Astelehena, Piparraren azokako lehiaketetan izena emateko azken eguna

Ataria 2015eko irailaren 11

Datorren igandean ospatuko da Ibarra, Azoka eta Piparra. Piperrada eta pintxo lehiaketak XI. edizioa izango du aurtengoa.

22 parte-hartzailerentzat lekua izango da Emeterio Arrese Parkeko azokan, eta nahi moduan aurkeztu ahal izango dira: bakarka edo sukaldari-laguntzailearekin.

Kopurua mugatua da, eta izen-emate dataren arabera esleituko dira suak. Antolatzaileen esku izango dira sua, gasa, Ibarrako piparrak, piper gorri eta berdeak, eta tipulinak. Hortik aurrerako osagaiak parte-hartzaile bakoitzaren esku geratuko dira, baita sukaldeko tresnak ere.

Bi eginbehar izan beharko dituzte:

Alde batetik, Piperrada bat prestatu beharko dute; bestalde, sei pintxo egin beharko dituzte, guztiak berdinak eta Ibarrako piparra osagai nagusi izanik.

Lehiaketa batean zein bestean honakoak izango dira sariak:

  • Irabazleak: 200 euro
  • Bigarren sailkatuak: 150 euro
  • Hirugarren sailkatuak: 100 euro

Izen-emate epea hilaren 14an amaituko da, astelehenean, eta interesatuek Ibarrako Kultur Etxera joan, 943670399 telefonora deitu, ibarrakult@euskalnet.net posta helbidera idatzi edo posta arruntez honako helbidera bidali beharko da: Euskal Herria kalea 44, 20400 Ibarra.

Izen-ematearekin batera, sukaldariaren -eta laguntzailerik balego haren- izen eta abizenak, herria, telefono zenbakia eta elkarteren baten izenean parte hartuz gero, elkartearen izena adierazi beharko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!