Aspaldiko!

Asier Imaz 2015ko ira. 13a, 10:00

Ibarran bada kuadrilla berezi bat; historikoa. Bere izena, Komando Arrastaka da. Antxon Elustondo Urruzola bertako kidea da; Fresnon (AEB) bizi den ibartarra.

Ibarran gelditu izan banintz, hilerrian egongo nintzateke». Antxon Elustondo Urruzola Pattarras Ibarrara itzuli zen abuztuan, 17 urte eta gero. Aurreko bisita ez zen oso luzea izan, bere sorterrian hiru egun besterik ez baitzituen pasa. Esan daiteke, beraz, herrian lasai egoteko azken aukera, 1984ean izan zuela. Nahiz eta lasaitasun hark, bere gorabeherak ere izan zituen, politika tarteko. Pattarras, Komando Arrastaka ospetsuko kidea, Ibarratik 1977. urtean joan zen Ameriketara; artzai.

Denbora guzti horretan gehien aldatu dena bera izan da: Komando Arrastakako Pattarras izatetik, Komando Arrastakeko Antxon Elustondo Urruzola izatera pasaz.

Haurtzaroa


«Monagilo bezala zortzi urtez ibili nintzen; nire ustez 'kostunbrea' orduan sartu zitzaidala».

Antxon Elustondo Urruzolaren gurasoak Ibarrako Egiko baserrikoak eta Txumitxakoak ziren. Bera, Zaldune baserrikoa. Eskola herrian bertan hartu zuen Elustondok: «6-14 urteko haurrak maisu bakarrarekin egoten ginen: adin desberdinetako 120 ikasle klase batean. Eta nola egon gainera…, firme, en regla». Maisuak egurra ematea orduan ohikoa omen zen, eta hori ez ahazteko moduko arrazoiak, besteak beste, Elustondoren ikaskide eta lagun Jexus Mari Ozaitak kontatzen ditu: «Oso zorrotza zen maisua. Buruan lau ile besterik ez zituen, eta horrekin adar pixka bat jotzen nion. Baten batek, ordea, kontatu egiten zion eta… behin eskuak odoletan geratu arte aritu zitzaidan ematen. Nik hortzak estutu, eta 'eman, eman' esaten nuen nire barrenerako, amorruz. Eta horrela, eskuak odoletan geratu arte…». Hori nahikoa ez, eta etxera joandakoan, aitaren txanda izaten zela dio Elustondok: «Nagusiei errespetua faltatzea handia zen, eta zer esanik ez maisuari».

Egurra jasotze hori ez zen beti hain arrazoigabea izaten. Elustondo eta Ozaita, beste behin, etxerako erosketak egitera joan ziren Txumitxa ondoko dendara. Barruan, lurrean, 300 pezeta ikusi zituzten, eta akabo: «Ezin dirua gastatu!». Lagun bati ere altxorraren berri eman zioten, eta hura ere saltsan sartu zen. Egunak joan eta egunak etorri eta, «ezin dirua gastatu; zer zen hura?». Anaia begiluzeren baten salaketak, ordea, zerua infernu bilakatu zuen, eta gurasoak, dendakoa, eta ziurrenik herri osoa ere enteratu zen Elustondo eta bere lagunen delituaz: «Orduan 300 pezeta soldata zen, eta gurasoak enteratu zirenean… Laguna, aitaren eskuaren marka argi-argi masailean zuela joan zen hurrengo egunean eskolara».

Antxon Elustondo monagilo bezala ikustean baten-batek pentsatuko zuen haur hura aingerua zela. «Mila pezetakoa hiru etxek ematen zuten elizan, eta horiek ezin ziren ukitu. Baina beste guztia…». Amen. Kostunbrea-ren hasiera ere orduan kokatzen du Elustondok. «Ongi ezagutzen genuen zein apaizek zer egiten zuten ardoarekin. Ura eta binagrearekin ongi moldatzen nintzen ni, eta botilatik hasi ginen. Zerbait hartu eta beste horrenbeste utzi. Apaizak ordea konturatzen hasi ziren, ardoa galtzen hasia zelakoan. Orduan, zuzenean garrafoira pasa ginen, baina denbora batean, berriz berdin ginen». Hor amaitu zen Pattarras-en monagilo ibilbidea, «ez genuen horrelakorik zugandik espero» batekin.

