Distantziak hautsi eta gertutasuna bilatuz

Maier Ugartemendia 2015ko ira. 23a, 08:30

Duela hilabete zabaldu ditu ateak Joxe Mari Barriola Ibarrako harategi eraberrituak; bezeroekiko gertutasuna bilatu dute eta euren helburuak lelo batean bildu: tradizioa eskura

Hurbiltasuna  eta goxotasuna dira Joxe Mari Barriolak bere harategi eraberritua definitzeko erabiltzen dituen hitzak. Duela hilabete inguru zabaldu zituen berriro ere Ibarrako Euskal Herria kalean kokatuta dagoen Joxe Mari Barriola harategiak, eta bertara sartzen diren bezeroak berehala konturatzen dira harategiak itxuraz gain, bestelako aldaketako ugari ere jasan dituela.

Esaterako, sartu eta berehala ikusi ohi den salmahaia kendu egin dute, bezeroarekiko hurbiltasuna lortzeko «oztopo» bat zela uste baitu Barriolak, Horrela, tradizioa eskura izateko «espazio gastronomiko bat» sortu dute. Gauzak honela, duela berrogei urte bere gurasoek abiatu zuten bidetik, eta tradizioa eta orain arteko produktuak albo batera utzi gabe, «ukitu moderno» bat eman nahi izan dio harategiari; betiere bezeroengana hurbiltzeko asmoz.

Bakarra eta berezia

Aipatu bezala, Barriola harategian ez dago salmahairik. Elikagaiak bezeroen eskura daude, eta harakinak bezeroen aurrean egiten du lan, erdian kokatuta dagoen mahai batean. Mahai horren bueltan «etxeko sukaldeko» giroa sortzen dela dio Barriolak. Saltzaile eta eroslearen arteko erlazio «oso berezia» sortuz.
Honakoa aspalditik buruan zebilkien proiektu bat da. Beraiek ospakizunetan urdaiazpikoa mozten eta gazta dastaketak prestatzen aritzen dira, eta hor izaten den «hurbiltasuna» bezeroek eta profesionalek «estimatu» egiten dutela ikusi izan du beti. Hain zuzen ere, hortik sortu zitzaion proiektu honetarako ideia. Gainera, sukaldaritzan ere bertatik bertara sortzea gero eta ohikoagoa dela uste du, eta «nahasketa hori ere zakuan sartuta» sortu dute euren proiektua.  

Eraberritua bada ere, lan horretan ari den familiako «hirugarren generazioa» da Barriolarena, eta horrek bera ere harategian bertan «hazi» izana eragin du. Harategia sortu zuten gurasoak iaz erretiratu ziren. Hain zuzen ere, horregatik berak «betidanik» ezagutu du harakinaren ofizioa eta «kanpoan» ere ibili izan da harategiak ezagutzen. Barriolak, ordea, «ukitu desberdin bat» eman nahi zion bere harategiari, eta horretarako «oztopoak kendu» eta «bezeroaren altura berdinean» jarri nahi izan dute.

Estetiko ere ohiko harategietako itxurarik ez du Barriolarenak, izan ere, bere ustetan harategiak «hotzak» iruditu izan zaizkio berari, eta gaur egungo argiztatze sistemak eta materialak erabiliz beraiek «leku goxo» bat sortu nahi izan dute, bezeroa «ondo» sentituko den leku bat.

Maisu lana, eskulana

Ofizio asko «galtzen» ari direla uste du Barriolak, baita harakinarena ere, eta bide horretan «eskuekin» egiten duten lan hori eszenatokira «atera» eta «erakutsi» egin nahi izan du; «ikuskizuna» eskainiz.
Horrexegatik tradizioa eskura leloa bereganatu du Barriolak. Tradizioa ofizioa mantentzen duen «hirugarren generazioa» delako eta «bertako euskal produktua» ez dutelako ahaztu nahi izan. Eta eskura, kalean «denen eskura» dagoelako saltokia, «eskuekin» lan egiten dutelako eta lana «oso eskura» dagoelako.

«Harrera oso ona»

Hilabete inguru darama zabalik dendak, eta lehen aldiz sartzen diren bezeroak hasiera batean harriturik geratzen direla dio Barriolak: «Bezeroak ez daki non dagoen bere espazioa». Baina, «segituan» eta nahi gabe», mahaiaren inguruan kokatzen dira.

Honenbestez, jendeari egindako aldaketak «asko gustatu zaizkio», bai betiko bezeroei eta baita bertaratu diren bezero berriei ere.

Barriola bera ere «oso gustura» agertu da orain arteko erantzunarekin. Lan «gehiago» egiten ari dira. Bezeroekin «oso eskertuta» dago Barriola, eurak gabe bere proiektua ez litzatekeelako «existituko». Balorazio orokorra egiteko «sei hilabete edo urtebe» igaro beharko duen arren, baina orain arte izandako harreragatik eta bezeoen erantzunagatik «oso pozik» dago. Gainera, aldaketa hauek guztiak eta proiektu hau abiatzeak berari ere ilusioa «berrpizteko» balio izan diola aitortzen du Barriolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!