Iñaki Mendibil: "Euskal Herria Eguna bilakaera prozesu batean dago"

Asier Imaz 2015ko ira. 10a, 07:10

Euskal Herria Eguna 2015 Agurainen ospatuko dute aurten, irailaren 12an, larunbatean. Aldaketak egongo dira, eta horiek, Iñaki Mendibil Ibarrako talde dinamizatzaileko kideak kontatu dizkio Tolosaldeko Atariari.

Lizarra eta Ibarraren arteko senidetzearekin hasi zen Euskal Herria Eguna, 2009an. Ondoren sartu ziren sarean Algorta, Baigorri eta besteak. Guztiak Agurainen elkartuko zarete larunbatean.

Bai eta ez. Euskal Herria Egunak orain arte herrien arteko senidetze bidez funtzionatu du, baina aurten, aldaketa bat emango da. Oraindik erabat zehaztu gabe daukagu ekimen honen norabidea, baina esan daiteke herrien senidetzetik aragoko zerbait bilakatuko dela Euskal Herria Eguna. Horrekin zera esan nahi dut: herri batekoa edo bestekoa izan, euskal herritar guztiak gonbidaturik daudela Aguraingo Euskal Herria Egunera.

Herrien arteko saretze hori eten egingo al duzue?

Ez, juxtu alderantziz. Senidetzeek aurrera jarraituko dute, baina lurralde bakoitzetik herri batekin senidetu beharrean, ez da mugarik egongo. Azken helburua, Euskal Herriko herri edo bailara guztiak senidetzea izango litzateke. Eta urteko egun jakin batean, guztiak herri jakin batean biltzea.

Hortik esku-orrietan jarri duzuen leloa: 'Ez jo aterik, ez dago mugarik'. 

Hori da. Erronka eta hitz handiak dira. Ongi ateratzen bada, gauza oso polita izango litzateke, eta ez bada aurrera joaten, saiatu ez garelako behintzat ez da izango. Ideia honen inguruan Lizarrakoekin, Aguraingoekin eta abar hitz egin dugu. Eta egia esan, teoria polita dela iruditzen zaigu. Orain pausoz pauso praktikan jartzea tokatzen zaigu.

Eta guztia, instituzio eta abarren laguntzarik gabe. 

Azpiegitura eta antzeko kontuetarako beti izaten da udal baten edo bestearen beharra. Gure aldetik, Ibarran, laguntza osoa izan dugu azken urteetan alde horretatik. Aurten ere hartu emanak izan ditugu, eta laguntzeko prest agertu dira, beraz, eskertzekoa da. Hala eta guztiz ere, azpimarratu nahiko genuke, horrelako ekimen batek zentzua izan dezan dezan, herritarren esku egon behar duela; inongo eta inoren itzalik gabe. Euskal Herria Egunak bide honetatik aurrera egingo badu, berme horrekin izango da.

Zergatik filosofia aldaketa hori?

Aldaketa baina gehiago bilakaera bat izan dela esango nuke nik. Indartsu eta ilusio handiarekin hasi zen Euskal Herria Eguna. Baina hasierako helburu haiek, elkarteak elkarteekin eta abar harremanak izatea, zaila bilakatu zen denborarekin, bi herriren arteko senidetzea herri gehiagoren artekoa bilakatu zelako. Egunak berak ere arrisku bat zuen: parranda egun bilakatzearena. Horren guztiaren jakitun, aurten krisi moduko bat izan dugu, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu indartsuago ateratzeko. Oraindik ere eztabaida asko geratzen zaizkigu, benetan Euskal Herria Eguna zer izatea nahi dugun zehazteko. Baina horretan gabiltza, eta guztion iritziak ongietorriak dira.

Bilakaerak bilakaera, parrandak bere tokia izango du Euskal Herria Egunean, ezta?

Bai.

Bai eta listo?

Bai. Puntu horrekin ez da jolasten. Parrandak bezala, festa giroak egon egin behar du. Kontua da, adin guztietako herritarrek ongi pasa behar dutela. Agurainen, adibidez, haurrek egun guztian zehar bere txokoa izango dute; helduagoek, herri bazkarian eta ekitaldi desberdinetan, hango giroaz eta Aguraingo kulturaz zer ikasia eta ikusia izango duten bezala. Puntu hauetan saiakera berezia egin da, Euskal Herria Eguna parrandaz gain, edukiz betetzeko.  

Aguraindarrek lana fin egin dutela nabaria da, egitaraua ikusita. 

Izugarria. Gauza bat egitaraua ikustea eta txalotzea da. Baina atzean egin dutena handia izan da, benetan. Hasieran Algortan egitekoa zen Euskal Herria Eguna 2015, baina ez zen posible izan. Zer egin pentsatzen ari ginela, euren burua aurkeztu zuten, eta hilabete gutxiren bueltan izugarrizko lana egin dute. Tartean abuztua zegoela kontuan hartuta, gainera. Herri batzarrean ere erantzun oso ona jaso zuten, eta izugarrizko ilusioarekin ari dira eguna prestatzen. Orain beste guztion lana eurei hutsik ez egitea da. Horregatik, Ibarra eta inguruetatik ahalik eta jende gehien mugitu nahi dugu. Alde batetik, Euskal Herria Eguna delako, eta bestetik, Aguraingoei egin duten lana eskertzeko.

Eta zein dira aurreikuspenak? 

Hor gabiltza mezua zabaldu eta zabaldu. Eta azken egunera arte horretan jarraituko dugu. Beraz, jendeak jakin badaki Agurainen ongietorriak izango direla.

Euskal Herria ezagutzeko euskal herritarrak ezagutu behar, ezta? 

Hori da. Euskal Herria hango eta hemengo txokoak bakarrik direla uste duenari, detaile bat ahazten zaiola uste dut. Detaile txiki hori, bertan lan eta bizi den jendea da. Ba pentsa zer den euskal herritar guzti horiek egun batean hitzordu bat izatea; horrenbeste famatzen dugun mapa polit horretako puntu batean. Haurrek elkarri arraro begiratuko diote, gero amari edo aitari esateko: "euskara arraroz hitz egiten zuen". Eta besteok, elkar hitz egiteko eta ezagutzeko aukera izango dugu. Nik uste hori ere badela Euskal Herria. Ezta?

 

Egitaraua eta hainbat ohar:
Irailak 12, larunbata
10:00. Lasterketarako izen ematea.
10:30. Lasterketa Dulantzi plazan.
11:00. Ongietorria, hamaiketakoa, Dulantzi plazan.
11:30. Kalejira Euskal Herria enparantzaraino, Jo Ta Fa eta Trikiti Taldea.
11:00-14:00 eta 17:00-19:30. Umeentzako gunea Euskal Herria Plazan.
13:00. Ekitaldia, dantzariak, bertsolariak... Andra Mari Plazan.
13:30. Kalejira Alde Zaharrean.
15:00. Herri bazkaria.
16:30. Kantaldia bazkalostean.
18:00. Herrien arteko erronka.
21:00. Kontzertuak Sakatu Elektrotxaranga eta Kaxianoren alabak taldeen eskutik.

Oharrak:
• Agurainera joateko, Ibarrako plazan 09:00etan geratu dira. Euren aldetik joaten direnentzat, 10:30ean Agurainen.
• Bazkariko txartelak Ibarrako Sendi Ekintza eta Atari Tabernetan daude.
• Lo egiteko lekua egongo da Agurainen, esterila eta zakua eramatea gomendatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!