Artobixarrak egunkarian biribildu, su eman, putz egin, kea bota eta zigarroz zigarro, lehen mozkorra ere ez zaio inoiz ahaztuko Elustondori: «14 urte nituela. Ortzi Leunda eta biok San Joanetan, tiropitxoian. Txotx bat botaz gero, pipermin berde-berdea ematen zuten, kopa edo. 20 bota nituen. Hasierakoak ulertzen ditut, baina bukaerakoak? Nik ere ez dakit nola botatzen nituen». Komando Arrastakaren lehen printzak izango ziren haiek.

Baina, garai hartan, broma gutxi onartzen dituen beste pasarte bat ere ezagutu zuten inguruan, Elustondo eta bere lagunek. «Ibarran apaiza herritik bidali zuten. Doktrinan, haurrekin geratzen zen. Karameloak ematen zituen alde batetik, eta bestetik, ukituak eta abar. Guardia Zibila joan zen bere bila, eta eroetxeren batera eraman zuten». Ondoren, herrian ixilik kontatzen denaren arabera, Espainia aldera bidali zuten apaiza, eta han, bide beretik segitzen zuenez, guraso batzuk palarekin edo buruan jo, eta akabatu egin zuten. Zulora.

«Gero, beste apaiz bat etorri zen Ibarrara, eta hark, gure lagun bati andregaia kendu zion», amaitzen du elizkizuna Elustondok.

Komando Arrastaka


«Lagunek ez dute jakingo baina nik militarra izan nahi nuen. Eta saiatu nintzen, baina zaila zen».

Aurreko belaunaldia Xebas Goikoetxeak eta osatzen zuten. Haiek marka altu jarri baldin bazuten, Pattarras eta bere lagunek erregistro guztiak puskatu zituzten: «Inguruko guztiek ezagutzen gintuzten. 'Ibarrakok etorri dira' eta antzekoak entzuten genituen». Ibarrako horiek, Komando Arrastakakoak ziren: Katu, Txepe, Topote, Kopi, Ortzi, Gabirondo, Ozaita, Beltza, Garmendia… «Ez dakit nondik datorren izena. Ortzik errena zelako? Guk arrastaka gehiago egiten genuen», argitzen du Elustondok. Tolosako Inauteriak eta herriko festak maiteak zituzten, baina taxia hartu eta hara eta hona ibiltzeko ez zuten inongo erreparorik. Liskarrak ere ez zituzten urrun izaten, eta pelikulako zintzoek gaiztoak behar dituztenez, Andoain inguruan kokatzen dituzte euren aurkariak Komando Arrastakakoek.

Baina dena ez zen parranda. Arraunean ere fin aritzen ziren ibartarrak, eta San Joanetako Batel Txapelketan bandera bat baina gehiago irabaziak dira. Pattarras-ek bere burua orduan ondo zaintzen zuen. Igeri jakin ez arren, gogor saiatzen zen entrenamenduetan. Baina arazo bat zegoen: estropadak amaitzean, ospakizunak hasten zirela, eta horiek, kostunbre bilakatzen zirela.



Parranda eta kirola batzen direnean, haurra apustua izaten da. Ezetz Ibarratik Leaburuko elizara 30 minutuan igo, 35 kilo soinean hartuta. Apustuaren kontaketa Elustondorena da: «Nik eta beste batek hori egitea posible zela esaten genuen, eta beste bik ezetz. Laguna eta nire artean nork egin behar zuen erabakitzeko txanpona airera bota genuen, eta berari tokatu zitzaion proba egitea. Bentaraino iritsi zen, beraz, gutxigatik galdu genuen afari hura. Lasaiago irten izan balitz, elizaraino iritsiko zela uste dut». Edo taxista zahar batekin tabernan egin zuen beste hura: «Txokolatezko Kaiku edaria izaten zen orduan, eta zeinek azkarrago edan bota zidan apustua. Ni ez nintzen Kaiku zalea, baina hark baino azkarrago edango nuela uste nuen. Tabernariari bi botila eta bi baso eskatu zizkion taxistak. Dena prest jarri genuen; botila eta ondoan basoa. Ni basoa betetzen ari nintzela, kabroi hark botilatik zuzenean edan zuen. Legez irabazi zuen apustua, baina a zer kabreoa harrapatu nuen!». Baina denak ez zituen galdu Pattarras-ek: «Ezetz Ibarrari hamar buelta eman, hau da, 40 kilometro, zortzi orduren azpitik. Lehen bi itzulietan gorputza gaizki sentitzen nuen. Gero lagun batek txanpain botila txiki bat eman zidan, eta hura edan ondoren, asto zaharrak bezala haize batzuk bota, eta buelta eman nion. Azkenean erraz amaitu nuen; sei ordutan».

