetan egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik. Ekitaldi xumea baina hunkigarria izan zen, bertaratu zirenentzat eta bereziki bi protagonistentzat.

Mikel Agirrezaba alkateak hitza hartutakoan, Odriozolaren afizioa, egindako lana eta dituen errekurtsoak goraipatu zituen. Aurrera begira duen «ibilbide luze eta emankorrean zorte ona» opa zion, eta udala «bidelagun» izango duela esan. Azkenik, eskerrak eman zizkien bai Odriozolari eta bai Alurri euren lanagatik.
Ondoren, Eli Nosellasek hartu zuen hitza Alurren izenean, eta garaipenaren berria «hunkituta» jaso zutela aipatu zuen.  Gainera, Iñaki Agirre irakasleari omenaldi bat egin nahi ziotela azaldu zuen: «Euskal dantzaren munduko izen ospetsu eta handienek lortu dute garaipen hori, besteak beste, Edu Muruamendiaraz, Jon Maia eta Aiert Beobidek. 15 urterekin Aimar Odriozolaren izena zerrenda horretan gehitzea ez da bakarkako lana izan. Alboan bultzaka eta lanean izan du bere irakaslea. Inor Aimarren hauspo eta urrats izan bada hori Iñaki izan da».

Agirreren «gomendioz» ekin zion Alurrek txapelketak prestatzeari eta horrelako irakasle bat izatea, Alurrek «hezkuntzarekiko duen konpromisoaren erakusle» dela azaldu zuen Nosellasek: «Bide zuzenean goazela erakusten duen  seinale bat besterik ez». Azkenik «zorionak» eman zizkien Odriozolari, Agirreri, Alurri eta Ibarrari.

Omenaldiari amaiera eman zioten Anjel Mari Peñagarikanok botako bi bertsorekin eta besteak beste, honako laudorioak eskaini zizkion Odriozolari eta Ibarrari: «Ikuskizuna aparta baita Aimar zure aurreskua», «Alde batetik dantzari onak, beste aldetik piparrak; sekula baino ospe handiagoa oraintxe dauka Ibarrak».

Iñaki Agirre • Dantzako irakaslea 


«Hemengoa izan ez arren, herri honetan maitatua sentitzen naiz»

Zer sentitu duzu zure ikasleak aurresku txapelketa irabazita?

Harro sentitzeko zerbait da. Azkeneko urteetako lanaren erakusle izan da lortutakoa. Sei  urte daramatzagu lehenik gazteen eta orain helduen txapelketan parte hartzen. Gure ikasle batek horrelako garaipena lortzea oso garrantzitsua da guretzat.

Maisuak ere izango du meritua, ezta?

Nire ustez gehienbat ikasleak du meritua. Azkenean guk berari laguntzen diogu ahalik eta hobekien egiten. Berak dituen akats txiki horiek zuzentzen ditugu, besterik gabe.

Urteak daramatzazue elkarrekin lan egiten. Honez gero elkarri tamaina hartuta izango diozue...

Zaila da berari gauzak zuzentzea, zeren oso ona da. Ikasle bezala ere eredua da: berak bakarrik entsegua egiten duena, zure beharrik ez duena gauzak prestatzeko... Horrek ere meritua du. Azkenean berak bizitzen du egiten duena, eta hor daude emaitzak.

Nola lantzen duzue txapelketako entrenamendua?

Oso gauza konkretuak dira lantzen dituzunak. Kasu honetan Gipuzkoako urratsak lantzen dira, zeren Euskal Herrian euskal dantzetarako urrats desberdinak daude. Beroketak eta malgutasun lantzen ere saiatzen gara. Txapelketan helburu finko batzuk daude, dantza finko batzuk.

Aimarren dohainetatik zer azpimarratuko zenuke?

Erraztasuna. Bera dantzatzen ikusita islatzen duena erraztasuna da.Nahiz eta dantza zaila izan, bera ikusita hain zaila ez dela ematen du.  

Zuk ere jaso duzu omenaldia txapelketako garaipenagatik.  

