«Gurasoek planteatzen dituzten egoerak baliagarriak dira denontzat»

Maier Ugartemendia 2015ko ira. 30a, 11:00

Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak gidatuta, Ibarran, guraso eskola jarriko da martxan urriaren 19an; bertan parte hartzeko hilaren 9rako izena eman behar da.

Ibarrako Udalak eta Uzturpe ikastolak guraso eskola antolatu dute urritik ekainera bitarte. Hilean bi orduko  saio bat izango da. Astelehenetan izango da. 14:45etik 16:45era edo 17:00etatik 19:00etara. Eskola urriaren 19an hasiko bada ere, izen ematea urriaren 9ra arte izango da, gizarte zerbitzuetan. Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzailea izango da eskola horien gidari lanetan ariko dena.

Gurasoek badute zer ikasi eskolan...

Bai. Ni ama naiz eta  ibilbide honetan zer ikasia badut. Niretzako, esaterako, amatasunean harrigarria izan da ohartzea zenbat urte pasa ditudan profesionalki zerbait prestatzen, karrera ikasten, etab. Eta ze denbora gutxi zuzendu dugun ama izateko prestatzera. Titulua jasotzen dugu profesionalki, baina guraso izatean topatzen gara gure ezintasunekin.

Adibidez, guraso bat zein egoeratan aurki daiteke pixka bat galduta?

Haurra jaiotzen den momentutik zalantzak izugarriak dira, eta gainera ingurukoek ere sorrarazten dizkidate, zeren badirudi ni baino hobeto ezagutzen dutela nire haurra. Gai guztiei lotuta: aluari lotuta, edoskitzeari lotuta, janariari lotuta... Gauza asko jaio orduko kolokan jartzen dira. Eta haurra handitzen doan heinean mugak jarri behar zaizkio edo ez...

Guraso eskolan honen inguruko aholkuak ematen dituzue?

Nik uste dut guraso eskola leku paregabea dela partekatze horretatik konturatzeko ez gaudela bakarrik, ez garela arraroak eta gure seme-alabei ez zaiela ezer txarrik gertatzen. Seme-alabek dituzten jokaerekin zer esan nahi diguten ulertzen saiatzen gara. Askotan instrukzio liburu horiek eskatzen gabiltzanean, betaurrekoak jartzea bakarrik falta zaigu, eta ikustea beraien jokaera horiekin zer aldarrikatzen edo zer behar eskatzen ari diren. Horrekin batera leku paregabea da denon artean ikusteko gurasoei ere zer gertatzen zaigun; haurrek horrelako jokaerak dituztenean gu ere zergatik jartzen garen horrela... Aholkuak jaso baino, ikusi ahal izango dugu geldiune batekin guraso bezala zer gertatzen zaigun eta baita haurrak jokaera hori daukanean zer esaten ari den. Hortik norberaren irtenbideak topatzea errazagoa delako.

Laster hasiko da eskola...

Badaramatzagu urte batzuk Ibarran. Oso talde emankorra da eta gurasoen inplikazioa hasieratik izan da oso polita. Aurten ere jarraitzeko asmoa dugu, eta orain arte bezala hilean behin elkartuko gara, bi orduko saioekin. Batzuetan hilabeteko tartetxoa luzetxoa egiten da, eta beste batzuetan ondo etortzen da gurasoak konpromisoarekin ez larritzeko. Hilabeteko jarraitasuna hilean gertatzen diren gauzei heldu eta pilak kargatzeko baliagarria izaten zaigu.

Nolako taldea elkartzen da?

Bi talde daude, eta normalean 15-17 pertsona baino gehiagoko taldeekin ez zait gustatzen lan egitea, eta hortxe ibiltzen gara. 

Gurasoak aipatzen ari gara, baina bikoteka joaten dira?

Aukera bientzako dago, baina normalean ordutegiak eta umeekin ere norbait gelditzearen kontuak eragin dezake. Kasu batzuetan biak etortzen dira eta besteetan bakarka. Ohikoagoa da bakarrik etortzen direnean amak izatea, baina badago bestelakorik ere.

Nondik ekiten diozu eskolari?

Nire lanketa eredu konkretu batean oinarritzen da, komunikazio ez bortitza izena duena, Marshall Rosenbergena. Lehenengo saioa ikasturtean izango dugun begirada honen aurkezpena egitera zuzentzen dut. Bi hausnarketa egiten dira: guraso bezala zerbaiti buruz hitz egin nahi dudanean seme-alabekin, bikotearekin edo edonorekin, zertan jarri behar dut arreta hitzak erabiltzerakoan, eta entzun nahi dudanean zer elementuri erreparatuko diot. Lehenengo saioan, hortaz, komunikazioan oinarritutako aurkezpena da. Hurrengo saioetan jada saiatzen gara guraso bakoitzak ekartzen dituen egoera konkretu edo gai konkretu horiei astindu bat ematen eta analizatzen; zeren oso baliagarria izaten da. Guraso batek planteatzen duenarekin guraso asko identifikatuta sentitzen dira, nahiz eta haurraren adina berdina ez izan. Noizean behin ariketaren bat ere planteatzen dut, norbera bizitzen ari denaren inguruan esperimentatzeko.

Guraso horiek zer adin tarteko haurrak izaten dituzte?

Nire lan egiteko moduan ez dut banaketarik egiten adin tartearen arabera. Batez ere modelo honetan zentratuta gehien axola zaidana gurasoek seme-alabekiko komunikazioa lantzea delako, eta horretarako ibilbidea edozein adinetara egokitu daitekeen eredu bat delako. Lan egiteko modua berdina da, baina egokitu egiten gara noski. Hau da, bi urteko ume baten gurasoak planteatzen badu kasketak dituela, haur hori bizitzen ari den adin ebolutiboan zentratuko gara. Baina, gauza asko egokitzen zaizkigu, bi urtekoak bezala edozein harrapatzen ditugulako kasketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!