Tartean soldaduskaren erronka tokatu zitzaion Elustondori. Pattarras, ordea, gustura joan zen, itsas armadako kide izan nahi baitzuen: «19 urterekin joan nintzen, eta hiru urte t'erdiz egon nintzen. Itsasoan ibili nahi nuen, ontzi batean. Baina oso zaila zela ikusi nuen eta uztea erabaki nuen».

1977an hil zitzaion aita Pattarras-i. Aurrez ama hila zitzaionez, etxean arrebarekin bakarrik gelditu zen. Orduan erabaki zuen dena aldatzea; gauetik goizera: «San Bartolome batzuetan izan zen. Festatik etxera itzuli, eta ez dakit edo mozkorra edo erdi ametsa izan zen, baina joan behar nuela erabaki nuen. Behin zurrunbiloan sartzen zarenean, ingurura begiratu eta lagunik gabe zabiltzala konturatzen zara; arrebarekin berak kulpik izan gabe liskarrean, eta abar. Golpetik hartu nuen erabakia, eta Ameriketara joan nintzen artzai».

Bakardadea

«Ameriketan badira familiaren inongo berririk izan gabe bakardadean hil diren artzainak».

Elizondon egiten zituzten garai hartan paperak. Horrela, euskaldunak hiru urteko lan hitzarmenarekin joaten ziren Ameriketara, artzai. Dena lotuta izaten zuten, beraz. Pattarras Fresnora eraman zuten, Kaliforniara. Iritsi orduko, gauez, lanean jarri zuten: «Ardiak ikusiak nituen Ibarran, baina urrutira, eta gehienez 50 bat edo. Hara iritsi orduko ardiak zeuden lekura eraman ninduten. Iluna zenez ez nuen ezer asko ikusi, baina argia atera zenean… han ikusi nituen 2.500 buru zelaian zabaltzen; Ibarrako herria ematen zuen. 'Zer egin behar diat hemen nik?', galdetu nion nire buruari».

Pattarras-ek segidan ikasi zuen ardien gobernua, ia bere osotasunean, zakurrek eramaten zutela. Beraz, bere lana zakurrak ezagutzea izan zen lehen egun haietan. 5x3ko karabana batean egiten zuen lo landaren erdian, eta bertan pasatzen zituen egunak, asteak eta hilabeteak. Sarri, inor ikusteko edo inorekin hitz egiteko aukerarik gabe. «Lehen Eguberriak iritsi zirenean, negarra besterik ez nuen egiten. Nire buruari ea nora joan nintzen galdetuz». Elustondok ohitura berri bat hartu zuen Fresnon: gutunak idaztearena. «Idatzi eta idatzi ibiltzen nintzen, eta ohitura hori urte hauetan guztietan mantendu dut». Oraindik horrela jarraitzen du, gainera, urtero lagunei eta senideei gutunak bidaliz.

Pattarras-en nagusia jatorriz Ipar Euskal Herrikoa zen. Hark bere aginduetara hainbat langile zituen, eta horien artean zegoen ibartarra. Bien arteko harremana ez zen ona izan, eta hiru urteren buruan, eten egin zen. «Paperak lortuko nituela esan zidan», dio Elustondok, baina hiru urteren bueltan galdezka hasi zenean, nagusiaren hitza hutsean gelditu zela ikusi zuen. «Beste langileek paperen kontua gezurra zela esan zidaten, eta orduan, berarekin ez jarraitzea erabaki nuen lan hitzarmena amaitu zenean». Zorte txarra izan zuen, ordea. Lana bukatu orduko inmigraziokoek harrapatu, hegazkinean sartu, eta berriro etxerako bidean jarri zuten. 1981ean berriro Ibarran zen Pattarras. «Eta berriro betiko martxan. Ekarri nuen diru guztia gastatu nuen hilabete gutxian». Jexux Mari Ozaitak ongi gogoratzen du lagunaren itzulera hori: «Diru askorekin etorri zen, dolarra oso altu baitzegoen orduan. Gastatu ere horrela egin zuen».

Bere burua berriro «zulo berdinean» ikusirik, berriro Elizondora joan zen Pattarras. Fresnon beste nagusi batekin harremanak egin zituen, eta harentzat lan egitera joan zen bigarren saiakeran. Ia hamarkada bat egon zen nagusi berriarekin, «inongo arazorik gabe». Artzai izateari utzi ostean, denetik egitea tokatu zitzaion Elustondori: komunak eta bulegoak garbitzen, lorezain bezala… hamaika ogibidetan ibili ondoren, oiloen etxalde batean amaitu zuen bere lan ibilbide luzea.