Ni oso pozik nago. Herri honetan maitatua sentitzen naiz, hemengoa izan ez arren. Sei urte inguru daramatzat hemen, hasieran dantzari hasi nintzen eta gero baita irakasten ere. Eta nik asko eskertzen diet nirekin kontatu izana klaseak emateko.

Zer sentitu duzu omenaldian?

Ez nuen espero. Oso harro sentitzen naiz, nire herria ez den beste herri batean nirekiko horrelako sentimendua dutelako.

Urte asko daramatzazu dantzari lotua. Zure pasioa gaztetxoei transmititzen saiatzen zara?

Guk dantza beti gurea den zerbait bezala bizi izan dugu. Gure ikasleei transmititzen saiatzen gara, batez ere gal ez dadin. Guretzat kultura oso garrantzitsua da. Hizkuntza bezala dantza ere gurea den zerbait da, eta hori ere bultzatu behar dugula uste dugu.

 

 

 

Aimar Odriozola • Dantzaria



«Jasotako omenaldia oso hunkigarria eta polita izan da niretzako»

Nola jaso zenuen Euskadiko txapeldun izatearen berria?

Ezusteko handia izan zen. Egun horretan ez nuen espero garaipena, baina poz handiz eta emozioz bizi izan nuen. Hasieran ez nintzen kontziente, baina astebete pasata konturatzen naiz zeinen polita izan zen eta zer balio duen horrelako garaipen batek. Oso pozik nago.

Nori eskaini diozu txapela?

Ekitaldi honetan adierazi den bezala txapela Iñakirentzat (irakaslea) eta lagundu didaten guztientzat da.

15 urtetik gorakoen kategorian parte hartu duzun lehen aldia da, eta txapela zuretzat!

Txikien mailan espero duzu irabaztea edo gutxienez aurrean ibiltzea, batez ere hor ohituta bazaude. Baina, helduen mailara pasa eta lehenengoan garaipena lortzea izugarria izan da, ezusteko handia.

Aurten lortzen duzun bigarren txapela da, gazte mailan maiatzean lortu baitzenuen. Ez al daukazu aurkaririk?

Aurkariak bai, baina ez dakit zer gertatu den aurten. Bi txapelketak irabazita gustura nago.

Kategoria batetik besterako alde handia nabaritu al duzu?

Bai, nabari dut. 15 urtetik gorakoetan urtero errepikatzen duten dantzariak daude, eta nahiz eta asko ez izan, maila bat dutenak joaten dira. Txikietan maila ez da hain handia. Esaterako nire adin ingurukoa beste dantzari bat bakarra zen. Besteak txikiagoak ziren, eta adin tartea nabaritzen da. Helduetan ez horrenbeste. Denak maila antzekoa dugu.

Zer esan dizue beste dantzariek?

Euskadiko txapelketan lehen aldiz beroketak egiten ari nintzenean, helduagoek txantxetan lesionatuko nindutela esaten zidaten, horrela ez nuelako irabaziko. Nik ez nuela irabaziko eta lasai egoteko esaten nien, baina azkenean ezustekoa jaso nuen.

Omenalditxoa ere jaso duzu udalean, zer sentitu duzu?

Txikia izan da baina niretzat oso hunkigarria izan da. Hainbeste ordu entrenatzen pasa eta gero, garaipena lortzeaz gain, nik irabazitako zerbait udaletxean jarrita egotea oso polita da. Udala eta herritarrak hunkituta eta pozik ikusi ditut eta nik ere gauza bera sentitu dut.

Zorionak jaso zenituen, ezta?

Txapelaren atzean bai nik eta baita Iñakik ere zer lan egiten dugun eta zer merituan dagoen ikusten dutenengandik kristoren zoriona eta poza jaso ditut.

Hiru aldiz irabaziz gero, udaletxean geratzen da trofeoa. Zuk uste duzu Ibarran geldituko dela betirako?

Ez dakit, baietz espero dut. Hemendik urtebetera ez dakit non egongo naizen, baina nik gogoa eta ilusioa ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!