Berrikuntzekin dator igandeko Ibarra, Azoka eta Piparra

Iñigo Terradillos 2015ko ira. 16a, 14:38

Igande honetan, hilaren 20an, hartuko du Ibarrak azoka berezia. Bi gunetan banatuta, gastronomia eta artisautza postuak, abereak, Piperraren Lehiaketa Gastronomikoa eta Piperraren Topaketa izango dira. Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da etzi, 19:30ean hasita, eta Ibarrako sarreratik, egingo duten Ibarra piparra, kantari kantujira.

Ibarrako Hauspoa kultur elkarteak hamaseigarren urtez antolatu du aurtengo azoka. Lehenengo gunean, Emeterio Arresen, Ibarrako nahiz Ibarraldeko  baserrietako abereak jarriko dituzte ikusgai. Besteen artean, 40 hegazti barietate baino gehiago izango dira. Era berean, hainbat produktu dastatu eta erosteko aukera izango da, hala nola, baratzeko produktuak, haragiz eginiko pintxoak, ogia, gozogintza, jogurta, izozkiak, gaztak, pateak, bakailoa sagardoa eta taloa.
Euskal Herriko piperraren VI. topaketa ere Emeterio Arresen egingo dute. Ibarrako piperarrekin batera, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Peraltakoa, Lodosakoa eta berrikuntza moduan, mexikarra ere sartu dute 789 Ibarrako piperra elkartekoek. Piperrak eta piperrekin eginiko produktuak izango dira dastagai, eta hainbat ezusteko ere iragarri dituzte.
Lehiaketa «errotua»
Bestalde, Xepla elkarteak antolatzen duen Ibarrako Piperarren Lehiaketa Gastronomikoa ere gune berean egingo dute. 11 urte beteko ditu aurten, eta antolatzaileek azaldu moduan, «Euskal Herriko lehiaketa gastronomikoetan toki garrantzitsua izatea lortu du». Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parte hartzaileak izango dira. Oraingoz 20 sukaldarik eman dute izena, eta 22ko muga dute jarria. Ibarrako piperrarekin eginiko sei pintxo eta piperrada prestatu beharko dituzte eguerdirako, eta horiek sukaldari entzutetsuz osaturiko epaimahaiaren esku utzi.
Artisauak, merkatariak eta eztia
Bigarren gunea, San Bartolome plazan kokatuko dute. Bertako eta kanpoko artisauek jarriko dituzte postuak han, eta tailerrak ere eskainiko dituzte, zeramika, bitxigintza, oihalezko artisautza, txori txabolak, jaboi eta ukenduak, kasu.
Tolosaldeko XVIII. Ezti Lehiaketa ere gune honetan egingo dute lehengo aldiz, eta Ibarrako merkatariek gune berezi bat jarriko dute, berezoentzako zozketekin, edota gaztetxoentzako oparitxoekin. Halaber, saskigintza tailerra izango da gazteentzat, eta baita magia ikuskizuna ere.
Azoka girotzeko, duela 20 urte herriko txistulariak zirenek kalejira egingo dute goizean zehar, eta dantzak ere ez du hutsik egingo. Alurr dantza taldeko gaztetxoak eta trikitilariak ariko dira bi guneetan kalejiran, eta herritarrei gonbita luzatu diete eurekin batera dantzatzeko. Era berean, biharko kantujiran parte hartzera animatu dute antolatzaileek, eta, nola ez, azoka bisitatu eta bertako produktua kontsumitzera «bertako merkataritza bultzatzen baita horrela».
Hauspoak irudi berria
Hauspoa elkartea duela 16 urte sortu zen, Kilometroen ostean. Kilometroetarako herriko hainbat elkarte lanean aritu ziren, eta hori ikusita, pentsatu zuten herriak elkarte guztien elkarte bat behar zuela izan. Horren ondorio moduan sortu zen Hauspoa, «eragile desberdinak elkartu eta herriari bultzada emateko helburuz». Hauspo bat izan zen elkartearen lehen irudia. Handik bi urtera aldatu eta Herria eta kultura jartzen zuen irudia egin zuten. Aurrerantzean Oscar Casadok eginiko logoak irudikatuko du elkartea. Egileak kontatu duenez ondorengoa da logo berriaren esanahia: «Hauspoak eragiten duen haizea adierazten d Ibarrako kultura eta kirolaren bultzada gisa, hauen aniztasuna koloretan gorpuztua dagoelarik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!