Gaur egun Euskal Herritik ia inor ez da Ameriketara artzai joaten. Soldatak asko jaitsi dira, nahiz eta lehen ere ez ziren oso altuak. «Bi dolar eta 80 zentimo ordaintzen zidaten ordua. Non gastatu handirik ez zen izaten, ordea. Janaria astean behin edo bitan ekartzen ziguten, eta hortik aurrera, bakardadea besterik ez genuen izaten. Denbora batean zure buruarekin bakarrik egotea ondo dago, baina hilabeteak bihurtzen direnean, txarra izaten da; buruari buelta gehiegi ematen hasten baitzara», dio Elustondok.

Bakardadea eta beldurra. Izan ere, landa amaigabeetan arima handirik ez zen ibiltzen. Eta ibiltzen ziren arimak ilunak izan zitezkeen. Nagusiak artzaiei errifleak ematen zizkiela kontatzen du ibartarrak, eta aholku bat: «Tiroa ez bota hanketara; hiltzera bota». Behin izan zuen aholkua praktikan jartzeko aukera Elustondok, baina erreakzionatzerako gainean zituen: «Afaria egiten ari nintzen, eta karabanan kea zegoenez, atea zabalik nuen. Zakurrek ere ez zuten zaunkarik egin. Konturatzerako bost gizaseme nituen karabana barruan. Nagusiak kamioia utzi zuen inguruan, hurrengo egunean ardiak beste leku batera eraman behar baikenituen. Kamioiaren giltzak nahi zituzten. 'Pentsatuko duzuen bezala, ni ez naiz nagusia' esan nien. Tontoa ez izateko esan zidaten, 'gauzak onera edo txarrera' egiten zirela gogoratuz. Giltzak eman nizkienean, karabanatik atera eta aurrera joateko esan zidaten. Gauaren erdian, bostak atzean nituela… Dena bukatu zela pentsatu nuen, 'Antxon, honeraino iritsi haiz!'. Galtzetan pixa egin nuela gogoratzen dut. Joan zirenean, manta hartu eta artaldera joan nintzen ardien artean gaua pasatzera».

Aberatsa eta pobrea

«Gauza onak eta txarrak nik uste handik etortzen direla hona».



Antxon Elustondo Urruzola 1984an itzuli zen Ibarrara. Hiru egun egin zituen herrian, eta ia ezertarako ez zuen tarterik izan. Politikak herrian eragin zuen zatiketa, ordea, argi ikusi zuen. Tabernan topatu zituen lagunak, baina bakoitza mahai batean. Mahairen bat aukeratu beharko zutela ere esan zioten. Orduko bidaiatik argazki horrekin joan zen.


Elustondo 1986an ezkondu zen Fresnon. Emaztea mexikar jatorrikoa duenez, berarekin gazteleraz hitz egiten du. Ingelesa ez du asko erabiltzen, eta euskara, gutxiago: «Gertuen dudan Euskal Etxea San Frantziskokoa da. Urrun. Euskaraz ez ahazteko nire buruarekin aritzen naiz hitz egiten. Bertsoak, kantuak… edo etxera deitzen dudanean». Azken urteetan gauzak asko aldatu direla dio ibartarrak; «Kalifornian azken lau urteetan ez du euririk egin. Arazo larriak daude urarekin. Gero hona iritsi zen krisiak ere eragin nabarmena izan du. Nire ustez, gauz on eta txar guztiak lehendabizi han gertatzen dira, eta gero iristen dira hona. Etxe eta maileguen kontu horretan, ordea, bada desberdintasun bat; han etxea kentzen dizutenean, bankuarekin duzun zorra amaitu egiten da». Euskal artzaien lekua Hego Amerikako herritarrek hartu dutela dio Elustondok. Hori bai, euskaldunek oraindik nagusi papera egiten jarraitzen du. «Han hemen bezala, aberatsa aberats, eta pobrea pobre».

Pobrearen bidaiak amaiera data jakina izaten duen bezala, Antxon Elustondo Urruzola irailaren 4an itzuli zen Ameriketako Estatu Batuetara. Abuztuan, aspaldiko partez, herriko festetaz gozatzeko aukera izan zuen; senide eta lagunekin egotekoa; belaunaldi berriak ezagutzekoa, eta bere Ibarrak lehengo lekuan jarraitzen duela ikusi zuen; berak utzitako arrastoarekin batera. -

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!