"Lehen itzuliaren amaieran ikusiko da taldeak nora begiratzen duen"

Asier Imaz 2015ko urr. 7a, 07:44

Lauburu Ibarra areto futbol taldeak entrenatzaile berria dauka: Mikel Diestro (1986, Barakaldo). Lehen mailako talde batetik etorri da Ibarrara, proiektuak erakarrita.

Lana da bere filosofiaren ardatza, eta taldeak Bigarren B Mailan izango duen lekua, horrek zehaztuko duela dio. Denboraldiko hiru jardunaldi jokatu ondoren, Lauburu Ibarra garaipen batekin dago sailkapenean.

Nolatan erabaki zenuen Lauburu Ibarrara etortzea?
Aurreko denboraldian Xotan egon nintzen bigarren entrenatzaile bezala, lehen mailan. Zerbait desberdina egitea tokatzen zela pentsatu nuen, eta Lauburu Ibarraren aukera sortu zen.

Zerk erakarri zintuen urrats hori ematera?
Proiektu oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Lehen Mailatik Bigarren B Mailarako jauzia egin duzu. Atzera pausoa, edo bada beste zerbait, maila baino garrantzitsuagoa dena.
Desberdina da hemengo eta hango lana. Xotan garai oso onak pasatu ditut, baina berriro ere lehen entrenatzaile izateko gogoa nuen; ardura hori hartu nahi nuen.

Zein da denboraldi berriari begira Lauburu Ibarrari egin diozun ekarpena?
Taldeak denbora luzea darama modu batera lan egiten. Automatismo batzuk sortuak daude. Guk gauza txiki batzuk aldatu ditugu, eta oraindik, horietara egokitzen ari gara.

Asteburuan, hirugarren jardunaldian, iritsi ziren denboraldiko lehen puntuak, etxean irabazita.
Lehen zatian antsietate pixka batekin jokatu genuen, agian, aurreko bi partidak galdu egin genituelako eta egoerari buelta eman nahi geniolako. Defentsan oso lan ona egin genuen, baina kosta egin zitzaigun. Atsedenaldira 1-0ekoarekin bakarrik joan ginen. Bigarren zatian taldea serio aritu zen, egin beharrekoa eginez. Golak orduan iritsi ziren, eta partida 7-1 irabazi genuen.

Bi porroten ondoren, ia beharrezkoa zen garaipena, ezta?
Batez ere lasaitzeko, eta lanean jarraitzeko. Lehen partidan nahiko ondo aritu ginen, baina galdu egin genuen. Bigarrengoa berdin, baina amaierara arte hor egon ginen. Garaipena lortzen duzunean, lasaitasuna ere irabazten duzu.

Taldean aldaketak egon dira denboraldi berrirako. Zu zeu horren adibide zara, baina ez bakarra.
Jokalariei dagokienez hiru edo lau baja izan ditu taldeak. Baina fitxaketak ere egin ditugu. Iraitz atezaina etorri da, baita Ioritz gaztea ere. 19 urte ditu eta Egintzatik iritsi da. Xabi gaztea beheko mailatik igo dugu, jubeniletatik etorri diren Andoni eta Agus bezala; biak 17 urtekoak.

Harrobiarekin lan egiteaz gain, beraz, kanpotik ere iritsi dira fitxaketak.
Erdi bideko proiektu bat dela esan genezake. Argi dago harrobiarekin lan egiten duen taldea garela, baina horrez gain, kanpotik jokalariak fitxatzeko aukera badago, ez gara atzean geratuko, Iraitzekin gertatu den bezala.

Denboraldi honi zer eskatzen diozu entrenatzaile bezala; zein da helburua?
Lanean jarraitzea da helburua. Gure mailak gure lekuan jarriko digu. Entrenamenduetan taldea aurrera doala ikusten dut. Ez nuke helburu zehatz bat jarriko, horretara ez nintzateke ausartuko.

Azken denboraldian Lauburu Ibarra sailkapen taulan erdialdean ibili zen gehienean. Aurten ere hori izango da bere maila?
Esan bezala ez nuke horrelako helbururik jarriko. Lehen itzuliaren amaieran ikusiko da taldeak nora begiratzen duen, eta esan bezala, egiten dugunaren araberako lekuan egongo garela uste dut. Orain dakidana zera da, oso ondo ari garela lanean.

Ibarra entrenatzeaz gain, bertan ari zara bizitzen. Zer moduzko giroa topatu duzu herrian?
Lehen ere hemen jokatua naiz, eta leku lasaia dela iruditzen zait. Jende oso ona dago, eta gustura sentitzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!