Kide batek hitz egin du festa batzordearen izenean eta argitu duenez "2008ko ekainean egindako bilera batean erabaki zen zein talde eta elkartek botako zuten txupinazoa ondorengo urteetan, 2024ra bitartean".
Gaur goizean bertan bidali dio informazio hori Ibarrako Udalak EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiari. Mikel Agirrezabala alkateak berak ere hitz egin du telefonoz Juan Calparsororekin eta hark esan dio fiskaltzan ez zutela erabakirik hartuko eguerdia baino lehen. Hala ere, suziririk ez botatzeko aholkatu dio fiskal nagusiak alkateari. 11:40ean, ordea, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren abisua iritsi da udalera eta txupinazoa bertan behera uzteko eskaera egin du bertan, behin behineko neurri gisa.
Horren guztiaren aurrean, festa batzordeak salatu du, Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak herri honekiko agertzen duen jarduera "inposatzailea eta murriztailea" dela. Bestalde, "herri honek bere erara antolatzeko daukan eskubidearen aurkako beste eraso bat da", festa batzordearen ustez, "Urkijoren azken ekintza hau".
Festa batzordeak gaur goizeko agerraldian adierazi du maitasuna eta elkartasuna ez direla delitu, "ezta ere maitasun eta elkartasuna adierazten duten horiei leku bat egin izana Ibarrako festetako programan". Horregatik, aurtengo San Bartolometan parte hartzen dutenei eskatu diete, "aukera duten guztietan salatzeko Urkijoren azken eraso hau".
Txalo artean bukatu da Ibarrako plazan egin duten agerraldi jendetsua eta festa batzordeko kideek esan dutenez "Urkijok giroa ozpindu nahi izan du, baina ez dute lortuko ibartarrek festarako erakutsi ohi duten giroa eta grina zapuztea".
Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak esan duenez, "festak hasteko era sinbolikoa da txupinazoa eta mehatxupean ez dugu egitea lortu; hala ere, oraindik ere bost egun ditugu festarako, ekitaldi ugari daude eta bertan gozatzeko asmoz gaude".
Ibarrako jai egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko banderola agertzeagatik ere jarri du salaketa Carlos Urkijo, Espainiako gobernuaren ordezkariak. Hau da, Carlos Urkijoren idatzia, Ibarrako jaietako txupinazoa debekatzeko eskatuz:
EH Bilduren balorazioa
EH Bildu koalizioak Ibarran gertatutakoaren harira, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jokabidea salatu nahi izan du ohar baten bidez: "beste behin, PPk Gobernuaren Ordezkariaren figura erabiltzen du Euskal Herriko eszenatoki politikoan eragiteko. PPk hautestontzietan lortzen ez duena beste era batean lortzen saiatu nahi du". Gaur Ibarran gobernu ordezkariak agertu duen jokabidearen atzean PPren ideologia "antidemokratikoa eta inposatzailea" dagoela nabarmendu du koalizio abertzaleak.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek, aurtengo martxoan ospatutako osoko bilkuran, Espainiako Gobernuak Erkidegoan duen ordezkaria gaitzetsi eta figura horren desagerpena eskatu zuen. Eskaera hori gogora ekartzearekin batera, EH Bilduk azpimarratu du, soilik euskararen arlokoak zenbatuta, Urkijok 900 helegite jarri dituela euskal erakundeen aurka.
Etxeraten arbuioa
Etxerat elkarteak azken orduetan Ibarran eman diren gertakarien inguruan bere iritzia plazaratu du. "Beste behin, agerian geratu da figura honek gure herrialdearen errealitatearen berririk ez izateaz gain, euskal errepresaliatuen senideen aurkako jarrera beligerantea duela", esan du Etxeratek. Gainera, nabarmendu du, "sorgin ehiza batekin jarraitzea beste ardurarik ez duen figura horrek, entzungorrarena egiten jarraitzen du, mendekua besterik nahi ez duten zenbait kolektibok markatutako ildoak jarraituta".
Bere ibilbide-orri egiten ari den jarrera arduragabe horrekin, gatazkaren konponbidearen aurka egiten ari dela gogorarazi dio Etxeratek Urkijori, "zein da bere funtzioa? Non geratzen da bake agertoki batekin beharko lukeen bere ardura? Zein dira bere jarrera eta ekarpenak?"
Zentzu horretan, Araban, Bizkain eta Gipuzkoan Espainiako gobernuaren ordezkariak euskal presoen multzoaren aurka mantentzen duen jokabidea ikusirik, "errealitatearen aurrean zentzua galdu duela dirudien figura honen aurkako jarrera eskatzen diegu erakundeei, eta EH Bilduk atzo ordezkaritza horren ezabatzea exijitzen zuen eskakizunarekin bat egiten dugu".
Azkenik, euskal presoen senideen elkarteak elkartasuna adierazi dio Ibarrako Udalari, "gobernu ordezkariak Estatuko abokatuei bere aurkako errekurtso bat jartzeko agindua eman duelako".